www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ORAIKO ESKUARA

 

        Nor nahiri galdegiten balinbadugu (alde bat utzirik gure mintzaiaren gora-beheretan yarraikiak direnak) hea noiz uste duen eskuara garbikiago idazti den, lehengoen artean edo oraikoetan, ezbairik gabe ihardetsiko daukute aitzinekoak hobeagoak zirela.

        Eta bizkitartean ausartatzen gira erraiterat ez dela hala, nahiz erran hunen sinetsaraztea arras neke ditaken gehienentzat.

        Guk erran nahi duguna da, lehengoek hitz arrotzak nasaiki ibiltzen zituztela bere idaztietan, eskuarazko hitzak ukhanikan ere bere xede eta asmoren argitzeko, alde bat utzirikan gureak.

        Eta hain eskualdun garbiak izanik behialako idazliak, zertako ibiltzen zituzten hainbeste hitz erdarazkoak? Ohar huni ihardesteko luzexko beharginezake mintzatu; bainan erran dezagun laburzki, latin, frantses eta espainiako mintzaira erdareri, arras lothuak eta atxikiak zirela denbora hetan ustez eta pollitagoak ziren hitz arrotz horiek. Orai ere hortaik bada zerbait.

        Axular-ek berak, garbiena izanikan ere denen artean, zonbat hitz erdaldun ez ditu bere Gero aiphatuan, yakinikan ere berak bazirela gauza bereko eskuarazko hitzak.

        Trabaillua, borondate, mantenua, lengoaia, intencione, lana, onezia, hazia edo hazkurria, mintzaira eta xedea-ren ordez ibili zituen ausarki. Deithoragarri da bainan egia ere lehengo idazliak hobendun direla eskuarar eratxikiarazteaz hainbeste eta hainbeste hitz kanpotiar gure mintzaira ederra emokatuz ilhunduraz bere garbitasun disdiranta.

        Ni aspaldidanik ohartu nintzan hortaz, eta horra nun gauza bera erraiten daukun Lafitte yaun aphezak, eskual idazle miresgarriak, bere Eskualdunen loretegi liburutto ederrean. Ohar hori argitarazteko emaiten dauku liburu hortan parrez-par Leizarraga eta Duvoisin-en Evangelioaren zathi bat eskuararat itzulia, bakotxak bere moldean; ikhusarazteko, berak dion bezala, nolako bidea egin duen eskuarak hamaseigarren mendetik hunat.

        Bainan horrek erran nahi ahal du behialako edo aitzineko idazleak gutietsi behar ditugula? Neholere.

        Idazti eder horietan, bereziki Axularren, kausitzen edo aurkitzen ditugu ere anitz hitz galduak edo baztertuak direnak, bai eta ere inguru ederrenak eta hutsenak mintzaiaren mami berekoak, trebeki eta legunki erranak, dakienaren nausitasun eta aisetasunean.

        Eta harritzeko da nola hamaseigarren mendetik geroz zoin guthi aldatu edo bertzelakatu den eskuara. Etxepare edo Axularren mintzaira oraiko ber-bera iduri zitzaigu, Garazi aldeko edozoin atso ezpainetatik atheratzen dena, elhausturia ahotik burustian badariolarik... mikoÑo soberaxe xurgatu ondoan.

 

(La Voz de Navarra, 1933/3/25)

 

aurrekoa hurrengoa