www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE AURKHINTZAK

 

        Nafarroako ipharraldeak lekhu ederrak badituela, asma ditaken edertasunez brokhatuak, guziek dakiguna da.

        Oren erdi bat Iruñetik goiti yuanezkioz hasten zaizkigu ikhusmenak edertzen, mendiak oihantzen, etxeak xuritzen, koloreak bizitzen, garbitasuna agertzen.

        Begiak eta bihotza bozkariotzen zaizkigu.

        Aurkhintza menditsuek eta euritsuek berekin deramate edertasuna, zeren eta hezea landare guzien hazkurria eta bizigailua delakotz; gizonarendako hatsa edo yanharia bezain baitezpadakoa.

        Eremu zelai eta idorretan, ura dutenezkioz, zerukoa ala ur-bidekoak, lurrak aberatsagoak eta gizenagoak dira, bainan begienganako edertasunak ukho egiten du.

        Eta bizkitartean orotarik behar dugu, bizitzaren beharrer ihardokitzeko.

        Egin dezagun, irakurleak, zuekin, gure yar alkitik higitu gabe, alegiazko pidaia bat Nafarroako xoko batetarat, Oroz-Betelu eta Garraldan gaindi.

        Agoitzetik haratago, Itoiz-en, hasten da errege-bide berri bat Oroz-Betelu-raino doana. Zonbait kilometra phastu ondoan agertzen zauzkigu mendi arkhaitzak eta ezpeldunak. Bidia gero eta haratago sartzen da mendi arthetan eta azkenian izigarriko yintzur mehargune hertsi batian gira, ohian beltzaz estalia, sahetsak pathar xutak, eta gohoratasun haundikoak. Zuen aitzinian ikhusten duzie zokho ilhun bat, neholere inondik bidia iragaiten ahal dena iduri zautzuela; athe gabekoa.

        Eta sorgin edo ifernuko erreka beltz eta hits hartan doa Irati-ko ibaia edo ur-haundia!

        Errege-bidea eta ibaia elgar zehiarkaka doatzi bi xingola mehar idurikoak, eta doi-doia iragaiteko lekhua dutenak.

        Lehenbiziko aldiz ikhusi nuenian ene harriduran landatu nintzan, handik ez higitu nahiz. Bethikotz bihotzian eta gogoan sartzen dena, sekhula ahanzten ez dena, aurkhintza miresgarri hura!

        Phendoitz izigarri eta beltz heietan hain dire xut sahetsak, nun gainari soiteko buria arrunt goititu behar da. Eta han, arkhaitz kaskoko muthurretan dabiltza arranoak beren kafien edo ohantzen ondoan hegaldaka, inguruka, zerbait hiliki barrandatzen. Hango erregeak dira, egiazki, hegaztin itsusi horiek.

        Artheka ilhun hartarik athera ondoan, emeki emeki eremuak zabaltzen eta eztitzen dira itsasoko hasarre ondotik uhinak ematzen diren bezala.

        Geroxeago agertzen zauku zelaiño batian, Oroz-Beteluko herri pollita.

        Guazen aitzina eta horra nun khausitzen dugun paper olako hauzoa, lantegi eder batzuekin, eta etxe xuri ederrak ingurian. Han ere badira mendi zuhaitzdunak, eta gain zabal bat bere naza haundiarekin, olako tresnak higitzen dituenak. Toki arras ederra eta goxoa.

        Abia giten Garralda alderat, eta berehala sartuko gira Nafarroan den haritzdoi ederrenian, erraiten dutenez.

        Asma zazie nolakoa diteken oihan hura. Haritz ondo gazteak, denak adin berekoak, hagak bezain xuxen eta lerden, gohoratasun haundikoak. Iduri du norbaitek zaindu dituela ondoz ondo, baratze bathetako landareak bezala. Ba eta oren bat behar da huñez oihana phasatzeko.

        Azkenian, bihurgune baten ondotik landa, izigarriko phendoitz baten gainian gira. Han, lotsagarri behere hartan, ageri da Irati ibaiaren zilarrezko xingola, xumea.

        Urrunago ikhusten dugu Aribe-ko herrixka eta eskuin aldian Orhy-ko kasko zuria lanhoz erdi estalia.

        Utz dezagun Aribe-ko bidia eta sar giten Garraldan gaindi, hor phausu bateginik behako bat emaiteko herri eder horri, xuria eta eliza eder batekin.

        Eta hemendik Arrobi-ko bordetaraino den ordoki luze eta mehar hura, mendien arthean, ez duzea ikhusi? Altaa, lekhu ederrenetarik da, seurki.

        Phentze eder hetan daude alhan behorrak multxoka, bazka goxo gizenetan hazten eta edertzen direnak, geroxago Auritzeko feira aiphatuetan saneurri edo prezio onetan saltzeko.

        Horra irakhurleak, nola egin dugun itzuli bat, bathere etxetik yalgi gabe Nafarroa ipharraldean den xoko eder batetarat.

        Eta zonbat holako ditugun!

        Ene luma ez bazait erdoiltzen, bertze pidaiaño bat ere eginen dugu mendiz gaindi.

 

(La Voz de Navarra, 1934/5/23)

 

aurrekoa hurrengoa