www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ARO GOXOAZ

 

        Udaberria aitzinatu zaukuia? Hala iduri luke hamar egun huntako denbora miresgarria ikhusiz geroz.

        Bainan ez giten fida ondikotz. Ikhusi behar ditugu oraino hotz eta heze, iguzki disdiranta lanho eta hedoiez estalia ephe luzeez.

        Negu itsusi borthitzaren ondotik, karroin edo horma egun beltz hetaren oroitzapena gure gogoan alhatzen delarik, oraiko egun ederrak ederragoak zaizkigu, zerutikako dohainik xoragarriena.

        Gaztetasunetatik aspaldisko urrunduak girenek hotzari arras minbera gira, eta nekheak iragaiten ditugu negu hitsean, bethi marranta mehatxuaren azpian. Hortakotz oraiko egun eder hauk gazteek baino gehiago goxatzen ditugu.

        Gazteek ez dute den gutieneko axolarik aroaz; berdin zaizkote hotz, bero ala heze. Beren odol beroak eta yite suharrak ez du griñarik holako xehekerietaz...

        Zoin goxoki pherekatzen gituzten iguzkiaren urrezko phiruek, eta nola edertzen dituen bazterrak bere argi biziarekin, bozkarioa hedatuz alderdi guzietarat.

        Zuhaitzak ozitu nahiak daude, eta liliak pinpirinatzen hasiak, geroago emaiteko beren edertasuna gure begien lilluratzeko, eta usain goxoaz gure usma loriatzeko.

        Iguzkia! Argia eta beroa! Horra lurreko izaite guzien phitzgailua sustengoa eta geriza.

        Oilo kolokak bere hegalpeko beroarekin bizitza emaiten du arroltzen barnean diren xita gaieri, eta hok tarrotzen direnian, kuskua hautsi eta agertzen dira, eta berehala lotzen hazkurriaren bilha. Beroaren miresgarrizko botherea!

        Beroa da bizitza eta hotza herioa. Negu latzak izaite xume guziak, uli, mamutxa eta bertze, funditzen eta ezeztatzen ditu, bazter guzietan herioa hedatzen hitstura bihotzean eta ilundura adimenean sarrarazten. Hotz ikharak nagitzen eta uzkurtzen gitu. Hots: supazter bero bat ez dugun ber deusetako ez gira hun.

        Eta erresumek eta behardunek ez balinbaduzte baitezpadako bero eta hazkurria ezinduak, nola bihurri negu garratzari?

        Iraganak iragan, gauden udaberriaren igurikan, eta nahiz aro txarrak beretarik eginen dituen oraino, ez gitu lotsatuko negu borthitzaren heinean.

        Udaberriak badu larrazkenak ez duen alderdi on bat. Han negu beltzari buruz doa. Hura udaren alde, sasoin eder eta egun luzeen agintza da.

        Zoriona ez baitha deneentzat batian eta hein berean ethortzen diote laborariak arras khexu direla, aroa sobera idorra doala, ereintzako biziki kaltekorra dela, bi ilhabethez bederen gibelatua dagola, eta beraz yaz baino uzta eta mozkin ahulagoak izain dituztela. Eta holako arrangura eta zinkurinak entzuten ditugu.

        Egia erran, bethidanik badakigu laborarien beltzuri horiek ez ditazkela osoki sinhets ardurenik, zeren eta dremenden makhurrak iduri zitzaizko nahigabe haundi baten heinekoak.

        Lerro hauk idatzi ondoan denbora ilhundu eta yin zauku euria. Laborariek, egarri zauden dohainaren igurikan, hor dute beren lurren ihintztadura. Busti ditzala heien nahiaren neurrian, guzien onean.

 

(La Voz de Navarra, 1934/2/27)

 

aurrekoa hurrengoa