www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamen zaharreko historioa
Bernard Larregi
1775-1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Lehenbicico liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1775.

Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

L. KAPITULUA

Urrezko kandelera

Exod. 25.

 

        Gauza guziak ziren miragarriak Jainkoak bere ohoretan, eragin zuen tabernaklean. Guziarekin erran daite han gehienik distiatzen zuena, zela urrezko kandelera. Jainkoak berak irakhatsi zuen nola behar zen izan egina. Behar zituen sei gidar, birazka ilkhiko zirenak hek zaduzkan zuraren bi basterretarik: zura bera behar zen baliatu zazpigarren gidartzat. Gidar hek guziak edertuak ziren, elkharri, antze miragarri batekin zatxeizkon, sagar ttipiz eta lore bereziez. Zazpi gidar heien azpian Jainkoak eman-arazi zituen zazpi lanpa, orobat urre garbienaz eginak, eta manatu zuen populuak artha izan zezan ofrendatzekotzat tenpluan lanpa hetako azitun edo olib-olio den hoberenetik. Aphez-handia zen bakharra hek biztu behar zituena argi zezatentzat, gau guzian, tabernaklean. Zazpi lanpa misterios hek aria handi bat dute Apokalipsean ikhusten denarekin. Irakhurtzen da liburu saindu hartan, Jesu-Kristok, lorioski zerurat higan eta, atseginekin erraten duela, zazpi lanpen erdian datzala. Lanpa hek dire, haren erranaren arabera, elizak eta elizetako buruzagiak.

        Jainkoak, lege zaharrean berean, erakutsten zuen nolakoak beharko ziren lege berriko ministroak. Berei erran daroe biztu izan dituela lanpak bezala, ez gorderik egoteko lekhu ilhunean, bainan bai etxean argitzeko. Nahi du lanpa hauk izan daiten biztuak eta distiantak: horrek erran nahi du, Jaun-doni Batistaren arabera, aphezek behar dutela bere dignitate errespektagarria distiarazi gizonen begietan, heien bihotzak sustatzen dituen Jainkoarenganako amodio egiazko batez: Izpiritu sainduak behin biztuz geroz, bere su salbagarriaz heien barneak, ez dute utzi behar zeruko su dohatsu hura behinere iraungitzerat, oraino gutiago hiltzerat, gizonek zer nahi egin ahal dezaketeien hortakotzat. Munduak, dio san Paulinek, lakhet du azpikoaz gora itzultzea probidentziaren arrimu zuhurra; asko aldiz, ezartzen ditu kandeleraren gainean lanpa kherik baizen ez dutenak, eta gordetzen ditu gaitzeruaren azpian lanpa biztu eta argi eder bat hedatzen dutenak, eta bertzeak ere bitz-araz detzaketenak. San Gregoriok ere ederretsi du kandelera miragarri hura. Obra haren solidotasunetik hartzen du elizako artzain guziek izan behar dutela fermutasun saindu hat, eta atzarriak egon behar dutela beldurrez Jainkoak aldara dezan heien kandelera bere lekhutik. Mehatxu hau bera, irakurtzen da Apokalipsean, egin zioela bertze orduz, aphezpiku bati. Elizako artzainek ezin dukete fermutasun hura Jesu-Kristoganik baizen. Hura da guzizko harroina: hari datxeizko gidar eta aldaska guziak: Ezin dukete bere baitarik, iraupenik batere: salbatzailleaganik behar dute bere indar guzia. Arimeen artzainek, Jesu-Kristori balin badatxeizko, ez dute, dio san Gregorio berak, zeren izan deuseren beldurrik. Munduak, egia da, asko egin dezake heien barneko su saindua iraungitzekotzat; ordean haren egin ahal guziak alfer izanen dire: Jainkoak ezarri dituen bezala bere elizan, lanpa batzuen pare, bertzeen argitzekotzat, hark berak orobat borthitzturen ditu bere grazia sainduaz, eta izanen dire fermu eta tieso Jaunaren etxean, munduko asaldura guzien erdian.

 

aurrekoa hurrengoa