www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE GIZONAK:
ARTHUR CAMPION

 

        Ene goresmen haundienak xumeak litezke gizon hunek merexi dituen neurrirat heltzeko.

        Nik ez dut uste egundaino Eskualherrian izan den gizon bat Kanpionen idurikoa, berrogoita hamar urthez lanian arizan denik gogo-bihotzak oso osoak ezarri dituenak yaidura suharrarekin eskuararen eta Eskualherriaren aldez.

        Aita-ama aberatsen semia, aiserian eta buru hausterik gabe bizitzen ahal zena, hogoita hamar urthetan, gazteriaren harrokeriak, arinkeriak eta yostetak alde bat utzirik, gure yakhintsu haundia, Eskualdun baten bihotzian alha diteken khar saminarekin lehiatzen da liburutegietan ikhertzen aitzineko paper zaharretan diren Nafarroako eta Eskualherriko berri guziak, gure ithurburuetaraino miatzen.

        Hogoita hamar urthetan etzakien eskuara, bainan bere yite burukoia eta adimendu ahaltsu eta argia bihotz khartsuari elgarturik, lotzen da ikhasterat gure arbasoen elhea.

        Eta, harrigarri dena! Sei urtheren buruko agertarazi zuen denek ezagutzen dugun liburu aiphu haundikua, Gramática de los cuatro dialectos vascos (sic), deithua.

        Ze izigarriko lanak etzituen yasan holako liburu baten idazteko, lau mota eskuara horietarik ikhasteko eta yabetzeko! Eta hain ephe laburrian.

        Eta hainbertze urthe iraganikan ere haren denborako agertzetik geroz, oraino, egungo egunian, bertze holako liburu agertuen arthean, Kanpion-en Gramática-k bethi atxikitzen du bere lehen herrunkako tokia.

        Gizon miresgarria!

        Lerro labur hauetan ez dut eremurik xeheki aiphatzeko Kanpion-ek idatzi dituen liburu multxo haundia, hain ezagutuak eta hedatuak direnak Eskualherriko zeretan yarraikitzen direnen arthean.

        Aipha dezagun haren libururik mamitsuena, zointan agertzen eta erakhusten daukun noraino heltzen den Kanpionen yakitate haundia.

        Celtas, iberos y eúskaros deitzen da liburu hau.

        Lan gaitz hori idazteko behar izan ditu yakhin zortzi edo hamar hitzkuntza zaharrak, urruneko mendeetan itzaliak direnak; sánscripto, copto, ibero, celta, aquitano, etrusco eta holako bertze: Greco eta latinez bertzalde.

        Eta lan horiek oro eskuararen eta eskualdunen ithurburuak yakinarazteko.

        Hortik asmatzen ahal duzie, irakhurleak, nolako burla duen, ze adimendu gaitza alhatzen duen barnian.

        Ba eta bihotza ere hein ber-berekoa du, sekhula itzaltzen ahal den gar batekin, eta handik atheratzen diren argiak eta phindarrak Eskualherriaren amodioaren ganik hedatzen ditu, bere erakasperenen dohainak emaiten dauzku.

        Harrigarri da Kanpion-ek agertarazi dituen paper zaharrak Cámara de Comptos eta Archivo de Navarra-ko liburutegietan ikherkhin nahiaren gosea asetzeko, eta Nafarta-[...], sekhula kordokatu gabe, mia eta mia, bere yakhin nahiaren gosea asetzeko, eta Nafartarreri yakinarazteko liburu Euskarianas ederrekin zer ginen aitzineko mendeetan.

        Paper horietan, milazka ikhertuak, badira erakusten dauzkutenak egunez-egun erregeren eta Nafarroako erresumaren xahutzeen xehetasunak. Guduen gostatzeak, yauregi eta gazteluen antolamenduak edo eraikitzeak, bizigailuen saneurriak, othuruntzetako konduak, langileen eta sehien alokairuak, gaixtakinen salatarien sariak... Hots, denbora hetako xahubide eta gerthakari larri ala xeheak tiletez-tilet emanak, eta ezagutarazten dauzkutenak orduko bizitzea argitasun haundiarekin.

        Eta Kanpion hain da gizon langilea, nun adin haundian izanikan ere, dremendenik ez da etsitzen, ez enheatzen, ez eta akhitzen ere; aitzitik, goxotasunian ari da, eta ariko azken hatsaren tenorearaino, bururik altxatu gabe, gazteriaren khar berarekin.

        Nork erran lezake, orai berian, lauetan hogoi urthetan, agertzekotan dituela hiru liburu, moldetegirat eremaiteko prest?

        Yakhintsu haundiek adimenduko lanak, bizi direno, ez dituzte uzten ahal. Helen gogoko hazkurriaren gaiak yanhariak bezain baitezpadakoak dira beren biziari.

        Bizkitartean, dolumin hitsarekin behar dugu aithortu gure gizon haundiari ez dazkotela denek egin merexi dituen goresmenak. Politikako yaidura tzarrek itsuturik, ukhatu dazkote zonbaitek, edo bederen ahatzi, holako gizon ohorengarri bati dohazkon laudorioak.

        Gorets dezagun gure Kanpion haundia, eta Yinkuak iraunaraz dezala anitz urthez.

 

        Ihardesten

        «Biperrenbordako Piarres» izen ordezkoarekin agertu da egunkari huntan idazki bat «Axular oraino» buruarekin, eskuara arras eder batez egina.

        Berriz ere erraiteko beharrian niz nitaz aiphatzen duenari ihardesteko, burukoia izanikan ere. Etxalarreko eskuara anitzez baztertzen dela Sarakotik, eta hau Luzaidekoa bezalakoa dela, salbu hitz bakhar batzu.

        Ni eniz izan Etxalarren. Mintzo niz bakharrik herri huntako idaztiak irakhurtu ondoan, eta lekhukotasun horri lotzen niz.

        Aithortzen duzu Endayakoa eta Irungoa desberdinak direla, bainan (diozu) hango yende gehienak mugazain kumeak direlakotz.

        Deithoragarri eta damugarri da, bainan egiari zor dugu erraitea, gauza hitsa izanikan ere, muga hortan badela bethidanik phezoin bat bi aldetako hitzkuntzak berexten dituenak.

        Barkha nezazu, bainan ni eniz kordokatzen ahal ustekeria hoitaik, frogak agerian direlarik.

        Zure eskuarak badu Luzaidekoarekin ahaidego arras hurbil bat. Piarres hori gure herriko eta bestealdeko izena da.

        Nahiz ez dezaken nehok ezagut, mendiz hunaindiko eskualdun bat othe zirea, eta eskualdun berria?

        Hala balinbada, ohore zuri, zeren eta arras nekhez, zozo xuri bat bezain nekhez, kausi ahal ditake sortzez ez den eskualdun batek hain ederki eta errexki ibiltzea gure elhea.

 

(La Voz de Navarra, 1934/6/14)

 

aurrekoa hurrengoa