www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

PIARREXEN IZIALDURA

 

        Herri ttipietan ere, hirietan bezala, badire yende gaixtarrot eta trufatzaileak. Irri egiteko, debruzko ihakintzak asmatzen dituzte zonbaitek.

        Behin, bospasei adixkidek egin zuten afari on bat. Untsa yan-edan ondoan, eta gauza guzietarik mintzatuik, erori ziren sorgin., debru eta lamina solasian.

        Trufatzen ziren gaizo zozo horietarik, itsuki sinhesten dutenetarik atso beltzak, yats batian zaldizko, ximindegiari behiti sukhaldetan sartzen direla.

        Irri karkailetan zauden denak holako astokerietaz.

        Adixkideetarik bat, Piarrex, gizon izikorra zen, bainan ahulkeria hori ez agerrarazteko, berak ere irri egiten zuen, barnian herabe izanikan ere.

        Piarrex bizi zen herritik urrunxko, mendian, bazterretxe pollit batian.

        Mahaitik xutitu eta erran zien adixkideeri:

        —Uzten zituztet, emazteak ez nezan berantets. Egizie lo, eta bihar artio.

        —Gauza bera, Piarrex-, ihardesten dute.

        Etzakien gaizoak ze debrukeria zuten asmatua lagunek beraz trufatzeko. Nola sinets afaria xede hortan egina zutela?

        Abiatzen da Piarrex mendiari goiti bide zehiarkatu eta sasitsu batian. Gaua ilhunenetarik zen. Hiru urrats aitzinago etzen bihirik ageri.

        Buria aphaldia, ostatuko solasak gogoan, bazohan doi bat beldurtia, noiz eta bat-batian, brist, iragaiten zaio zerbait zangoen ondotik. Ilhun beltz hartan ezin ikhusiz xakhurño izitu bat zela, bihotzak punpa bat egiten dako.

        Handik haraxago, bidearen bihurgune itsusienean entzuten du garrasi samin bat.

        Gelditzen da Piarrex landatua, ikharatua.

        Bertze bi urratsen ondotik berriz aditzen du ohiu izigarri bat, lehenbizikoa baino ozena (sic).

        ... Eta haritz ondo lodi baten sahetsetik agertzen zaio egundaino ikhus diteken gauzarik ikharagarriena...!

        Gizon edo debru alimale luze bat, burutik zangoetaraino mihise xuri batekin yauntzia, begitartea kukutua, argi bat eskian... Eta hobitik edo ifernutik atheratu botz itsusi batekin erraiten dako Piarrexi:

        —Arima herratia nuk, debru gorriak igortzen nik hiri yakinarazteko ifernukho suian kixkalduko hizala hogoi egunen burian bethiereko oinhazetan, ez balindaduk berehala itzultzen yabeari ebatsi hien zikhiro hura, Dominixeneko arthaldetik.

        Eta Piarrexek, lurrari itzatua, ezin higituz, bihotza panpa zalapartan, ihardesten du botz mehe batekin:

        —Baa, eginen dut zuk erraiten daazuna.

        Bainan ordian, arima herratua, yauzi batez, mihisia zaflaka, besoak zabaldurik, aztaparrak idekiak, Piarrexen lephoari lotzeko eta ithotzekotan zohalarik, hau, (indarrak ez dakigu nola berriatuak), itzultzen da eta patarrari behera urtxintxaren zalhutasunian hartzen du herriko bidia, hats gaitzian, hasperen haundian.

        Tupustan eta lehertua sartzen da ostatuan, eta erraiten dako etxekoanderiari:

        —Trenpe xartia niz, eta nahi nuke hemen iragan gaua.

        —Bainan, zer duzu, ze gerthatu zauzu, Piarrex? Nahi duzia artu tea edo tisana bero bat?

        —Ez, ez dut deuseren beharrik.

        Eta emaztekiak ereman zuen ganbera baterat. Piarrex ohean hedatu zen zabal zabala, bihotza oraino yauzika.

        Haren adixkideak kukutuak zauden beste ganbera batian, denak entzunik, irriz leher egiteko phundian.

        Bulta baten ondotik, etxea ixiltasunian zelarik, atheratzen dira handik eta zango puntetan yuaiten Piarrexen atheko giltza xilotik soiterat. Arima herratia ere heiekin zen...

        Piarrexek entzuten du berriz oixtian aditu garrasia. Gaizoari ordian argitzen zaio adimendua, eta dena ulertzen! Herra gorrian oihu egiten du:

-Urde zerriak, urde tresna tzarrak! !

Bainan etzen ohetik higitu. Phausuh luze baten beharrian zen.

 

Iruñen, 1934-an.

(RIEV XXV (1934), 272-273. or.)

 

aurrekoa hurrengoa