www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUÑE ZAHAR ETA BERRI

 

        Gauza zaharrek badute bere alderdi ederra eta goxoa, zerbait gure bihotzian hunkitzen duena, eta oroitzapenak iratzartzen dituenak, bereziki gureentzat; hain aipatua izanik aitzineko mendeetan Naparroako erresuma eta bere hiri nagusia.

        Iruñeko karrika zaharrak mintzatzen zaizkigu lehengo denboretako oiturez eta bizi moldez. Hertsiak eta ilhunak izanik ere, maite ditugu bere xoko eta bihurgunak. Dormitaleria, Mañueta, San Francisco, Carmen eta bertze, etxe zaharrak bere zigilu edo armaharri ederrak agerian, lehengo familia aipatuenen egoitzak gure gogoa oroitzapenez bethetzen dute. Eta orai hauzo xahar horiek erdeinatuz, ihes doa yendea auzo berri edo Ensanche hortarat, lakhet baitzakote argia eta zabaltasuna, bai eta ere osagarria, futxo!

        Nola ukha osagarriarentzat hobeagoak direla karrika zabal eta etxe nasai berri horiek?

        Karrika zahar eta mehar horiek lekuko dira nola orai ehun urthe Iruñen yende gehien-gehiena mintzatzen zen gure eskual mintzairan, bai eta aintzinago gibelatzen balinbagira, zer gudu izigarriak izan dituzten beren artean, egundainoko herrakundeaz inharrosiak, sarraski gorrienean odolztatuak, frantses arrotzak ohildu nahiz Nabar-erria hauzotik, hok bizi zirelarik Jaun Done Satordi elizaren inguruan.

        Hor dira oraino karrika zonbaiten izenak, Lindatxikia, Txapitel, Mañueta, Santo andia, frogatzen digutenek, nola zen Iruñeko mintzaira eskuara huts-hutsa, eta yakina da bazela lehen Iruñen Plaza bat deitua, Zugarrondo, eta arrotzak itzuli zuen erdararat, Plaza de Olmo deituz.

        Gure gazte denboran, baditu urtheak, etzen garbitasuna batere hedatua, etzen oroz gainetik baitezpedako behar bat, orai bezala; eta oraino oroitzen gira nola ur-ixurkien usain gohaindigarria gure sudur zilotik sartzen zitzaizkigun; zeren eta karrika sahetsetan bazirelarik zilo batzu lurpeko erreka zikinetaraino heltzen zirenak. Orai, zorionez, zilo horiek etsiak dira sifon tresna bati esker urak berak estaltzen dituenak, eta usain tzarrak ez dira igaiten karriketarat.

        Zer ondorio onak doazkon osagarriarentzat!

        Lehengo yendakia gogorra zen. Etzen hain minbera hotzari, beroari, usain tzarreri egungo egunetako araberan.

        Ez da harritzeko nola doan yendea auzo berriko bizitokietarat. Mundua bertzelakatu da izpiño bat. Goxoegi, aiseago, eta hobeki haziak eta yauntziak bizi gira. Oraiko yende aphalak lehengo ahaldunen heinenan eta herrunkan lerrokatuak dira. Langileak irabaziak lehengoetarik hiru aldiz goititurik, ikhusi behar da zer sudurrak dituen yateko, edateko eta yauntzietako. Untziko xardina eta xingar gizen urdindu guti orai langileen mahainetan. Xingar ginarri xafla ederrak, bildotx giltxurrinak, oillasko eta sasoineko hegaztin yaki hautak.

        Iruñeko auzo berria (Ensanche) ari da egin ahala hedatzen. Etxeak gero eta ederragoak erakitzen dituzte, bost, sei egoitzetakoak gehienak goititzale edo ascensor horiekin, karrika zabal eta nasaiak, zolak ederki zimentatuak, eta bidekarien ibil-tokiak ezin hobeki aphainduak.

        Denboraren urratseri yarraiki behar. Erranak diona: Renovare o morire.

        Lehengo gudu-harrisu gaitzak suntsiturik, eta heien azpiko phezoin beherak lurrez estalirik dena berdindu eta zelai zabal bat eginik, zer lan izigarriak oraiko egunetaraino heltzeko!

 

(La Voz de Navarra, 1932/12/22)

 

aurrekoa hurrengoa