www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

MENDIEZ HARAINDIKOAK

 

        Alderdi edo eskualde eder hartako anaiak hasi zitzaizkigu iatzartzen Eskualherria xutitu nahiz, ez bakarrik bere ohidura eta mintzaiari doazkonetan, bainan gobernutik aitzinagoko Eskualherriko ele zaharrenetarik zonbaiten ardiesteko xedean.

        Denek dakiguna da, nola 1870-ko erreboluzione artio, Laphurdi, Baxenabarre eta Xuberok zituzten bere legeak, gure fuero idurikoak, eta izigarriko inharrosi odolztatu hartan arrunt xahutuak izan ziren, Eskualherria berdinduz bertze Frantziako departamenduen heinean lerrokaturik. Gernikako haritzaren gerizan biltzen ziren Bizkaitar lege-egileak bezala,         Ustaritzen ere zuhaitz baten azpian egiten zituzten beren bilkurak edo batzarrak, Biltzarrak deituak, Laphurdiko gizon argituenek, legeen erabakitzeko. Herri eder hori zen hiri-nagusia.

        Eta harrigarri eta miresgarri dena, inharroste gaitz harek Eskualherriko ohidurak eta legeak arrunt xahutu eta barreatu ondoan, yats hits bat iduri, izigarriko gerthakari latzak ikhusirik... halere izpirik etzen kordokatu beren fedea eta eskualdungoa, hain ttipia izanik ere hango Eskualherriko eremua, arrotzez ithoa.

        Eskualdungoak bihotzian arras barna sartuak dituelarik erroak, nekez, biziki nekez ohilduko ditu bere baitatik eskualdun egiazkoak yendaki edo arrazaren zerak, bere izaitearekin bat egiten baitute, eta lokharri horiek ezin ditezke ahuldu, zer nahi eginikan, edo nun-nahi egonikan ere.

        Horra nun dugun ikhusbide ederrena, zer eta nolakoa den eskualdun hutsa, arrotzkerietarik ezin kotsatuzkoa.

        Bainan erran dezagun, kiratski deitoraturik, zoin bitxi den hemen hatzemaitea holako gizon bat. Eskualdun horietarik kausitzeko mendiez bertze alderat behar ginuke yuan.

        Hemen arrotza errexki nausitzen da bere mintzairaz, ohidurez eta elez, denak hari so teteldurik, perttolikeriak erranikan ere, bere ahotik elhausturia burrustan badariolarik. Arrotz bilakatzen dira hemen legunki eta zaluki.

        Aniz bozkariotzen niz ipharraldeko eskualdun anai suharren xede ederrez, eta igurikatzen ahal dugu ondorio ederrak heien lanetarik, zeren eta kartsuki lehiatuko direlarik Eskualherriaren xutitzerat eta goresterat. Berma hor, anai maiteak; hemen gira behan zuen ondorioren aiduru, eta gogo-bihotzetik igortzen dautzuet goresmen beroenak.

 

(La Voz de Navarra, 1933/1/6)

 

aurrekoa hurrengoa