www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE GIZONAK:
AITA MORET

 

        Ospegarri aphez yakhintsu hau Iruñen sorthua zen 1615-an, eta hemengo yesuiten erretora izana zen.

        Bere yakitate haundiaz Nafarroako gauzetaz, izendatu zuten Cronista de Navarra, Nafarroako gertakari idazlaria.

        Lan gaitz bat idatzi zuen hamabi liburu zathitan, Anales de Navarra deithua, eta denek ezagutzen duguna.

        Nafarroako denbora urrunduenetarik hasi eta, behialako gerthakariak mendez-mende eta urratsez-urrats yakinarazten dauzkigu, hamazazpigarren mendearen erditsuraino.

        Nafarroako eta bertze lekuetako liburutegietan ikhertu eta miatu ondoan artoski paper zaharrenak, idatzi zuen liburu bat deithua Investigaciones historicas de las antigüedades del Reino de Navarra.

        Liburu yori eta mamitsu hortan bildu zituen ekheiekin orhatu zuen geroago bere Anales de Navarra aiphatua.

        Moret-en ganik dakigu, beraz, idazle zaharren arthean, gure erresumaren hastapenak, eskualdunek oraino erregerik etzutelarik baizik eta zonbait gudulari eta aitzindari fierrak, ausartak eta zailak, gizon osteak heieri yarraikitzen zirenak aizkora eta azkonekin gure eremutan sartzen ziren etsaieri.

        Eta geroago hautatu zuten lehen erregea, heien arthean zen gizonik kalipudunena eta biphila. Iñigo Aritza izenarekin ezagutua dena.

        Moret-ek ezagutarazten dauzkigu hortik landa ukhan ginituen erregeak eta denbora hetako gora-beherak, xeheki emanik, bereziki errege aiphatuenenak. Sancho el Mayor, Sancho el Fuerte, Theobalt hiruak, Carlos II, Carlos III eta Juan d'Albret, gure azken errege dohakabea, Espainiarrek mendiz hunaindiko erresuma beretu zakotena.

        Gaitza da Moret-ek egin zuen lana, ez bakharrik bere yakitate mamitsuaz, bainan bere hedadura haundiaz, liburu eta paper zaharren arthean denbora luzez egon ondoan, khar eta lehia suharrarekin bere Nafarroaren amodioaren ganik. Hain zuen maite oroz-gainetik bere sortherria!

        Nafarroako aitzineko zeretaz gutizia miko bat dutenak ez du bururik altxatuko Anales de Navarra irakhurtzen behin hasizkioz.

        Ene xedea lerro hauk idaztian ez da xehetasunik emaitea, bainan lau hitzez eta laburzki yakinaraztea gure mintzairan nor zen eta zer herrunkan den Moret Nafarroako gizon haundien arthean.

        Nornahik khausituko ditu, yakina, huts haundiak sail huntan, nihauk ere badazkitenak bainan ene lerroak ez luzatzeko ixiltzen ditutanak.

        Heriotzat itsabasitu zuen 1687-an bere lana arrunt bururatu gabe, bainan geroago Aita Aleson-ek (hau ere yesuita), eta hura bezala Cronista de Navarra, yarraikitu zuen haren hutsa bethetzeko.

        Moret-ek ere yakinarazi dauku noraino hedatua zen eskuara haren denboran, Nafarroan.

        Hego aldeko mugako herri zonbait bakharrik mintzatzen ziren erdaraz. Eta handik goitiago bertze herri parrasta bat erdara ,ta eskuara aldizkatuz mintzatzen zirenak. Beste guziak eskuara garbiz. Erran nahi baita, hego aldeko zonbait herriz kanpo, Nafartar guziak eskualdun hutsak zirela.

        Ba eta Moret-en lekhukotasuna egiztatzen du urthe gutiz geroxagoko paper zahar batek, 1590-koa. Gazteizko Seminarioko liburutegian berriki agertua.

        Paper hortan ekhartzen ditu Nafarroako aphezpikugoko ordian ziren herri eskualdunak, eta berdintsu Moret-en denborakoak dira.

        Ze bide hitsa egin duen geroztik erdararen hedadurak! Bilduma murritz huntan eman dauziet, irakurleak, Moreten zonbait berri labur, kontu izanikan idazti laburrak aiseago iresten ditugula, ezenez luzeak; eta hortakotz izari edo neurri xumean idatzi ditut ene lerroak.

 

(La Voz de Navarra, 1934/5/30)

 

aurrekoa hurrengoa