www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CXXXV. KAPITULUA

Matathiasen kharra.
Judas Makabeen garaia

 

        Antiokus erregeak hil-arazten zituen Juduak; odola zurrutan zohan Judeako eta inguru hetako hiri guzietan. Matathias aphez-handiak zaurthua zuen bere bihotza Jerusalemeren estatu auhendagarriaz. Hedatu zen Modin hirirat, eta emantzen nigarretan ikhusteaz bere populuaren zorigaitza, Jerusalem eroria etsaieen eskutarat, hiri hartako gauza sakratuak eramanak erresuma arrotzetarat eta gaixtaginen artean partituak. Matathias prestuak nahiagoko zuen galdu bizia, ezen ez ikhusi hauk guziak. Hautsi zituen bere soinekoak. Estali zen zakhu batez, eta urtzen zituen nigarrezko ibaiak. Bere atsekabearen auhendatzen hari zela, Antiokusek egorri zuen Modingo hirirat aitzindari bat erakhartzekotzat hango populua idolei sakrifikatzerat. Aitzindari hark egin zituen munduan egin ahalak nahiz Matathias eskuratu; ordean gizon saindu hunek ihardetsi zioen animorekin: Guziak ekharriak balire ere Antiokusen nahia egiterat, ez diogu obedituren, ez nik, ez eta ene umeek eta ene anaiek. Gure Jainkoa da bakharra adoratuko duguna.

        Matathias horrela mintzo zela, agertu zen yudu bat idolei sakrifikatzerat heldu zena. Aphez-handi haren bihotzak gaindi egin zuen damuz. Sustatu zen Jainkoaren alderako kharraz, hil zuen, han berean, yudu idolatre hura eta hura sakrifikatzerat behartu zuen, eta erregek egorria zen aitzindaria. Athera zen gero hiri hartarik oihu egiten zuela: yarraik bekizkit Jainkoarenganat leihal direnak: egin zuen ihes menditarat bere bortz umeekin, zeinak baitziren Joanes, Simon, Judas Makabee deithua, Eleazar eta Jonathas. Yudu animotsuenak eta Jainkoaren legeari gehienik emanak yarraiki zitzaizkon Matathiaseri. Egin zen hek guziez armada bat. Zehatu eta khendu zituzten idolatreak, desegin zituzten aldare profanoak eta zirkunzisatu zeremonia hartarik iraganak etziren haurrak. Jainkoak benedikatu zituen heien armak.

        Handik laster, Matathias eritu zen. Ikhusi zuenean hurbiltzen zitzaiola azken orena, bere umei erran zioten: urgilleria eta gaixtakeria nausitzen hari dire. Zuen fedea ez bedi kordoka: zaudete bethi leihal Jainkoaren alderat, ez izan gaixtaginaren beldurrik. Haren mundu huntako ohorea khearen pare da: egun altxatzen da, eta bihar lurpean sarthua daite, harren bazka egina. Arma zaitezte, ene haur maiteak, animo saindu batez, eta guduka zaitezte khartsuki. Simon zuen anaia buru onetakoa da. Baliaturen zaitzue aitatzat, yarraik zakizkote haren erranei: Judas Makabeek har beza zuen tropeen aitzindaritasuna: erakhar ezatzue zuengana legea begiratzen dutenak. Matathiasek hitz hauk erran zituenean, benedikatu zituen bere umeak, eta artiki zuen azken hatsa.

        Judas Makabeek bildu zituen Jainkoaren alderat leihal egon zirenak, eta egin zuen hek guziez sei milla gizonetako armada bat. Haren lehenbiziko lana izan zen Jainkoa othoitztea arren arraiki beha ziozon bere populuari, izan zezan urrikalmendu bere tenpluaz eta hiri sainduaz, entzun zezan hobenik gabe hillak izan zirenen odolaren oihua, eta orhoit zadin haren izen sainduari egin zitzaizkon idoiez. Orduan Jainkoaren haserradura izan zen itzulia miserikordiarat. Judas Makabee agertu zen ezin erranezko animoarekin. Ikharan zaduzkan bazter guziak. Aurkhitzen zen Judako hiritan, khentzen zituen hetarik gaixtaginak, xehakatzen zituen aitzinerat heldu zitzaizkon etsaiak, eta haren animoaren ospea hedatzen zen lekhu guzietarat.

        Apollonius, Samaria hiriko gobernadorea, athera zitzaion armada handi baten buruan. Judasek laster garaitu zuen. Hil zuen, eta hartu haren ezpata, zeinetaz baliatu baitzen geroztik gudu guzietan.

        Seron, Siriako erregeren armadako aitzindaria, nahi izan zen seinalatu Judas garaiturik. Abiatu zen ezin erran bezanbat tropeekin yuduen ondoan, hurbildu ere zen heien erresumarat. Judasek etzuen arren gizon guti baizik, athera zitzaion biderat; ordean haren armada ttipiak ikhusi zituenean etsai hek guziak, izitu zen, eta erran zioen bere buruzagiari: nola guduka gaitezke armada handi eta borthitz baten kontra? Judasek ihardetsi zioten armada xumenak garai dezake handiena, Jainkoarentzat orobat errex da garaia ematea gutiei nola hainitzei. Zerutik heldu da indar guzia. Siriarrak hemen ditugu supherki ethorriak gure hiltzerat, gure emazteekin eta gure umeekin batean, yabetzekotzat ditugun guziez; ordean gu, gudukatzen gara bakharrik gure bizien eta gure legearen begiratzekotzat. Ez izan deuseren beldurrik: nausituren gara gure etsaiez. Hunela mintzatu ondoan, erori zen Siriarren armadaren gainerat, hetarik izan ziren zortzi ehun gizon hillak, eta bertze guziak eman zitzaizkon ihesari.

        Judasek zaramatzan biktorien berria hedatu zen Antiokusen beharritarat. Printze hunek, bekaxturik, hartu zituen bere tresorak, eta bildu bere erresumako hurren gizon guziak Makabeeri gudu ematekotzat. Ptolemee, Doriminiren semea, Nikanor eta Gorjias, erran nahi da, Antiokusen gerla gizon famatuenak izan ziren manatuak Judearat heltzeko yuduei yazartzekotzat. Armada handi hark eman zuen, hastean, izialdura Judas Makabeeri zarraizkon gizon bakharretan. Munduak huntaraino zadukan Antiokusentzat garaitia, non heldu baitziren, alde guzietarik, merkatariak yuduen erosterat, gathibu eginak izan balire bezala. Judasen animoak altxarazi zituen haren yende aphurren bihotzak. Erakharri zituen ezartzerat Jainkoa baitan bere fidantzia guzia. Orhoit-arazi zituen Jainkoak heien arbasoei egin izan ziotzaten laguntza miragarriez, guziz, hil-arazi zituenean ehun eta lauetan hogoi eta bortz milla gizon Senakeriben denboran.

        Judasen hitzek suslatu zituzten yuduak, eta ordutik ekharriak ziren bere bizien sakrifikatzerat bere legearen eta bere herrien begiratzekotzat. Eman zen gudua: eta Judas Makabee garaitiar gelditu zen. Denborarik batere galdu gabe, aitzindari prestu hunek eskerrak bihurtu ziotzon Jainkoari egin ziotzon fagore seinalatuez.

        Garaitia aiphatu ditugunetarik lekhora, Judasen eta haren anaieen lehenbiziko artha izan zen garbitzea eta erreberritzea Jaunaren tenplua. Aurkhitu zuten lekhu saindu hura azpikoaz gora itzulia, aldarea profanatua, atheak erreak, aphezen egoitzak osoki deseginak. Ikhusgarri doloragarri hark zaurthu zituen damurik minenaz haurride heien bihotzak. Estali zituzten bere buruak hautsez, isuri zituzten nigarrik kharatsenak, eman ziren ahuspez lurrean, eta othoitztu zuten Jainkoa begira zetzan erortzetik leheneko gaixki beretarat, eta hei arinkiago yazartzeaz aski esker gabeak balin baziren haren berritan ofentsatzekotzat.

        Judasek berezi zituen aphez notharik gabeak, eta Jaunaren legea leihalki begiratuko zutenak. Tenplua izan zen erreberritua, idolatren sakrifizioentzat baliatu zen aldarea lurrerat artikia, eta eragin zuten bertze bat Jainkoari konsekratu zitzaiona lehenbiziko aldarea profanatu zen egun berean. Konsekrazione hura egin izan zen allegrantziazko kanta, eta musikako soinu eder guzien erdian.

 

aurrekoa hurrengoa