www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRU BEHIEN ZERGA

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Nafarroan ditugun ohidura zarrenetarik bat da Erronkari-koek Frantziako mugan egiten duten bilkura urthe guziz. Baretous, Biarnés herrikoekin.

        Nafarroako Ipharraldeko mugetan bethidanik izan dituzte eztabaidak bertze aldekoekin, Xubero eta Biarnesekin, azinden bazkatzeaz. Helen arthean badituzte legeak, antolamanduak eta hautsi-mautsiak haratekoek hemengo aldian, eta hunatekoek hangoan, behiak, ardiak eta behorrak bazkatzeko bi alderdietako alhapidetan.

        Ez dakigu xuxen hortik phiztu othe zen aitzineko denboretan gudu bat heien arthean, eta gero Erronkarikoak nausiturik, Baretous-ekoak bortxatuak izan othe ziren hemengoek ezarri zazkoten zergak pagatzea.

        Bethire, urthe guziz hangoek Uztailaren 14'an behar dituzte eman Erronkarikoeri hiru behi, eta mugan egiten dute bilkura hori heien emaitza hartzeko.

        Bi alderdietako yende multxo bat biltzen da han «piedra de San Martín» deithu zedarriaren inguruan, turistak ere huts egin gabe, harat heltzeko bospasei ordu mendiz ibilikan.

        Erronkariko alkatea eta zinautziak beren karguko soineko berexiekin, biziki pollitak, eta albaiteruarekin yuaiten dira, herriko ikhurrina aitzinian.

        Baretous-ekoak ere halaber biltzen dira, eta ekhartzen dituzte hamar bat behi heien arthetik hauta dezaten hiru Erronkarikoek. Behi horiek berdin-berdinak izan behar dira, adinez, adarrez eta kolorez, hautua eginikan albaiteruak artha haundiarekin, untsa ikhertu eta izartu ondoan.

        Gero, oixtian aiphatu San Martin-eko zedarrian biltzen dira denak. Frantsesek ezartzen dute esku bat harrian, eta Erronkarikoek berea haren gainan; gero berriz frantsesek, eta heien ondotik Erronkarikoek, eta hola aldizkatu ondoan, metaren gainian azkenik hemengoek.

        Ordian denek batian oihu egiten dute: «pax avant, pax avant», bakhearenganik zin eginik aitzinetik.

        Orai zonbait urthe artio Erronkarikoek bothatzen zituzten tiro andana bat Frantzia alderat, bainan ohidura itsusi hori debekatua izan da, zorionez, frantsesak ez gaitzitzeko.

        Gero denek, bakhetasun ederrenian, bazkari nasai bat egiten dute. Baretous-eko eta Erronkariko auzapezak eta zinautziak mahai bathian; eta besteak, turistak, yartzen dira lurrian, han hemenka bildurik, multxoka, bizkarrian zare eta saretan ekharri dituzten yakiak «klikatzeko».

        Erran gabe doa umore onean direla denak, eta bazkal ondoan dantzak ere egiten ditu beretarik, xirulek eta armonikek bazterrak bozkarioturik.

        Arratsaldian goizik abiatzen dira zoin bere etxetarat hain urrunetik ethorri diren lekutarat tenore onean heltzeko. Batzuk eta bertzeek agurrak bihurtu ondoan heien arthean, urruntzen dira lekhu hetarik, beste urthian toki berean berriz egiteko ohidura zaharraren bilkura.

        Eta erran behar dugu sekhula ez dela han phizten dremenden eztabaia edo liphista; aitzitik, adixkidantza osoan egiten dituztela gauzak, samurtu gabe.

        Nehork ez daki noiztik heldu den, nola eta zergatik sorthu den ohidura hori; bainan aburu hedatuena da zerbait borrokaldi edo gudu bathetik (Erronkarikoak nausiturik), ukhana heien arthean duela bere ithurburua, azinden bazkatzetik phiztua.

        Saraizuko ibarrak edo haranak, bai eta Aezkoakoek ere urthe guziz egiten dituzte antolamendu eta hautsi-mautsiak Baxenabarrekoekin, heien eta hemengoen alhapidetan azinden bazkatzeko. Eta antolomendu horietan xuritzen dute zonbat pagatu behar dien buru bakotxak.

        Garazi eskualdeko hogoita hiru herriek urthe guziz eremaiten dituzte ardiak, behiak eta behorrak Aezkoa'ko sorhoetarat, mugako mendietan, eta han alhatzen dira Udaberritik Udazkeneraino.

        Luzaidetik ere negu minean igortzen dituzte ardiak Benabarreko zelaietarat eta Laphurdiko zonbait alhapidetarat.

 

(El Día, 1935/5/24)

 

aurrekoa hurrengoa