www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

MANDO PUTARKARIA

 

        Pettan eta Betti negu heze eta hotz borthitzaren ondorioz, batek gerruntzian eta bertzeak belhaunian, zernahi pairatu zuten errumatismaz, eta laneko ezinduak zauden astian bizpahiru egunez, ohetik ezin higituz.

Azkenian yuan ziren Akizeko (Dax) uretarat, edo hobeki erraiteko, lohietarat, hango mainhu beroek mirakuluzko sendatzeak egiten baitzituzten.

        Hamar bat egun han iragan ondoan osoki sendatu ziren eta min guziak itsabasiturik, iduriz sekulakotz lorian zauden. Eta handik etxeratekoan adostu ziren Baionan gelditzeko zonbait egunez, beren oinhazeen ondotik behar zutela yostatu, gogo hitsa bozkarian bilhakatzeko.

        Eskualdun ostatu batetarat yuan ziren. Hotel des Basques deithua, eta han, eskualdunen arthean hain goxoki zauden, nun sekula etziren higituko beren etxeko lanek ez baluzte bortxatzen aitzurrari lotzea.

        Bainan etxetik kanpo izanez geroz behar zuten bidenabar, mainhuen estakuruarekin, ederki iragan bizpahiru egunez Laphurdiko hiri nausian.

        Bazkalondoan Miarritzeko itsas lehiorraren ikhusterat yuan ziren, eta harrituak zauden hango botiga, Casino eta yauregi ederrez, denak aberats okhituez betheak, eta sosa xahutzen dutenetarik ahurtaka barreatuz beren yostakerietan, hainbeste dohakabe eta errumesek doi-doia ahorat ahamen bat nekhez helarazten dutelarik...

        Gero hurbildu ziren itsas hegirat eta han ikhusi zituzten yendeak erdi buluziak uhinen arthean, emazte ausartak bathere axolarik gabe beren buluztasunaz.

        Atsalaskaria Bar batian egin ondoan Baionarat itzultzian ohartu ziren bazter guziak emokatuak zirela hitz larri batzuez, Cirque Français, Cirque Français alderdi guzietan.

        Eskualdunari arras lakhet zaio Circo-ko yostakeriak eta Juanes, beren adixkideak Iruñen ikhusi zituen debrukeriak entzun ondoan gutizia phiztu zitzaizkoten. Afal ondoan badoatzi, beraz, Circo-rat, eta sartzean harritu ziren ikhustean barne haundi hura dena yendez koka-ahala mukhurru.

        Ikhusliar oste guzia irri karkailan zagon. Circo-aren erdian baziren bi gizon zirtzil, soineko irringarri batzuekin yauntziak. Begitarteak irinez xurituak, ezpainak asto baten heinekoak, gorri gorriak, eta begi bat uspeldua edo lehertua itxuran, erdi hetsia. Paltoak hain zabal eta lazo zituzten, nun baten barnian kokatzen ahal ziren bien gorphutzak. Bulta luze bat zartaka ibili ondoan, batek agintzen du:

        —Yaun anderiak. Oral atheratuko dugu mando putarkari eta izikor bat, eta norbaitek ardiesten balinbadu haren gainean egoitea ehun liberaz saristatua izanen da.

        Bizpahiru gizon gazte, banazka, ausartatu ziren, bainan neholere etziteken hurbildu debru mando basa hari. Burla aphaldu eta izigarriko putarrak birazka bothatzen zituen airez aire, gizon baten buria xehakatzeko indarrezkoak.

        Eta, futxo! beldurtiak zauden muthikoak.

        Pettan hamar urthe egona zen Kalifornia-ko zelaietan zaldi basa hezten, eta geldi geldia zagon bere lekhian, irriño bat ezpainetan.

        Azkenik badoa mandoarenganat izpirik durduzarik gabe, bainan emeki, begiak zorrotz, eta haren yauzi eta putarreri itzulia harturik gathu baten zalhutasunarekin besarkatzen da mandoaren lephoari, eta tinki lothurik han dago dilindan.

        Mando basak zazpi ahalak egiten ditu phizu haundi hura aurthikitzeko, buria ezin altxatuz. Eta lehertua maltsotu delarik, Pettan, yauzi batez igaiten da bizkarrerat eta bere izter luziak triparen azpian kurutzaturik, lapharra bezala han dago lothua.

        Oste guzia xutiturik esku zartaka goresten eta ohoratzen dute Pettan-en kalipua eta trebetasuna.

        Eta Circo-aren nausiak begitarte ilhun doi batekin emaiten dako ehun liberako paper yoria.

 

(La Voz de Navarra, 1934/2/18)

 

aurrekoa hurrengoa