www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ARNEGI-KO BESTETAN

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Agorrilaren hamabostian, Andredena Mari egunian dira herri huntako bestak.

        Luzaidetik eta Undarlatik gazteria guzia badoa, bidiak xinurri lerroak iduri, bazkal ondoan, denak Xiximurru mendixkari buruz, haren azpian den herri pollitean yostatzerat.

        Bezperak landa, Faustin soinulari ezagutuak, Benabarreko aiphatuena eskual dantzetako plaza inharrosten du eta bihotzak alegeratzen «Yantza Yauziaren» airea hasten dielaik. Lerroa gero eta gehiago haunditzen da dantzari gazte trebeenekin lehenik, eta heien ondotik ezkondiak eta zaharrak ere, aire eskualdun horrek odola errephizturik. Ze oroitzapenak berritzen dituen gizon adinduenetan, gazte denborakoak, hogoi urthetakoak, beren ametsetako nexkatoen aitzinian zangoak dardarikatzen zituztelarik, bethikotz ihes egin duen arintasunarekin, ez oraiko izter herremelekin.

        Yantza-yauziaren ondotik hasten da «Kontra-yantza», eta muthikoak badoatzi nexkatoen alkietarat langun bathen bilha, ahal bezain pollita, eta hautatu duenaren baimena ardietsirik, eskutik eremaiten du plaza erdirat. Eta denak birazkatuak direlarik, ze trenpian hasten diren.

        Noizian behin ere emaiten daukute «Yantza-luzia», eskualdun dantza ederra, lerro luze bathian nexka eta muthikoak aldizkatuak, mokanesekin lothuak eskuz-esku, eta aintzindari, makhila altxatua, xingolez eta udarez aphandia, deneen gidari.

        Bainan ostatuak ere koka-ahala bethetzen dira, eta ze harramantzak eta kalapitak arnoak sor-arazten dituenak!

        Jakina, koblak ere atheratzen dira, Boryel-enak ahatzi gabe, denak bozkarioari emanak.

        Elhausturia hartan orotarik mintzatzen da, ahoetarik burrustan atheratzen dira solas-gai guzietarik. Batzuk azindez, besteak lurretako zeretaz; uztak, ongailuak eta ongarriak. Zoinek abereen minen sendatzeaz, harek sathorren kalitzeaz, hunek xerrien hasteaz. Eta denak oihuka, eta ardura paso bat mahian emanik, bere erraneri indarra emaiteko... Eta anarthean basoak bethe eta huts, huts eta bethe...

        Oraino, sagarnoa, edo Irulegiko mehe hartarik izan balitz. Bainan Naparroako ardo lodixka horrek, ezpainetik ezin utzia, debriak barnian ditu. Beraz, harritzekoa othe dea kanporat atheratzian beren hurratsak makhur eta hurri izan diten? Ez bathere.

        Heien arthean bazen gizon horietarik bat bethi zerbait yokatzeko gogoan dutela.

        — To, nahukana yokatzen diat mahi bathen gainian buruz-behiti eta zangoak goiti egoiten nizala bulta bat, erraiten yakon lagun bati. Ezetz, baietz, liphistan hasi eta denak berriz sarthu ziren ostatuan. Mahaiko basoak baztertu ondoan, gure gizona kadera batherat iyan eta xut-xuta ezartzen da, buria mahian eta ixterrak goiti... bainan eskiak mahiaren hegian lothuak.

        — To, to! ze, hori duka hire balentria? Nik ere hori inen diat, ba. Kentzik, kentzik, eskiak.

        Hunek ere nahi izan zien gauza bera egin, bainan laguna bezala ezarri zelarik, ez dakigu xuxen barnia nahasi zitzakon, edo arnoa zintzurrerat yaustian ithotzen zuelakotz, edo zer gerthatu zakon, bere gorphutz handiaren phizuak garaitu zuen, eta erortzen da basoen gainian harrabots gaitzian bospasei phorroskaturik, ez haatik haren haragiak xixtatu eta zauritu gabe.

        Etxekanderia erasiaka eta oihuka hasirik, yandarma bat sarthu zen eta kalteen saneurria ordainarazi gainez amanda edo multa bat pagarazi zakon itzuliphurdiaren egileari.

        Ilhunabarra zen, eta huñez biltzeko ezpaitziren aski erne, hartu zuten «Sebastienen» autoa, eta horri esker heldu ahal ziren beren etxetarat makhurrik gabe, bainan biharamunian lanhari lotzeko trenperik xarrenian.

 

Iruñen, 1935'eko Jorrailan.

(El Día, 1935/4/25)

 

aurrekoa hurrengoa