www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUARAREN IKHASTEAZ

 

        Ez dezazuela asma, irakurleak, nik erranak baduela den gutieneko hanpurus erakasnahia, zeren eta eskualdunen azken lerroan edo herrunkan nizalakotz. Bainan halere bakhotxa haizu baita bere gogoetak agerrarazteko, ausartatzen niz erraiterat zoin diteken ene ustez bide errexena eta hoberena eskuara untsa ikhasteko. Erran nahi dut. Académico eta yakintsunena, ala menditar eskualdun hutsen solasena.

        Nik ikhasten hasi behar banuke dremendenik durduzarik gabe hauta nezake eskualdun menditarren solasaldiak, academicoaren ordez. Bainan aithormen hunek behar du argitasun bat. Academikoak edo yakintsunak eskuara sortzetik ikhasia balinbadu: ohakoan, amaren bularretan, errainten ohi den bezala, ordian ezbairik gabe hori ditake bide hoberena, zeren eta mintzaiaren yabetasunari elgartzen zaiolakotz yakintasuna.

        Yakintsuna eskualdun berria balinbada nihondik (yakin dezala nahi duena), ez da mintzatuko menditarraren trebetasunarekin; eta egindura, itzulikak eta aditza harek baino erneago eta garbiago ibiliko ditu, nahi ala ez.

        Nahiz anitzek kausituko duten poxi bat arradoa edo ausarta ene sineste hau, ni xede hortarik ez niz kantitzen ez eta kordokatzen, gogoan atxikitzen dutalakotz erakaspen haundiko ohar hau.

        Eskual idazle yakhintsun guziek eskuarari lothu direnean, bere liburu eta hitztegi ederren moldatzeko, zoin ithurrietan edan dute beren yakitatea, nun bildu dituzte gaiak, nori eskatu diote argitasunak, nun alhatu beren adimendua eta gogoa? Hitz batez, Norat yuan dira eskuararen ikhasterat? Menditarren ganat, eta heien artean zaharrenetarat, aitaxo eta atsoen ganat. Horra eskualtzaleen yakitasunaren egiazko ithurburuak.

        Luciano Bonaparte berak ez balitz egon hamalau urthe eskualdun herrietan bethi solasian menditarrekin, egin ahal luzkea egin dituen lan ederrak? Ez, eiki.

        Yakina da, liburuetarik eta erakasleetarik baitezpadako beharrra dutela eskuara ez dakitenek eta eskualdunekin mintzatzen ahal ez direnak. Bestenaz, nola abia, nola begiak idok, nola ikhasten has? Itsuak kudeatzaile eta akulatzaile gaberik ez du urratserik eginen.

        Bainan erran dezagun ere. Denek, ohakotik dakigunek ala geroago ikhasi dutenek, bethi irakurtu behar ginuke, ahalaz, sortzez eskualdun direnen idaztiak.

        Mendiko ithurri zurrustatik goxoago zaikigu edatea ezenez etxean bildua dugun untziko uretik. Ez dea hala?

 

(La Voz de Navarra, 1933/6/21)

 

aurrekoa hurrengoa