www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

UDABERRIAN NAPARROA'KO IPHARRALDEAN

 

        Nafartar guziek ez dute ezagutzen gure ipharraldeko aurkintza miresgarriak hain aipatuak izanik ere bere edertasun lilluragarriaz. Udaberrriaren buruz gira, eta nahiz aro tzarrak gibelatu dituen zugaitzen ostotzea, helduden ilhabeteko eremu guziak, pentze, larre, othar, eta mendi mazelak oro soineko ederrenetan yauntziak izan dira, gure begiak loriatzeko ikhusmen txoragarrietan.

        Nik bederen aurthen ere ase on bat egingo dut toki eder horietan, mendiz gaindi ibiliz, bide xendre zehiarrez goti eta beheti, esker eta eskuin, eta azkenian yarririk pagodi eder baten itzalpean, iguzki saminetik gerizaturik, nere begi aitzinean bazterretxe txuriak kokatuak han hemenka mendi sahetsetan, pentziak eta larreak artaldez brokatuak, ardi xuri, behi xuail eta behor gorrailak alhapidetan. Eta noizian behin nere solasaldiak artzainekin gure eskuara maitean.

        Ba othe da zorion ederragorik? Hiritik iges egiten luzaz, bazterturik, urrundurik gizonen nahaskeria, aiherkunde eta bekaitzkeria gohaindigarrietarik, han mendian bake ederraren erdian. Nik onhartzen dut yakintsu baten errana: Gehaigo ezagutzen dut gizona, gehiago urruntzen naiz bere ondotik.

        Mendian bederen ez ditugu aditzen heien kalapitak eta hasarreak, eta ez dute meskartzen gure barneko bakea.

        Bakotxak bilhakatzen du zoriona bere meneko heintsuaren moldean. Nik holatsu gogoratzen dut nerea, ez baigira, gero, guziak orhe beretik eginak. Ez eiki.

        Mendi kaskoan nizalarik luze-luzea etzana soropilean, asmatzen dut udaminean nola diren erre kixkalduak, idorteak agorturik bazter guziak, hegoaldeko eskualdeak, gure ingurian ikhusiz naharoki ur txirripak yausten alderdi guzietatik errekari behiti, zolako ibaiaraino, phenzeak, goizeko ihintzak bustiak, iratziak eta belarrak bere usain samin eta goxoak loriatzen dutela gure uzna, alderdi guziak edertasunez hedatuak nasaiki. Ahoa zabal-zabala balditua nago.

        Ez da, ez harritzeko han sortuak girenek zonbatetaraino maite dugun gure txoko goxoa; eta gero haur denborako oroitzapenak adimendua eta bihotza betherik oroitarazten gitu mutiko torratuak ginelarik (badu denbora puska bat) sagarrak eta gereziak sasitik yauzi egin eta zoin polliki bethetzen zituzten gure sakelak eta papoak, iges eginik patarrari behiti, harriak burrunban eta firrinduka iragaiten baitziren gure beharrietatik ez urrun. Futxo!.

        Bainan zein aldatua, bertzelakatua, gure sorterria ordutik geroz!

        Eskolan ez da lehen bezala errient eskualduna. Gure denboran erdera ikhasteko behar zuten errientak eta errientsak itzuli eskual hitzak erderarat. «Aza, berza: bertza, caldera», eta hola. Zoazte orai holakorik ikhusterat. Herria arrotzek ithota dute bere mintzairaz.

        Besta-berri bespera haurren zoriona zen. Bazterretxetan etxez-etxe ibiltzen ginen saski haundi batzu birazkoa atxikirik beren giderretatik, lili eta ezpata belarra biltzen. Eta zer atsalaskariak! Sagarrak, udareak, esnea, eztia, nik dakita zonbat dohain eta halere ezin asez gure klika. Oraiko adinean leher eta zapart egiteko baginuke holako hazkurri erdiarekin gure sabelean.

        Eta ikhustekoa zen biharamunean prosesoina iragaitean karrikan, lurra dena liliz eta belarrez hedatua, estalia, yaun erretora Iguzkisaindua bere eskuetan ezkilak dandaka, lehioak eta atheak mihisiz aphainduak, herri guzia inharrosia.

        O! haur denborako orizapenak! Ez dira nolanahi ahanzten.

        Iruña'n yorrailan.

 

(La Voz de Navarra, 1932/5/8)

 

aurrekoa hurrengoa