www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

DONIANEKO MERKATIAN

 

        —Erran, Gaxuxa, noat hua hain aphaindia, hain panpina?

        —Donianeat, oizu.

        —Alaintso, gero ere errain dine muthikoek balakatzen hutela, hainbeste floka, xingola, edergailu eta yauntzi ederrekin.

        —Ze nauzu, Katalin, bakhotxa den bezala da.

        —Alo, alo ba in zan pidaia hun bat eta hea senargai galant bat kausitzen dunan.

        —Hori, ikhusiko, [...]

        Gaxuxa, Doniane Garazirat heldu bezain sarri yartzen da egarritua. Kafe batetako athe aitzinean, mahain ttipi batean, eta handik ikhusten du merkatu eguneko yendeketa, goiti eta behiti, haro haundian.

        Berari hurran, beste mahain batian, ohartzen du yaun gazte mehar bat, tourista horietarik, buru-has, bere galtzerdiak agerian belhaun azpiraino, pipa eder bat ahoan.

        Behakoa bethi Gaxuxari itzatia, azkenian ausartatzen da irriño bat ezpainetan agerraraztea eta kheinu bat eginik entzunarazten du botz aphalian, kasik ahapetik, Ah! la belle basquaise.

        Gure Gaxuxak, alegiaz etzuela deusere entzun etzituen higitu ere bere begiak, bainan, nun khausi nexkato bat lausengu balakatzaile horier kordokatzen eta hunkitzen ez duena bere bihotza? Arrotza berriz ausartatzen da erraiterat «Mais, que tu est charmante».

        Bigarren lausengua aditu ondoan Gaxuxak senditzen du bere bihotz zolan halako kilikaño ezti bat eta buria doi bat itzulirik behako zalhu batez soiten du muthiko arrotza, batbere kopeta xarrian.

        Ordian yaun gaztia xutitzen da eta garaitzale harro baten itxuran yartzen da nexkatoaren mahainean, erraiten dakolarik, «Vous permettez, madamoiselle?»

        Gure gaizo Gaxuxa harritua, kasik ikharan, bihotza yauzika ixiltzen da, ez yakinikan zer erran, zer egin, gizon haren ausartziari ihardesteko eta ihardokitzeko.

        Ixildura labur hau onhartze bat iduri zaiko gizon hanpurutsuari eta kantitu gabe hurbiltzen zako nexkatoari, anitzez soberaxko, futxo.

        Gaxuxaren zuzentasuna bat-batian yazartzen da eta xutiturik erraiten dako:

        —«Debru franximent lizuna hail hementik orai berian. Alaintso, norekin uste huk hintzala?» gathulu bat eskian besua altxatua haren burian puskatzeko xedean.

        Muthiko galtzerdi nabarduna iziturik holako nexkato kalipudunaz lekiak husten ditu zalhukara. Bainan anartean harramantzak yendea bilharazten du eta multzoaren artetik agertzen da muthiko alimale bat, ukhondoka bidea idekiz, eta Gaxuxari erraiten dako:

        —Baña, ze gerthatu zain kalapita huntan?

        —To, Yuanes, hetiko madarikatu gizontto harek etzikiat zer uste nintzala iduri zitzaikon, bere lizunkeriekin.

        Yuanes haundiak hori entzun eta ximixta bezala badoa .arrotzarenganat eta kondatzen ahal ez diren paso, beharrondoko, ukhamilo ukhaldi, eta ostiko, eho aldi gaitzian emaiten dazko, oste haundiaren karkailetan.

        Ba eta, asarrean mahaina uzkaildurik baxera guzia puskhatu eta xehakatu zen, eta nausia berehala oihuka oldartzen zaio Yuaneseri.

        —Ixo, gero.

        —Hea zonbat diren kalteak, ihardesten dako.

        Hok pagatu ondoan, Gaxuxa nigarretan, eskutik eremaiten du bere gerizapean, emazte ezagutu batzuenganat. Herrirat itzultzean berriz kausitzen du Kattalin mutxurdina, mihi gaixtoa eta bekhaitzkorra, bethi xixta eta zimiko gutizian, eta erraiten dako nexkatoari, bere irri maltzurrarekin:

        —«Ze, hatzeman duna bilatzen hiniena?»

        Eta Gaxuxak:

        —Zuri zertzaizu, atso zimurtia?

 

(La Voz de Navarra, 1933/12/12)

 

aurrekoa hurrengoa