www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUÑEKO BERRIAK

 

        Bihotzmin handiarekin yakin ditugu zer izigarriko desmasi eta eriotzak xahutu dituen Abontauban aldeko eskualdean uholde gaitzak. Eztakigu nola erran zer pena sartu zaizkigun arimaren erroraino gaixo yende dohakabearentzat.

        Hemen ere urhandiak Iruñeko Arrotxapeko auzoan bazter guziak urak estali ditu eta ereman berekin baratziak, hiri guzia hazten dituenak, eta familia ainitzek galtze handiak ukhan dituzte; sasoin hoberenian dena suntsiturik.

        Urthe guziez bezala Orriagako mendian elhur erauntsiek bere lana egin dute, erregebidea haundizki estalirik, eta Auritzetik Doniane Garaziraino doan autobusa ilhabete batez egon da ezin pasatuz, eta anhartean Luzaiderrak zoko behere hartan bethi beha hea noiz Otsobizkar kaskoko elhurra urthuko zen, bere yauntzi xuriaz kukutia. Ez balute negian Donianeko bidea haizu nola bizi erreka hartan? Bainan irinak, arnoak eta bizigailu beharrenak Iruñetik ekarri behar, eta bidea ardura hesten negu borthitzetan.

        Luzaideko Eskualduna-ren berrikaria khexu zen ustez herriak saldu dituen phago zuhaitzak mendi osoa buluziko zituenez eta bere ondorio gaitzez euri haundik bidea haizu dutelarik, trabarik gabe mendi behera kurritzeko. Ez da holakorik gerthatuko zeren eta oihana ez dute erroz xahutuko.

        Nafarrako legeek debekatzen dute, Conseil-eko ontasunak direlarik, eta azkarki punitzen xuxen ez balinbadira ibiltzen. Hor dabiltza mendizainak mendiz mendi oihanen beiratzeko eta herriek, Conseil General baimenarekin aitzinetik, behar dituzte moztu mendizainak markhatzen dituenak bere burdinarekin. Bertzenaz amanda gogorra dute. Erran gabe doa zuhaitz zaharrenak mozten dituztela; hots mendi garbitze bat gazteen ontasunarentzat.

        Hola egin daitela Luzaiden ere, bertzenaz noizbait ohartuko dire, bana berantegi, zer kalte gaitzak ekhartzen dituen herriari mendiren buluztiak. Nun da oihanen edertasuna bezalakorik? Eta zer onek, zer sosketa ez ditu emaiten herriari. Nafarroan hamabost urthe hotan egin dituzte lau ehun eskola eta gehienetan nundik atera herriek sosa? Oihanetarik. Nafarroak bere legeak baititu, autonomie deitzen dena, eskolak ea erregebideak guhauk egiten ditugu Gobernamenduak ardit bat gastatu gabe. Beira ba eta artha-untsa ontasun eder hori.

        Hemen ere baditugu ba bi zangodun asto pulloak zuhaitzen etsai gorrienak direnak eta landa mehe batzu ikhusten dituztelarik erregebide sahetsian berriki landatuak heiekin zaharo pollit bat egiten dituztenak, pidaia goxoki egiteko edo aberiaren tritzikatzeko.

        Bainan nor da egiazko aberia? Nik uste xutik doana. Horier, horier, ez zaharoño batekin, bainan bizkarrian haga lodi batekin.

 

(Eskualduna, 1930/3/21)

 

aurrekoa hurrengoa