www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

SASOIN ELHEKETAK

 

        Udazkeneko iguzki ephelaren phiruak goxo zaizkigu eta udamineko samindura eztiturik pherekatzen gituzte.

        Iruñeko inguru-bazterrak ere edertu dire. Udako kixkalduraren ondotik, erreak zaudelarik, ikhustekoak dira orai bide sahetsak, iphuruak eta sorophilak bere pherdetasun bizian, udazkeneko euriek untsa ihintztatu ondoan.

        Sasoin hunek, hain ederra izanikan ere, doi bat hasten du gure gogoa, zeren eta negu borthitzari buruz goatzila agintzen baitauku. Nik ez dezaket sinets, nun ez den eroa, badaiteken gizon bat negua lakhet eta goxoa zaionik. Uli, mamutxa eta kabale xeheen heriotza da. Denak suntsitzen ditu hotz madarikatuak.

        Horrek berak, ez daukuia erakusten negua sasoin higuingarria dela? Atsotiz zaharrak dion bezala; elhurra xuria izanikan ere, beltza da. Ondorioak bederen hala ditu. Ihardets dezatela yende behardunek.

        Xizpa edo harmak, urinduak eta disdirantak, sorbaldetik dilindan, badoatzi ihiztariak mendi gainetako usotegietarat barrandatzera hea noiz ikhusiko ahal dituzten usoak errekari goiti multzo haundian. Eta gaixo hegaztinak heien leku kukutuetarat helduzkioz izigarriko tiro zalapartek inharrosten eta erhotzen dituzte, barreatiak, ikharatiak ezin yakinez bere nahasmendian zer egin edo norat yoan. Bizirik atheratzen direnak urrunago elgartzen dira, beldurtiak beste etsai baten herabez, lotsa izigarrian.

        Horra gizonek zer sarraskiak egiten dituzten gaixo usuekin, gehienetan bathere oldoztu edo gogoratu gabe zer itsuskeri garratzak deramaten xori dohakabeekin, pairamenetan edo oinhazetan gure heinekoak eta berdinak direnez geroz.

        Bainan badakigu gure hitzak izpirik bihotzetarat heldu gabe haize zirimolak otso xumeak barreatzen eta eremaiten dituen bezala, halatsu yuain direla, zeren eta ihiztaria nihondik ez da kordakatuko bere yosteta lehiatsu eta latz hortarik. Ez dea hala, yaunak? Begozte, beraz.

        Denak dakitena da haurrek bihotz gogorskoa dutela, eta guk ere denbora heetan latzkeria zonbait egiten ginituen xoriekin. Urrian, sasoin huntan, gure loria zen xederen prestatzea. Xedera da xori harrapatzeko tresna bat, zointan ezartzen diren zaldien buztaneko zurdez eginikako eraztun itxura zabal batzu. Xoriak tresna hortan finkatzen direnean eta gero hegaldatzean, zurdak bere khoropilo lerrakorrarekin eraztuna hertsatuz urkhatzen ditu lephotik harturik.

        Eta haurrek zer bozkarioarekin ikhusten ginintuen ithoak, dilindan! Haurrak bethi gaixtarrot.

        To, ohoitzen hiza, hi B..., edo J.-P..., nola yuaiten ginen goizian xederen miatzeat, eta gero zonbat biphiltzen ginintuen, bazkarian yateko, hexurrak eta oro porroskaturik?...

 

(La Voz de Navarra, 1933/10/31)

 

aurrekoa hurrengoa