www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZER GINEN ETA ZER GIREN: BENABARRA

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Denek badakizie, irakhurleak, Espainiak Nafarroa gahaitu zuelarik 1512'an mendiz hego aldekoa bakarrik menperatu zuela, bainan ez Benabarre, gure mendiz haraindiko eskualdea. Beraz, Nafarroako erresuma, arras thipitua izanikan ere, oraino xutik zagon, bere errege eta gorthearekin.

        Biarnoa gure erregearen menekoa zelakotz Pauen finkatu zen, eta han eraiki ginuen «Parlamento de Navarra, deitu yauregia, deputatuen bilkhuretako, egungo egunean oraino ikhusten ahal dena, zahartua.

        Yakhinarazi behar dugu hango nafartarrak suharrenak eta leialenak izan zirela denen arthean.

        Lauetan hogoi urthe egon ziren bere erresuma xumeari khartsuki atxikiak, neholere ez frantsestu nahiz. Eta ohartzekoa da Campion yakhintsunak erran daukuna, Nafarroako aithorenseme gehienak, argituenak eta fidelenak hangoak zirela. Gure Carlos III erregeak ere, 1435'an, hango ehun etxe haundi alxatu zituan aithorensemeko mailerat, «infanzones» izendaturik.

        Duque de Alba, Espainiko gudularien buruzagia ibilli zen ere eremu hetan, Garaziko aldean, eta Donianen eta Monyolosen, sarraski, ohointza eta itsuskeri zernahi egin ondoan, azkenian lekhuak hustu zituen eta haia-haia, mendi haundiez gaindi Auritzerat itzuli.

        Henri de Navarre, gure azken erregeak, Frantziako errege izendatu zutelarik, nahi izan zuen deitu izan zain «Roi de Navarre et de France», bainan frantsesek etzuten yasan heien erresuma handiaren izena Nafarroa ñimiñoaren ondotik ezartzea, zuzena zen bezala. Geroztik, hango erregeak deitzen ziren «Roi de France et de Navarre», Luis XVI azkeneraino. Eta Frantziako zigiluari eratxiki zazkoten Nafarroako gathinak, eta oraiko egunetan oraino ikhusten ahal dira Versalles, Fontainebleau eta beste erregeren yauregi aiphatuenetan.

        Bainan etzazuela uste Benabarra Frantziari elgartu zelakotz bere legeak galdu zituela. Ez, beren erregea Frantziakoa aldiz izanikan ere, Benabarra bere lege ber berekin gelditu zen, arthoski zaindiak, erresuma berexi bat bezala.

        Hots, gu bezalatsu, Espainiari estekatu ginituzten ondotik.

        Eta ikhustekoa zen nola asaldatu ziren Erreboluzione denboran khendu nahi izan zazkotelarik, bertze Frantziako eskualde guzietako lerro berean ezarri nahiz, borthitzki yokaturik.

        Pariserat igorri zituzten mezulari batzu yakhinarazteko Benabarrak etzuela hori sekhula yasain, bainan erraiten ohi den bezala arrain haundiak ttipia iresten du, eta gudua phizteko mehatxuen ondotik, amor emaitea bortxatuak izan ziren, Benabartar dohakabeak.

        Gauza bera gerthatu zaukun guri ere 1839'an, berrogoi bat urthe berantago. Horra nola ahaltsuek ezeztatzen dituzten ahulen zuzenak.

        Zenbat yauregi diren oraino xutik Benabarra maithagarri hortan, lehengo denboretako Nafarroaren haunditasunaren lekhukotasunak! Baigorrin, Donazarren, Buzunaitzen, Garron, Lakharren, Donaphaleun, eta beste lekhu anitzetan. Nafarroako aitorsemeren gaztelu eta egoitza ederrak, ze hitstura sendiarazten dituzten zerbait irakhurtu duanari, zien aitzipean gelditzen girelarik, behakoa landatua eta bihotza ilhundua, gogoa oroitzapenez bethea gure behialako Nafarroaz, eta orai ikhustean berexia, phuskatua, arrotztua bere semeak odolaren deiari ukho egiten dutenak, aitzinekoekin dituzten lokharriak urraturik! !

        Eta denak bat ginela haurrideak, hor ditugu ausarki frogak berme.

        Azparren, Etxarri, Uharte, Azkarate, Lekunberri, Azketa, Zabalza, Anoz (Anhaux), Askoz (Occos), hango eta hemengo herri izen berekoak.

        Ortzaiz, Isturiz, Irisarri, Sueskun, Mongelos, Buzunariz, Izpura, Lasa, Zaro. Ustaritz, Etxaleku, Etxepare, Irigoyen, Yatsu (Jaso), Intxauspe, Garro, Osinaga, Garbayo, Oyarbide, Goñi ta holako anitz, Nafarroako eta Benabarreko deiturak edo «apelliduak».

        Eta gogorat heldu zait, egun batez, (Yainkoak ez dezala nahi) phitz baladi gudu bat Espainia eta Frantziaren arthean, Luzaide'koak eta Arnegi'koek behar lutekela borrokatu eta sarraskitu heien arthean, hauzo anaiak direlarik...

        Irringarri liteke ez balitz gauza hitsa.

 

Iruñen, 1934'ko Hazillan.

(El Día, 1935/1/26)

 

aurrekoa hurrengoa