www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ILE MOXTEA

 

        Denek dakitena da Nafarroako menditarrek Uztailan dutela ardien ile moxtea.

        Diteken gauza pollitenetarik da ikhustea nola arthaldeak yausten dituzten mendi gainetako alhapidetatik, eta heien sartzea herrian, artzainaren hixtu saminaren manuz. Arthaldearen aitzinean marroek eta zikhiroek bere bulunba ozenekin inharrosten dute herria, eta kudeatzaile horier yarraikitzen dira ardiak maltsoki, heien beharra balute bezala xuxenki ibiltzeko. Beren urratseer arau, gelditze ala abiatze, hein berean doa arthaldea, aintzindarien ondotik, begiak larrituak eta beharriak xut.

        Etxe bakhotxak badu bere eguna hautatua lan hortako, aldizkatuz elgarren artean. Borda ondoan lerrokatzen dira hamar edo hamabi gizon, auzokoak, bere haixtur xorrotxekin, taulaz eginikako mahain luze baten aitzinean. Ardiak banazka, hazkak estekatuak, ezartzen dituzte mahain gainean, eta han, klaska, klaska, buluzten dituzte beren ile nasai eta ederretarik.

        Lana goiz-goizik hasirik, bazkal aintzineko urhentzen eta bukatzen dute, othordu berant eginikan ere, zeren eta atsaldeko ez dute sekula utzi nahi lan hori, eta inahala, bururik altxatu gabe ari dira lanhari lotuak goiz guzia, lehiatsuki.

        Eta, zertako, errain duzie, irakurle maiteak, nahi dute ile moxleek atsaldia haizu izan?

        O!, ihardetsia errexa da. Benabarreko alde hortan (Luzaide barne) bazkari ederrari biziki aiher dire yendeak. Ezpainak milikatzeko heinean yartzen dira berehala. Edozein gerthakari aphairu on batekin ohoratzen dute; dela ogi (gari) yotzea, artho xuritzea ala ile moxtea...ba eta ehortzea ere.

        Oitura zaharra hala da. Ile moxte egunian bazkari on bat emaiten dazkote langileer, auzoko laguntzaileak baitira. Yanhariak badabiltza mahian nasai eta ausarki, arno gorri lodisko batekin ihintztatuak.

        Eta ikhustekoa da nola bazkaria aitzina doalarik, ze elhausturia ahoetatik yalgitzen den gero eta geiago; azkenian kalaka, harramantza eta oihutan, denek matelak gorrituak, lephoko zainak hantuak, begiak bizi eta xorrotx.

        Oturuntzak luze irauten du, eta bazkalondoak zonbait aldiz atsalaskariko tenorerano. Ba, eta ordian ere zerbait hartu gabe, nola egon, nola huts egin ohiko atsalaskariari?

        Ilhunabarrian badoatzi bakotxa etxealderat, ez gero goizian bezain erne eta arin, sabelak eta buriak labe gorritu baten berotasunean, ba eta ere zangoak izpiño bat herrestan.

        Ilhabete baten burian yiten dira herrirat ile erosleak Doniane Garazi-tik eta Sara-tik, eta pilota plazan phizatzen dituzte iliak, zamaka, mihise eta marregetan inguratuak. Eta eremaiten dituzte Doniane alderat, handik Frantziako lantegietarat igortzeko (bialtzeko), geroago ilezko yauntzi beroetan bilhakatzeko.

        Ilearen sariek sakelak brokatu ondoan, emeki emeki plaza husten da eta birazka ...

        — Ori, Benat, beransko baita orai etxeraino yuaiteko, nahi duzia hemen bazkal dezagun?

        — Nahukan bezala, Ellande.

        Eta gehienak adostu ondoan, bathere samurtu gabe afera horri buruz, han gelditzen dira bere baitan erranez: «Ba, ixilaraziko diat ba, emaztia, moltsa gizen hunekin».

        Sinesten ahal duzie, irakurleak, ene herritarrek deramaten bizia ez dela, ez, hain hertsia nola herrixka itsusi batzuetan, langileak eta zuhurrak baitira, eta badakitelakotz beren lurgintzako eta kabaleen mozkinen sariak beiratzen, noizian behin gorputzari dohazkon goxotasunak, ukhatu gabe, zuzenak eta garbiak direlarik.

 

(La Voz de Navarra, 1933/12/5)

 

aurrekoa hurrengoa