www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIII. KAPITULUA

Abrahamek libratzen du Lot

Gen. 14.

 

        Lot Abrahamganik hastandu zenetik lauster, agertu zen Abrahamek etzuela hastartze hura aiphatu amodio eskasez; berriz, Lot, zuhurtzia gutiegiekin eman zela hartan. Lau erregeek bat eginik, gogorki tratatu izan zituzten Sodomeren ingurutako herriak. Beraz, Sodomeko eta bertze lau hiri hurbileko erregeak orobat elkharrekin eman ziren, printze hei buru egireko, eta heien desegiteko. Ordean bortz erregeak izan ziren zehatuak bertze lau hetaz, eta Sodomeko erregea eman zitzaion ihesari bere bertze lau laguneekin batean. Lau erregeek ikhusi zutenean garaitiar zirela sarthu ziren Sodoman; eraman zituzten hango ontasunak, eta bertze gathibuen baltsan, hartu izan zuten Lot zituen guziekin. Gudu hartarik itzuri zen gizon bat hedatu zen berri horiekin Abrahamganat.. Osaba hau ukitua izan zen, bihotzaren zolaraino, bere illobaren zorigaitzaz. Etzen ordean trikatu nigarretan; ordu beretik, gogoan zarabillan nola libra zezakeien Lot etsaien eskutarik. Hartu zituen hirur ehun eta hemezortzi zituen zerbitzari animotsuenetarik, eta yarraiki zitzaien lau errege hei. Jainkoak benedikatu zuen karitateaz berak bitz-arazten zuen gudua Patriarka saindu haren baitan, zeinak ematen baitzuen erakusterat bere tropeen indarretan baino. Jainkoa baitan gehiago kondatzen zuela. Hain mundu gutirekin, baratu zuen lau errege garaitiarren abiadura, eta egin zuen berak, bortz erregeek, elkharrekin emanik, ezin egin izan zutena. Erorizen zituen bakharrekin heien gainerat; desegin zituen, eman zathitan, eta yarraiki zitzaien hainitz urrun, bere bizia begiratu nahiz, ihes zohazenei. Hunela Abrahamek athera zuen Lot etsaien eskutarik, hartu ziotzoten gauza guziekin. Sodomeko erregea yakintsun egin zenean halako akzione lorioz batez, yoan zitzaion Abrahami bere atsegina erakutsterat. Ordu hartan, agertu zen Melkisedek, gizon bain ospe handitakoa, iskritura sainduak guziz Goraen apheza deithzen duena, zeinak ordu berean, ofrendatu baitzituen ogia eta arnoa, figuratzen, edo erran nahi zutenak, elizako aita guzien arabera, elizaren sakrifizioa, ez Aaronen, bainan Melkisedeken ordenaren araberako egiazko aphezak fundatu behar zuena mendeen akhabantzarainokoan. Ondoan, Melkisedekek benedikatu zuen Abraham, eta eman ziotzan eskerrak Jainkoari zeren libratu ziotzan haren etsaiak eskutarat. Iduri zuen Abrahamek etzuela bertze deuseren eskasik ohorearen eta loriaren partetik. Erregek nahi izan zuen borxatu Abraham hartzerat beretzat, handik athera gabe, etsaiei harturikako ontasun guziak, zuzenez harenak zirelakotzat. Etzen ordean hartan erran Abraham jenerosa; egin ere zuen yuramentu etzuela deusik harturen etsaien gauzetarik. Nihork lurraren gainean erran etzezan Abraham aberatstu zuela.

        San Anbrosiok erraten du Abrahamek ohore oraino gehiago izan zuela bere garaitziaz baliatzeko moldeaz, ezen-ez garaitziaz beraz. Irakhatsi diote Kristau guziei karitate bakharrak erakharri behar dituela gudukatzerat; bertzen atsekabetan sarthu behar dela bere bizia hirriskatzerainokoan bere anaieena begiratzekotzat. Abrahamek irakhatsten daroku oraino Jainkoa baliatzen balin bada gutaz gauzarik handienetan, eta manerarik miragarrienean, bertzeak libratzekotzat gathetarik, ez dugula orduan ere, buruphez iguriki behar, mundu huntan bertze gollardorik, baizen Jainkoaren aldera leihal izatetik heldu zaikun ohore bakharra, gutaz baliatu nahi denean bere xede sainduen bethetzekotzat.

 

aurrekoa hurrengoa