www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXXXI. KAPITULUA

Tobiak bista galtzen du.
Aingeru batek darama.
Ardietsten du bista

Tob. 2. 5. 11.

 

        Tobia saindua yudua zen, Neftaliko tributik atheratzen zen. Iskritura sainduak hartaz erraten daroku haurdanik prestua izan zela. Etzituen Jainko faltsoak adoratzen, populuak bezala. Ibiltzen zen Jerusalemerat bere sakrifizioak egiazko Jainkoari ofrendatzekotzat. Izan zuen seme bat Jainkoaren beldurrean altxatu zuena. Hori zitzaioen ere buraso baten lehenbiziko eginbidea. Bere prestutasun guziaren erdian, etzen izan guphidetsia. Salmanazar Asiriako erregeak eraman zuen gathibu Ninibarat, eta harekin batean haren emaztea eta Tobia haren ume gaztea ere bai. Gathibutasunak etzuen Tobia Jainkoaren bidetik batere urrundu. Jainkoak saristatu zuen haren leihaltasuna: izan-arazi zioen grazia Salmanazarenganik. Errege hunek utzi zuen Tobia ibiltzerat nahi zuen lekhu guzietarat. Gizon saindu hau lehiatu zen gathibuen kontsolatzerat. Ediren zuen hetarik bat Rajesko hirian, Gabelus deithzen zena, behar handitan. Eman ziotzan gizon hari, prestamuz, hamar talent erregek berari eman ziotzan dirutarik. Tobiak artha guzizko bat zuen hillen ehortzteko: hori zen gauza debekatu bat. Gaitzitu zitzaion erregeri Tobiak hauts zezan haren manua. Nahi izan zuen bulhuzi bere ontasunez, baita hil-arazi ere. Tobia gorde zen bere adiskideen etxetan. Errege hil izan zen handik sei asteren buruko: orduan Tobia agertu zen deuseren beldurrik gabe; eta etzen baratu ehortztetik, ohi bezala, hillen gorphutzak.

        Tobiak othuruntza handi hat ematen zuen aldi batez, erran zitzaioen yudu bat hil zela. Altxatu zen mahainetik gorphutz haren lurpean ematekotzat. Haren adiskide guziek errateko kausitu zuten orduko Tobiaren egiteko moldeaz; ordean erran ahal guziak alferretan ziren, etzuen hillik utzten ehortzi gabe; pareta baten aldean lo zatzala, erori zitzaion begitarat, xori ohatze batetatik, zenbeit likhitskeria bista guzia eraman ziotena. Atsekabe min hunek etzuen asaldatu Tobiaren deskantsua. Iduri zuen, sekulan izatekotz, ordu hartan behar zuela zenbeit kontsolamendu bere emazteaganik; etzuen bizkitartean harenganik ere izan burlarik eta idoyik baizen. Ordean zer pazientzia eder etzuen erakutsten gizon saindu hark gerthakari guzietan!

        Tobiak, hil baino lehen, erakharri zuen bereganat Tobia, bere seme gaztea. Eman ziotzan buraso Jainkotiar batek ume bati eman ahal diotzoken abisurik zuhurrenak eta ederrenak. Nola aita hark gauza guziak erregelatu nahi baitzituen ahalik hobekiena, erran zioen semeari bazuela hunen bertze diru Rajeseko hirian Gabelusen baitan, zohakola diru hura galdetzerat. Tobia gazteak hartu zituen bere burasoen abisu laudagarriak, ume on bati dagozkon sumetimendu eta errespektuarekin. Erran zioen aitari: ekharria naiz egiterat zuk manatzen darozkidatzun guziak. Ordean nola harturen naiz diru haren eskuratzekotzat? Gizon hark ez nau ezagutzen, ez nik ere hura; ez dakit, bertze alde, herri hetako bidea. Burasoak ihardetsi zioen: bilha zazu norbait harat, saritan, gidaturen zaituena.

        Tobia gaztea etzen hain lasler athera etxetik, non bathu baitzuen gizon gazte ungi egin bat, bideari lothu nahia ziruriena. Etzitzaion gogoratzen Tobia gazteari gizon gazte hura aingeru bat zela. Agur egin zioen ondoan, galdegin zion nongoa zen. Bertzeak ihardetsi zuen Israelgo umetarik zela. Bazinakike, erran zion Tobiak, Rajeseko bidea? Bai badakit, ihardetsi zuen aingeruak: ibilli naiz alde hetan, eta Gabelus gure anaiaren etxean ostatatzen nintzen. Tobiak erran zioen: zaude, othoi, aphur bat hemen: banoha yakintsun egiterat ene aita zure solasaz. Aita hark othoitz-arazi zuen gizon gaztea sartzeaz haren etxean. Sarthu zenean, egin zioen Tobiari bere salutantzia, eta erran zioen: bozkarioa izan bedi bethi zurekin. Tobiak ihardetsi zuen: zer bozkario duke ni bezala ilhunbetan den gizon zeruko argia ikhusten ez duenak? Izan ezazu, erran zioen gizon gazteak, gogoa on, Jainkoak artha daduka zutaz: laster sendaturen zaitu. Tobia zaharrak othoitztu zuen gizon gaztea gidatzeaz haren semea Gabelusenganat, agindu ere zion bere saria.

        Tobia gaztea eman zitzaion bideari. Oinen garbitzen han zela Tigreko urean, arrain izigarri bat athera nahi izan zen arribera hartarik haren iretsterat. Abiatu zen berehala oihuz. Aingeruak erran zioen: har ezazu arrain hori hegatsetarik, eta erakhar ur hegirat. Hala egin zuen, eta arrain hura hil zen han berean. Aingeruak gomendatu zioen Tobiari aldaratzeaz arrain haren bihotza, haren hera eta haren mina, erraten zioelarik: gauza horien beharra baduzu erremedio sendagarri batzuen egitekotzat. Gazitu zuten arrain haren zathi bat, eta yan izan zuten hartarik bere bidean.

        Handik zenbeit egunen buruan, hurbildu zirenean Rajeseko hirirat, Tobiak galdegin zion aingeruari zein etxetan nahi zen ostatatu. Aingeruak ihardetsi zuen: bada hemen gizon bat Ragel deithzen dena, zure tribukoa da eta zure ahaidea. Alaba bat badu Sara daritzona. Gizon haren ontasun guziak zuretzat behar dire. Behar zara haren alabarekin ezkondu. Galde diozozu haren aitari ezkontzan, eta emanen darotzu. Tobiak ihardetsi zuen: entzuna naiz izan dituela zazpi senhar, eta hil direla guziak. Gehiago dena: erran zait etsai gaixtoak hil izan dituela. Gauza bera gertha balakit, nola ume bakharra bainaiz, ene aitak baluke sekulako urrikia. Aingeruak erran zioen Tobiari: ez izan holako beldurrik. Etsai gaixtoak ezin egin diozokete gaixkirik xede onekin ezkontzen diren presuna Jainkotiarrei.

        Ragelek begitarte arrai bat egin zioten aingeruari eta Tobia gazteari. Aphain-arazi zuen othuruntza handi hat. Ordean Tobia etzen nahi izan yarri mahainean, non etzioen Ragelek ematen ezkontzan Sara bere alaba bakharra. Aita hari ezkontza hura ona zitzaion bere alabarentzat; ordean ethorkizunak izitzen zuen. Aingeruak erran zioen Jainkoak Tobiarentzat zadukala haren alaba; bertze senharrak hil zirela zeren ez baitziren gai izateko Sara bere emaztetzat. Erakharri zuten Sara, eta egin zen han berean ezkontza.

        Tobia onetsia eta arraiki ekharria zen Ragelen etxean; halarik ere, bethi gogoan zadukan bere aitarena; eta aingeruak nahiz harat hel-arazi lehen-bai-lehen, erran zioen ekharriren ziotzala Gabelusen diruak; eta Gabelus bera haren esteietan edirenen zela. Tobiaren burasoen bihotzak zaurthuak ziren damurik minenaz ez ikhusteaz bere semea. Urtzen hari ziren nigarretan; amak beregainki etzakien non zen; ezin kontsola zitekeien. Oi! ene seme maitea, zioen ama samur hark, damu gaixtorik, egorri zaitugula horren urrun. Zu zintugun gure begien argia, gure zahartasuneko laguntza, gure guzia. Etzinen behar gureganik hastandu. Denborak ditu ilkia zarela etxetik, eta etzara oraino ageri. Ama hark etzuen nihon sosegurik, bidez bide zabillan nahiz ikhusi bere semea nonbaitik ethortzen. Azkenean ikhusi zuen urrundanik bere ume maitea. Tobia gaztea, sarthu zeneko bere etxean, eman zen Jainkoa adoratzen aingeruaren abisuaren arabera. Egin zioen bere aitari salutantzia, eta gantzutu ziotzan begiak hartu zuen arrainaren minaz. Buraso prestu hark ardietsi zuen ordu berean begietako bista. Sara, Tobia gaztearen emaztea ethorri zen, handik zazpi egunen buruan, bere senharraganat. Tobia zaharrak entzun zituenean gizon gazte haren laudorioak, eta haren semeak harenganik izan zituen laguntza eta fagore guziak, nahi izan zuen saristatu haren karitatea, emanik Sarak ekharri zituen ontasun guzien erdia. Orduan aingeruak erran zioten beharrirat: benedika zazue zeruko Jainkoa gizon guzien aitzinean; ezen miserikordia egin darotzue. Munduko atsekabe eta gaitzetarik iragan behar zinen; ordean egorri nau Jainkoak zure sendatzerat, eta libratzerat Sara zure semearen emaztea etsai gaixtoaren menetik. Ezen Rafael aingerua naiz. Horrekin batean, suntsitu zen heien begietarik.

        Tobia eta haren etxeko guziak eman ziren ahuspez lurrean, eta benedikatu zuten Jainkoa. Tobia aita egon zen lau urthez itsutua; bazituen, hil zenean, ehun urthe iraganak. Utzi zuen seme bat bera bezain prestua.

 

aurrekoa hurrengoa