www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

IHAUT-ASTEARTE

(Ohidura zaharrak)

 

        Ihauteritan eskualdunak maite du yostatzea, bainan sekhulan ez du, bertze lekhutan bezala, begitartea kukutzen, haren estalian egiteko trufa laidogarriak, aho-mihitan ibili ez ditaken gauzak agerian ezartzeko, emazte eta gizonen hutsak edo ahulkeriak salhatzeko, ba eta frango lizunkeria ere erraiteko, ustez eta begitarte esataliarekin haizu direla zilhegi eta sori ez diren itsuskeriak egiteko.

        Eskualdunak ihauteritan begitartia agerian du, (mintzo niz mendiz haraindikoez), eta soineko disdirantekin yauntzen da, eta azkarki yantzatzen, bainan nehor gaitzitu gabe.

        Ez niz mintzatuko orai Baxenabarren, Lapurdin eta Xuberon egiten dituzten «karakotxa» eder eta aiphatuez.

        Bakharrikan yakhinarazi nahi dut ihaut-asteartez buharniek egiten duten eskea etxez-etxe ibilikan, eta hek kantatzen dituzten kopla batzu.

        Egun hortan, ohidura zaharraren arau, buhamiek edo yituek eskatzen dute xingarra etxetan eta eskutan daramate gerren luze bat hartan sartzeko biltzen dituzten phuskak.

        Eskaleek etxe aitzinian kantatzen dute:

 

        «Santibatek, andere

        Aurthen bezala, gero're

        Santibatek igortzen gitu xingarketa gu ere»

 

        «Ez dugu nahi urdia,

        Ez eta ere erdia,

        Kostumako legearen gatik, liberako zathia

        Liberako zathia eta gerrenaren bethia»

 

        (Eskerren bihurtzea)

        «Eman duzu nobleki,

        Konpainiak ere badaki,

        Parabisuan sar ziteztela hamabi aingeruekin,

        Hamabi aingeruekin eta zure familiarekin»

 

        (Etxekanderiari lausenguak)

        «Etxian eder ohako,

        Haurra sortzen deneko,

        Etxen huntako etxekanderia zaldiz elizarako,

        Zaldiz elizarako eta zilhar kaderan yarriko»

 

        (Deus ukhaiten ez dutelarik),

        «Guazen, guazen hemendik,

        Hemen ez duk xingarrik;

        Etxe huntako gazitei xarrian sagiak umiak hazten tik»

 

        «Etxian eder aihotza...

        Etxekandere hortz motza.

        Su burdinak hauts ditzatzula sudur eta kokotza»

 

        Eta holako beste anitz badira, gehienak irringarriak.

        Yakhina, gure haur denboran karrikako muthiko guziak yuaiten ginen Luzaiden buhame eskaleen ondotik, heien atheraldiekin irri egiteko, eta koplak gogoz ikhasteko.

 

Iruñen, 1936-ko Otsailan

(La Voz de Navarra, 1936-2-25)

 

aurrekoa hurrengoa