www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CIV. KAPITULUA

Salomonen yuiamendua

3. Erreg. 3.

 

        Salomonek laster agertu zuen Jainkoaganik izan zuen zuhurtzia. Huna nola. Bi emazteki bizitze gaixtotakoek othoitztu zuten errege hura xuritzeaz bere arteko eskatima. Hetarik batek zion: elkharrekin eta etxe berean bizi ginelarik biak, erdi izan naiz seme batez, eta handik hirur egunen buruko, emazteki hori ere erdi izan da bertze seme batez; ordean itho du, gauaz, bere haurra; eraman darot neurea, ni lo nindatzala, eta ekharri bere haur hilla neure haur biziaren orde. Goiz alderat, dio emazteki berak, eman nahi izan diodanean bulharra ene haurrari, ediren dut hilla. Behatu diot artha handirekin, eta ezagutu dut etzela nere umea. Bertze emaztekia etzagon hitz-mutu: ukhatzen zituen bere lagunaren erran guziak: gezurtatzen zuen bere solas guzietan, eta zion harena zela bizi zen haurra, eta hilla haren lagunarena. Egiteko hau, berenez, itsua zen: etzen lekhukorik: gauza etxe bihotzean iragan zen, eta gauaren minean. Bazen Salomon bezain gizon zuhur baten beharra. Errege hark eman zuen, ordu hartan, erakutsterat hartaz errana dena, ezagutzen zituela, ez erroak eta arbolak bakharrik; bainan naturaleza guzia, bihotzaren sentimendurik gordeenak, eta ameen amudioa bere umeen alderat: erakharri zuen ezpata bat, eta eman sententzia bat harritzekoa ziruriena: huna nolakoa zen: batak dio bizi den haurra nerea da; bertzeak berriz harena dela: haur hori egin bedi bi zathi, eta bakotxak izan beza erdi bana. Itxurazko eta gezurrezko ama berehala erori zen hartarat; ordean egiazko ama izan zen guzia laztua, eta errekeritu zuen errege emateaz bere haurra, oso osoa, gaixtakeriaz eraman nahi zioenari. Ordean ikhusi zen ageriki nor zen egiazko ama, eta hark izan zuen haurra. Ederretsia izan zen Salomonen antze zuhurra. Israel guziak laudatu zuen erregeren prudentzia; eta ikhusirik haren baitan zatzala Jaunaren izpiritua, guziak errespektuz eta beldurrez betheak agertzen ziren haren alderat.

        Erran behar da etsaiak eskudantzia handia hartzen duela Jainkoaren beldurrik ez duteneen bihotzetan! Ama bat izan dadin bada aski lazoa, aski ondikozkoa ukho egiteko bere odolari, bizia eramateko bere ume bati! Zer itsuskeria! zer barbaria! Bekhatuak ez du desmasia gutiago egiten giriztinoen artean: zenbatak ez dire, bitartean, bere arimei yazartzen diotenak, bizia eramaten diotenak bere gaixtakeriez, eta artik-arazten dituztenak behin bethiko su lametarat! Zer lazotasun ahalkagarri! zer itsumendu auhendagarri!

 

aurrekoa hurrengoa