www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

AURITZEKO ZELHAIA

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Eskual-herriko aurkintza ederrenetarik da Auritzeko zelhai zabala, itsasotik 900 metra gohorako toki batian yarra. Ze lekhu loriagarria!

        Dena phentze ederrez estalia, behi xuri eta behorrez betheak, alhapide aberatsetan bazkatzen direnak udaberritik larrazkenaraino. Harat eremaiten dituzte Baztango, Ultzamako eta Benabarreko arthaldeak.

        Gero zelhai hura dena inguratua da mendi oihantsuez, eta erdi-erdian Auritzeko herri pollit eta garbia, bospasei hotelekin. Teillatuak xut-xutak dira, elhurrak yautsarazteko, zeren eta hango elhurteak noiz-nahi negu borthitzetan zortzi zehe loditasunekoak egiten ditu.

        Handik agerian eta hurbil dugu Astobizkarko kaskua, Eskual-herriko mendi orhoitzapen haundikoa, 1.500 metra gohoratasunekoa.

        Gero Auritzeko Orriaga-rako erregebidea, phagodi ilhun eta itzaltsuen arthian. Ze parabisu xoragarria! amets diteken tokirik ederrena!

        Eta Orriaga-tik haratahago eta goitixago, lau ixtapetako bidia egin ondoan, bethi oihan beltzen erditik, han dugu Ibañetako lephoa, aiphu haundiko tokia.

        Gure aitzinian, iphar alderat dugun ikhusmena, ez da nola-nahi ahaztekoa behin ikhusizkioz.

Zazpi ehun eta berrogoita hamar metra beherago, izigarriko erreka haren zolan, dena pendoitz eta oihan, urrunerat ikhusten ditugu Luzaideko bazterretxiak, ttitta xuri batzu disdirantak phentzeen sahetsetan.

        Eta haratago, Garaziko eta Benabarreko eremuak, urruntasunak urdinduak, begiek hel ahala.

        Zonbat aldiz ez nizan egon gain miresgarri hartan, xoratua Eskual-herriaren edertasunaz!

        Eta Ibañetatik ezker eta eskuin yuaiten balinbagira? Bainan itzul giten berriz Auritzerat, lerro hauen hastapenerat eta xederat.

        Aurthen baziren herri xilar hortan, udaminean, ez bakharrik Espainia barneko yendiak, bainan, Frantsesak, Anglesak, Alemanak, eta beste erresumetakoak.

        Eta denak loriatuak omen zauden lekhu goxo hartaz, ba eta yendeez eta yateaz ere. Eta gero yende horier lakhet baitzaiote mendietan ibiltzea, egun batez yuan ziren multxo bat Irati-ko oihan gaitzaren ikhusterat, eta han egin duten harrigarriko nazal, ibaiaren hurak biltzeko. Erran omen zuten holako edertasunak nekhez ikhusten direla.

        Auritze gero eta gehiago doa herriaren aphaintzen eta edertzen; eta aurthen baten yendez leherra.

        Haren omena hedatzen ari da, zeren eta zelhai paregabeko hura gohoratasun hartan, sasoin beroaren phasatzeko eta osagarriarentzat lekhu hauta delakotz.

        Bainan, Auriztar eskualtzaleak, egin zazie inahalak eskuararen atxikitzeko eta hedatzeko, hea berriz heltzen ahal den horgo eskualdungoa nik gante denboran ezagutu nuen heineraino.

        Ordian denak mintzatzen zinezten gure mintzo ederrian. Eta orai? Ahantxu nehor.

 

(La Voz de Navarra, 1935/11/21)

 

aurrekoa hurrengoa