www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

NAHAS-MAHAS

 

        Baxenabarre eskualdun

        Baiona'ko «Eskualduna»n «Ausarta» idazle biphilak emaiten dauzkigu xeheki astekari horren hedaduraren berriak, eta nun irakhurtzen den gehienik.

        Lehenbiziko herrunkan dugu Doniane-Garaziko eskualdea, 864 erosleekin. Eta Arnegi, hango Eskual-herri guziko herri bakhar bathian gehiago sartzen dena Eskualduna, yende arauka. Gora beraz Garaztarrak!!

        Garaztarra zen (Ehialarrekoa) Detxepare, eskuarazko lehen liburuaren egilea. Garazin (Donazaharren) sorthua da «Eskualduna» astekaria, Etxeverri, yauregiko nausiaren laguntzarekin, orai dela berrogoita zortzi urthe.

        «Ausarta» idazle (sic) harritzen da nola holako herri ttipian saltzen diren hainbeste «Eskualduna», eta erraiten du ez othe diren horietarik sartzen zonbait Luzaiden ere.

        Eta nik, (Luzaider batek) ihardesten dakot berrogoita hamar bat «Eskualduna»ren irakhurle badirela. Luzaiden, Bayonatik igortzen dituzte Luzaidekoak Arnegi'ko Sinketenerat eta hortik helarazten dituzte Luzaiderreri.

        Horra beraz, nola Luzaidek ere badien Arnegiko ohore hortan zathi mikoño bat, «Ausarta» yauna.

        Eta halere seurki uste dut Arnegin bezanbat «Eskualduna» yende izarian nihon ere ez dela saltzen. Larunbatetan eta igandetan deneen eskutan ikhusten da.

        Arnegi, eskualdun ohidura zaharreri eta errelixionari arras atxikia da. Baditu hamar bat aphez-gai Ustaritzeko Semenario'an, hain herri ttipia izanikan ere. Hortaik ageri da zoin fededuna eta eskualduna den herrixka xuri pollit hori. Xiximurru mendiko kurutzearen azpian kokatua. Arnegi eta Luzaide sendi edo familia berekoak dira. Gure Pekotxetako hauzoa zubiak bakharrik berexten du, etxiak ibaiaren bi alderdietan hedatuak, denak multxo bathian.

        Ahidegoak hedatuak eta nahasiak dira bi herritan. Luzaideko haurrak yuaiten dira Arnegiko eskolarat frantsesa ikhasterat, eta ohoitzen niz nola gure aspaldiko haur denboran harrikatzen ginen, samurtzen ginelaik zubitik bi aldekoak.

        Ez da, beraz, harritzeko zonbat maite dutan Arnegi, eta ze oroitzapen goxoak ditutan gogo-bihotzian.

 

        Predikari gaitza

        Yuan den egunian aditu nien Aita Sagastibeltza Yondone Fermin Aldapako Elizan, entzulez yasan-ahala mukhurru.

        Harritua eta loriatua nintzan haren eskuarazko mintzaldi miresgarria entzutean.

        Mintzaiaren yabetasuna eta trebetasuna, bihotz suharra, oldozmen ederrak eta sarkhorrak, ikhusbide eta erakaspen hunkigarriak. Hots, mintzaile eder bathen dohain guziak ba ditu Aita Sagastibeltzak entzuleen bihotz zolaraino heltzeko.        Eta nola atheratzen den elhea haren ezpainetatik, gauzak hain ederki erranak, hitz aphainduekin, eta burrustan botz ozen edo aphalarekin, oldozmenari dohakon heinean eta izarian, bere hitzeri indar eta su edo eztitasuna emaiteko!

        Predikari hauta eta gaitza, Aita Sagastibeltza, Leitzako seme ohoregarria!

 

(La Voz de Navarra, 1936/3/22)

 

aurrekoa hurrengoa