www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

NAFARROATIK

 

        Iruñeko berriak.— Juan den astean khexu nintzen aro hotz eta latza gatik, baina uste ginuen bezala yauzi batez sarthu gira uda beroan, bere harri erauntsiarekin eta oro, primadera alde baterat utzirik. Sasoinak gizonak bezain nahasiak ditugu.

 

* * *

 

        Hilabethe hunen erditsuko heldu da Iruñerat Alemaniako Cirque Krone handia, Espainiako hiri haundienak kurritu ondoan. Ekhartzen omen ditu berrehun bat wagon treenekoak, eta munduko alimale guzietarik, beren artean berrogoi eta hamar elephant, bat sei mila kilo pizukoa. Zer anta pollita! Eztu arbi batekin betheko bere sabela. Naski, izigarriko orruak eta marrumak entzunen ditugu. Zenbaitek diote ez ote den Alemainako reclame haundi bat, gobernuko sosaren laguntzarekin, bethi gauzak kolossal egin nahiz. Baditeke.

 

* * *

 

        Ohartu gira Eskualdunak eztiela aipatzen hitzik hemengo pilota partidetarik. Iruñeko Fronton Euskal-Jai, Espainiako famatuenetarik da, eta hemendik atheratzen dira pilotari gaitzak. Orai berian Espainiako bi pilotari hoberenak, les as, Nafarrakoak dira, Irigoyen eta Abrego, Iruñeko eskolan eginak. Espainiako kasetek Irigoyen deitzen dute, el león navarro, indar gaitzekoa. Abrego, hemezortzi urtheko mutiko bat, deitua da fenomeno de la pelota, artista de la cesta. Hola deitzeko zonbat ez du balio behar! Orai artio Irigoyenek eztu etsaiik (sic) izan, nehork etzaikon hari hurbildu Espainiako pilotarien artean. Eta horra nun Abrego, holako adin gaztian nausitzen zako ardura bere yoko xoragarrienarekin. Biak aspaldi dabiltza Madrileko fronton ederrenean, eta futxo pagatzen dituzte kantari famatuak bezala.

        Irigoyen aberastu da pilotarekin eta Abrego, muthikoño hori, zalhu aberasteko bidian doa, holako irabazi haundiekin.

        San Fermineko bestetan ariko dira hemengo fronton Euskal-Jai an.

 

Eskualduna, 1928/6/8.

 

aurrekoa hurrengoa