www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

UDATIK UDAZKENERAT

 

        Gure udako itzulia eginik, hemen gira berriz, irakurle maiteak. Udak egin du bere aldia, lekua utzirik udazkenari.

        Bi sasoin horietarik, zoin da ederragoa? Udak badu bere iguzki dirdiranta eta samina, eta bazter guziak bethetzen ditu bere argi biziarekin, bainan udazkenak ere badu eztitasun goxo bat, eta aro ephelarekin errexkiago ibilarazten gitu mendietako bide mehar zehiarretan, izerdirik gabe.

        Eta gero, zer kolore ederrak; mendi mazeletan iratziak gorrituak, gaztain ondoen mokotsak eta artho buruen kugulustak horituak; ardiak eta behiak gainetako alhapidetatik yautsirik phentziak bethetzen dituzte ttitta xuri eta gorrailez, loriatuak bazka goxoetan, bere xilintxa eta yuare ozenekin.

        Urria ilhabete eztia, ihiztarien loria; xixpak bere erdoilduraz garbiturik eta urinduak, hor dira haize hegoaren beha. Usoak, biligarroak, uzkinazoak, pikalaportak, zozuak, apezxoriak, papogorriak, hots, hegaztin mota guzietarik milaka eta milaka iraganen dira errekari goiti, mendi lephoen buruz, pago eta haritz ezkurrez betherik, beren papoa nasaki ase ondoan.         Euntzaro, Ehialepho, Matxarde, Lindux!! gaixo xoriak, itsutuak doatzi beren eriotzerat.

        Zoin oroitzapen ezin ahantzizkoak gure egun iraganetarik hain goxoki, han, gure sor-lekian, Luzaide maitian.

        Euntzaroko-lephoa, mendi ederra! zer ikhusmen xoragarriak hire kaskotik! Zer bazkari goxoa hire pagodi itzalean gerizaturik, ithurriño hotz haren sahetsian, xahakoa urian sarturik!... Gure azpian, alde batetik, erreka zola beherean, Banka eta Urepeleko bazterretxe xuriak, han hemenka hedatuak, bere hegats gorriekin. Beste aldetik, Aitzurreko auzoa, eta urrunago Undarlako bazterretxiak, Udiri, Peloinea, Bernatenia, Ortxaix, Gailurru... Eta oraino urrunago, mendi urdin gaitz baten kaskoa. Astobizkar! Astobizkarko kantua! La chanson de Roland! Mendi horren azpietan oraino aditzen da gerthakari haundiaren ohiartzuna, eskualdunek zortzigarren mendean Karlomagnoen gudarier izigarriko zafraldiaz emanikako oihuak eta garrasiak.

        Gure aitzinian Mendimotx, Adartza. Bainan izerdiak eta akhidurak lotsaturik ez nintzan menturatu gain hetaraino abiatzea, ezin yarraikiz ene lagun gazteer, izterrak ez baitira gero zail gure adinean.

        Zorionez eskuara ez da hanbat galtzen. Ikhustekoa zen igandetan nola bazterretxetako muttikoñoak ari ziren denak gure mintzaira ederrean. Beraz, ez da berehalakoan galduko. Iraunen du luzexko. Agian ba!

 

(La Voz de Navarra, 1932/9/27)

 

aurrekoa hurrengoa