www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ORRIAGA-KO BEILAK

 

        Idazki buru hau ikustean uste ahal zinezakete mintzatzerat nohala aitzineko denboretako beila hetarik, Europatik Orriagan gaindi Yondone lakue Compostelarat yuaiten zirenak. Ez; geroagoko denboretarik mintzo niz, eta zorionez oraiko egunetan egiten direnetarik, ohidura zaharraren arau.

        Urtian badira bi sasoin Orriagan biltzen direla beilari anitz, Nafarroa iparraldekoak eta Benafarrokoak.

        Arras aipatuak dira Artz-ibar, Erro-ibar, Oroz-Betelu, Auritz eta Auritz-berrik egiten dituztenak Salbatore ondoko astian, bakotxak bere egunian.

        Beilarien artean bada gizon andana bat, bi lerroetan bide sahetsian doazinak, zurezko kurutze haundi batzu bizkarrian, berek eginak, begitarteak estaliak oial beltz batekin eta gerriak soka luze batez inguratuak, fraidek edo lekaidek eremaiten duten gisan. Hildura eta «mortificación» hori egiten dute bere bekatuen barkamendua ardiesteko, Yainkoari eskeinik yasaiten dituzten nekeak eta pairamenak.

        Gauzarik ederrena eta bihotza hunkitzen duena da ikustea Auritzetik Orriagarako bide zabal xuxen artan, oianez inguratua, gurutzedunak beren pizu haundia bizkarrian, gurutzia goora atxikia beso altxatiez, eta arrosarioa kantatzen ozenki, apezaren otoitza errepikatzen.

        Herri bakotxak ekartzen du bere elizako gurutzea, eta haren ondoan doatzi apezak eta beretterrak eliza soinekoekin. Gero kurutzedunen ondotik badoatzi ehunka beste beilariak, denak arrosario kantuz.

        Eta beilari guziak barur doatzi, zonbait gauaz abiatuak bere etxetatik, Jauna-artzerat Orriaga-ko elizan.

        Meza nausian eskuarazko prediku bat egiten du mintzatzaile berexi batek. Mezatik landa denak badoatzi ostatuetarat goizik itzultzeko beren herrietarat.

        Anitz turista frantses yuaiten da beilarien ikusterat, eta han dabiltza klix, klix, bere tresnekin itxura hartzen, gero Frantziako kasetetan agerrarazteko.

        Gauza miresgarria da ikustea eskualdun fededun suhar horiek.

        Beste egun haundi bat bada Orriagan Buruilaren zortzian, Andredena Mari egunean. Egun hortan etortzen dira mendiz bertze aldekoak, Benafarroakoak, Doniane Garazikoak, Arnegikoak, Lasa, Ehiaralarre, Izpura, Aintzile, Donazaharre, eta beste anitz, Luzaidekoak ahantzi gabe, erregebidez. Banka-rrak, Baigorriarrak, Urepeldarrak, Aldudarrak, Ezterenzubiarrak, mendiz gaindi, eta denak, yakina, barurik, Yauna-hartzeko Orriagan. Eta anitz, bospasei oren mendiz uñez ibili-ondoan.

        Horietarik badira bezperatik etortzen direnak, eta ostatuak beilariez betetzen dire.

        Arratsaldean, etxeratekoan, ze yendeketa pasten den Luzaidetik!

        Garaziko hogoita iru herrietan, ba eta Baigorri-ko ibarrian eta aranian ere fede haundia dute Orriaga-ko Andredena Marian, eta pidaian nekeak iraganik ere mediz doatzinak, halere sekula ez dute huts egiten.

        Yakina, gudu haundiaren denboran etziren yuaiten, mugak etsiak zirelakotz, bainan gero berriz yarraiki dute ohidura, ez haatik lehen bezenbat.

        Egun hori deitzen da Solbezio, eta ez dakigu nundik eldu den itza, ez eta zer erran nahi duen. Zonbaitek diote salvatio latinetik hartua dela; bainan yakintsuek ez dute onartzen ori.

        Horra Nafarroako ohidura zaharrenetarik bat, zoinek erakusten dauku zer fede suharra zuten gure aitzinekoek.

 

        A. IRIGARAY: Prosistas navarros, Príncipe de Viana, Pamplona, 1958, 77-79. or.-tik jasoa.

 

aurrekoa hurrengoa