www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

EGUBERRI, URTHEBERRI

 

        Errilisioneko egun aiphatu horietan giristino gehienak othoizari baino gehiago lotzen dira sabelaren bethetzerat. Ba eta gero sinhestegabeak ere, nahiz Yinkoarentzat axola gutik ukanik, yateko phestetako sinhesteduneer elkhartzen dira. Hortan ez dute ukho egiten, alafede.

        Eguberri goizian itzuli bat eginik merkaturat, izigarriko yendeketa khusi ginuen; trumilka harat zoan yendea, eta barne nasai guzia mukurru koka ahala baino bethea, ezin ibiliz, ukhondo ukaldika leku egin behar iragaiteko, eta gero nahas-mahas hartan ene zangoko konkor bat zapatu zaitan alimale gizon kankail batek ene zintzurretik atheraaziz, atx! samin bat. Barne haundi hura inharrosten zuen haroburrunaba batek, erle kofoin harrotu bat iduri.

        Han ziren lerro lerro Iruñe inguruko herri eta herrixka guzietarik, emazteki, gizon eta nexkato, xutik, beren sahardetarik bildotx larrutuak dilindan, buruz-behiti, haragi xuri goxoak agerian, eskalearen beha. Eta segurki etziteken khexu, bazuten nahi bezanbat erosle. Ehunka izanik ere eguerdiko denak salduak.

        Gero haratxago, beste atherbe batean, berinez estalia, ollo, ollasko, kapoin ahate, epher, eta hegaztin mota guzietarik, yendea sekulako kalapitan, erhotuak iduri, eta ezin higituz kasik, hain zen yendea metatua eta tinkatua, elemeniaka.

        Eta bertze alderdi batean, nik dakita zer zen han! Espainia eskualde guzietako fruitu ederrenak eta goxoenak, eta denetarik hain ausarki eta nasaiki, nun harrituak izan ginen zer xahutze izigarriak egiten diren Iruñen, mahainari eta sabelari doazkon goxotasunez.

        Beherean ere ba omen zen zer ikhus. Haragikeriak, arrainkeriak eta baratzekariak, dena ihaurri gaineraino, eta marruma aphal bat igaiten zen handik, zerengatik ez nintzan ausartatu han sartzerat, harat-hunataka ez ibiltzeko itsas-untzi xume bat bezala uhinen artean.

        Holako egunetan yan ahala sabela hantu ondoan, zonbaitek eginen dute leher-eta-zapart. Eta anartean zonbat errumes gose hamikatuak! !

        Hipócrates, Greciako sendakin aipatuak erraiten omen zuen adin luzerat heltzeko, mahaitik behar dela xutitu gosea erdizka ase gabe. Erran zuhurra. Yan guti eta bizi luze. Ez dea hala, Larreko adixkidea?

 

(La Voz de Navarra, 1932/12/30)

 

aurrekoa hurrengoa