www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUARA ERREKARAT?

 

        Deithoragarri da herri eskualdunetan ikhusten duguna. Erdara, arrotz mintzoa, nagusitzen ari da egunez egun, erdeinu eginik gure mintzaira ederrari.

        Odoleko deiari ukho egiten da eta nolanahi erortzen dira arrotzen azturetan eta mintzoan. Gazteriak, eta bereziki nexkatoak, beren herrietan ikhusiz andere kanpotiarrak azken modazko yauntzietan, liluratzen eta xoratzen dira aphaindura eder baten aitzinean. Edergailuak, lephoa eta besoak buluziak, biloa motz, zaiak labur; horra herrietako nexkeen begiak larrituak, zerbait miresgarri balitz bezala. Eta gero, futxo, nola ez heier yarraiki urrats eta ele guzietan, nola mintza gure ele arruntean, arrotza ikhusirik bere ahotik badariola elhausturia burrustan, zaluki eta legunki? Ez, diote, eskuara sukhaldetik kanpo ez daike athera. Bego han, supazterrian, atsoentzat, zaharrentzat. Horra nor diren egiazko eta lehenbiziko hobendunak gure eskuararen galtzeaz. Nexkatoak.

        Emakumeak, zer lan ederra egiten ahal duzien gaitzari ihardokitzeko, zien ikusbide edo exempluarekin!

        Muthikoetan ere holako zerbaitsu gertatzen da, bethi kanpotiarrari atxikia, heien eleak eta hitzak nahiz ikhasi, zozokerian tetelduak, ustez arrotzak baduela munduko yakitate haundia, eta berek, herritarrek, adimendu itsua dutela, ilhunbetan bizirik. Ez da beraz, haundi eskuara gutietstea, bere solasetarik ohilduz, baztertuz, zerbait okaztagarri eta higuingarritik urruntzen giren bezala.

        Eta harritzeko da nola herrixka batetarat lau, sei arrotz yinez geroz, berehala gazteria guzia beretzen duten, heieri so, ahoa zabaldurik.

        Ba eta gero, zertako ez aipha ere aphezek zein guti axolarik duten eskuararen ganik, beren elizako predikutan erdarari lothurik herri arras eskualdunetan, guhaurek ikhusi dugunez asko aldiz? Eta, zertako hori? O! hiruzpalau entzuliar erdaldun elizan badirelarik. Eta herritarrak, gehienak, han daude aphezari so, hitzik ulertu gabe.

        Errientak edo maestroak ere hobendun haundiak dire eskuararen iraungiaz, guziz gehienak etsai gorriak baitire. Eskolatik kanpo, karrikan, haur ttipi ala tarrotuer debekatzen dituzte eskuaraz mintzatzea hau ere gure begiez ikhusia dugu. Lekuko gira.

        Eskuara itsabasitzetik beiratzeko, ene ustez, lan hoberena ditake gizon eskolatuak, eta halaber andere gazteak, mintza diten bethi eskuaraz herritarrekin, zeren eta ikhusbide hori ikusiz ahalgea eta lotsa yuain zaizkote, eta berehala lothuko dira eskuarari. Zonbat aldiz ez gira ohartu hortaz, guk gauza bera eginik.

        Emakumeak, emazue hor, lanari; mintza herri eta herrixketan eskuaraz nexkatoeri; ohil zazue heien herabea, goraki atxikiz eta hedatuz gure mintzaiaren edertasuna. Ohakoako mintzoa ahanzten edo baztertzen duenak, bere gogoa, bere baita, bere izaitea bertzelakatzen du, eta arrotz bilhakatzen da bere kidekoen artean. Horra eskuara ahantztearen ondorio hitsak.

        Gauden eskualdun Eskualherrian.

 

(La Voz de Navarra, 1932/11/10)

 

aurrekoa hurrengoa