www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II. KAPITULUA

Gizona ezarria da lurreko Parabisuan.
Emaztea kreatzen da

Genes. 1.

 

        Jainkoak athera zituenean ez deusetarik zerua, lurra eta itsasoa, eta egin zuenean gizona, bere iduriko, ematekotzat nausi bat munduari, ezarri zuen nahikara eta delizio guzien parabisuan: hartan kausitzen ziren begiari eta gostuari atsegin egin ziozoketen guziak: Parabisu haren erdian zatzan arbola bat, biziaren arbola zaritzona; berriz bertze bat, ungiaren eta gaitzkiaren yakintasunaren arbola deithua zena.

        Jainkoak, dio iskribu sainduak, nahi zuen gizona okupa zadin parabisu hartan, eta izan zezan hartaz artha; hortik beretik ematen zaroen bidea seinalatzekotz bere leihaltasuna, eta erakutstekotz bere biziaren autorari, atsegin zuela haren azpiko izatea, eta haren ezagutzea bere yabe soberanotzat. Jainkoak nahi zuen beraz gizonak aithor zezan zituen guziak, harenganik zaduzkala. Horra ere zergatik egin zioen manu bat, guzia zuzena, bere funtsean, eta hainitz errexki bethe zitekena: Yan ezazu, erran zioen, parabisu huntako arbola guzietako fruitutarik; begira ordean uki ungiaren eta gaitzkiaren ezagutzaren arbolan, ezen hillen zara ukituko duzun ordu beretik. Ondoan. erakharri zituen Adamen aitzinerat kreatu zituen aliamalia guztiak, zeini bere izena emateko. Adamek deithu zituen, bat bederari zagokon izenaz.

        Nola Adame oraino bakharra kausitzen baitzen, bere araberako lagunik gabe, Jainkoak egorri zioen lo bat, zeina iskritura sainduak deithzen baidu extasia; eta lo hartan zatzala, athera zuen haren hezur bat, eta bethe haragiz hark zadukan lekhua. Jainkoak egin zuenean emaztea Adameri atherarikako hezur hartaz, erakharri zuen haren begierarat. Adamek ikusi zuenean Eba, erran zuen haren hezurren hezurra, eta haragiaren haragia zela; eta ethorkizunerat gizonak utzi beharko zituela bethi bere aita eta bere ama yosia izatekotzat bere emaztearekin, eta etzirela biak izanen haragi bera baizik.

        Jainkoak eman du ageriki ezagutzerat lehenbiziko gizonean gerorat Jesu-Kristo baitan gerthaturen zena; ezen, elizako aiteen arabera., Adameren lo hark ematen daroku begietarat salbatzaillea gurutzean guregatik ezarria: Haren sahets idekitik athera ziren urean eta odolean hartzen dute sakramenduek bere ethorkia. Erran daite Jesu-Kristoz, utzi izan zuela, nolazbait ere, bere Aita zeruan, yautstekotzat lurraren gainerat menderen mende bat izatekotz eliza bere espos sainduarekin, batasun salbagarri haren ariaz gara ohoratuak Jainkoaren ume izateko titulu ederraz. Egia guziarekin erraten du Jesu-Kristok bere elizaz, Adamek Ebaz erran zuena: Horra ene haragiaren haragia; eta ene hezurren hezurra.

 

aurrekoa hurrengoa