www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

UDABERRIARI BURUZ

 

        Aroa ari zitzaigu hobekitzen, hotz borthitzak ihes eginik, iduriz, heldu den urthe artio. Agian ba. Iguzkia ere samintzen zauku, bere piruak beroxkoak dira.

        Lertsunak lerro lerro iragan dire garrasika ipharraalderat, udako bazka lekuatarat. Guti egunen buruko hemen ditugu ainharak, hego aldeko eremu urrunduetarik yinak, beren ohantzeak eraikitzeko hegatsetan; hok ere hazkurriaren bilha, airian diren ulitxa guziak iresteko, mokoa zabaldurik heien ondotik, eta geroxago eremaiteko beren umeeri behar duten yanaria. Mamutxak errepizten dira alderdi guzietan. Zuhaitzak ozitzen hasiak, heldu den ilhabetean galkatzeko aldaska ederrez beren abarrak, eta berantago emaiteko itzal goxoaren dohaina, unhatueren eta izerdituerentzat.

        Hots, beroak pitzarazten eta iratzartzen du lurreko izaite guzien bizia, eta edertasunak nasaiki hedatzen, begien eta bihotzen xoratzeko.

        Udaberri hastapenaren igurikan gaude, eremu lilluragarriak maite ditugunek zorionez loriatzeko.

        Ba, bagoatzi sasoin ederrari buruz, neguko ilhunbe itsusietarik yalirik, denbora argi eta eztiaren alde.

        Udaberriak ere oroitarazten gitu haur denboretako yostetaz. Sasoin hortan muttikoek xirulak egiten ginituen busuntsa zaharoekin. Horra egiteko moldea. Hautatu behar da lehenik busuntsa gazteetan zaharo mehe eta legun bat, izerdian delarik. Zaharoan mozten da axala, xirula nahi dugun luzetasunaren izarian edo neurrian, ganibet batekin ingurukatuz makila, eta gero mihia dukeen lekuan ozka bat eginik xirulek duten itxurazkoa. Ordian ganibet giderrarekin yo behar da makila kolpe eztika, axalean, inguru eta eremu guzian, zuretik berexteko. Bulta baten ondoan esku batekin atxik tinki makila, xirula ez den gunetik, eta beste eskuarekin lot axala, eta indarka bihurraraz, krask egin artio, zerek erran nahi baitu axala zuretik berextu dela. Ordian motz zaharoa edo makila, mihia duen alderditik, eta hunen itxura emanik muthurrari, bai eta xirularen xiloak eginik aitzinetik.

        Axala errexki atheratzen da oso osoa, zuretik hustua.

        Horiek guziak egin ondoan aurkhituko duzie xirula eder bat, nahi duzien luzetasunezkoa, eta soinu ozen eta garbikoa, hautatzen balinbaduzie gai eder bat zuhaitzen izerdi denboran.

        Barka, ene irakurleak, funtsez-gabeko xehekeria hautarik, zuen adimendua eta astia atxikaraziz holako perttolikerietan.

 

(La Voz de Navarra, 1933/3/18)

 

aurrekoa hurrengoa