www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUARAREN IDAZTEAZ

 

        Lerro hauk abiatu baino lehen yuan dalla aitzinetik aithormen bat, deblauki errana, gaitzikorrek ez dezaten uste heien makhur xuxentzaile edo kitzikatzailea nizala bakharrik.

        Aithortzen dut nik ere denen araberan badituala nere hutsak, eta ene herriko baserritarren ondoan, mintzaiari doazkon trebetasunetan anitz ikhastekotan nizala; bai eta ere heien artean yakintsun hoberenarekin baino gehiago argitzen dutala ilhuntasun zonbait balinbadut.

        Anitzek uste dute eskuara untsa idazteko aski dutela hitztegietako hitz guziak yakinez gogoz edo apuñatik. Eta ez da bathere hala.

        Ene ustez hitzen ikhastea bezain beharrezkoa da aditza edo verboa, egindura, eta itzuliak eskualdunki ibiltzea, zeren eta hitz batek hitzaldi batean erran nahi duena, beste batean, bera, lekhuz kanpo da, funtserik gabekoa.

        Ikhusbide anitz ezar nezazke hemen, bainan irakhurleak enhea ez diten herabez ez ditut lerro hauk luzatu nahi hedadura haundiskoa emanik ene oharreri.

        Buru-hausteak izan ditut zonbait aldiz idazti batean hitzaldi bat ezin arras ulertuz, bere itzuliaren ilhundura ezin argitaratuz, xuxenki yakiteko zer erran nahi othe zuen, eta ardurenik azti batek bezala bere mamia athera beharrez.

        Hortakotz erran dezagun berriz ere, behin bethikotz, baitezpadako eta ezin utzizko beharra dela urthe guziz iragaitea ahal den ephe luzeena herri eskualdun huts batean, baserritarren solaseri garraikirik, eskuara garbi, trebe, eta gurbil ikhasi nahi duenak. Liburuen ikhasgaien eta errint-erakasleen ondotik hori behar lukete egin guziek, urthean behin.

        Zer mirakuluzko ophutzak, zer mozkin nasaiak ez lezazkete bil! Uzta ederragorik ez dezakete ametstu.

        Nihauri gerthatu zautana erraiten dautzuet irakurleak; eta ene ikhusbidea yarraikirik zihaurek froga zinezkete nik erranak.

        Eta lerro hoon ondotik erran behar dut aspaldian gogoan ninduana, Irular gure adixkide idazleaz. Bere eskuara arras lakhet zait; garbia, ernea eta bakhuna, hain gisa goxokoa eta argia, nun mendiez bi aldetako eskualdunek ulertzen ahal dutena errexki, dremendenik neketasunik gabe.

        Eta harrigarriago dena; eskuara ikhasi omen du, ez amaren besoetan, bainan muttiko tarrotua zelarik. Ez daiteke sinhets bere elheketa eta idaztieri oharturik, ez dela haren sor mintzoa.

        Barkha nezazu, Irular, zure matelak gorriarazi baditut izpiño bat, bainan egia erran behar da oroz gainetik, lausenguak alde bat utzirik.

        Nolako aita, halako semea.

 

(La Voz de Navarra, 1933/4/9)

 

aurrekoa hurrengoa