www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

TRESNA TXAR BAT

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Manex, etxeko nausia, irakurtzen ari zen «Eskualduna», bazkaitea zoalarik, lehia haundiarekin, mahi aitzinean yarria.

        —Alo, utzak paper hori; salda hoztuko zaik!, erraiten dako etxekanderiak.

        Eta Manexek, begitarte hits batekin, uzten du kaseta bat batian, nigarra kasik agerian, eta auhen baten ondotik, dio:

        —Gizagaizoa!!, gaixo Battitt, hainbeste urthe ez yakhinik nuntsu zen ere, eta horra lehenbiziko berria. Dohakabea! Eta Gexinak, bere emazteak, herstura batekin galdetzen dako:

        —Bana, zer duk, Manex, ze irakhurtu duk, nor hil da?

        Senharrak emaiten dako «Eskualduna»:

        —No, irakhur zan hori.

        Eta Gexinak irakhurtzen ditu paperrian lerro hauk: «Ameriketako berriak. Nevada-ko eskualdunen artean dolumin haundia egin duaku yakitean Batixta Erramuzpe, hain ezagutua eta maitatua zen gizona, hil dela yuan den astean ixtripu baten ondotik. Beribil bathean zoalarik, bihurgune bat ez untsa harturik, pendoitz bati behera yuan da, eta han lehertua kausitu dute karrosa uzkailduaren pean. Gizon langilea eta zuzena, ontasun haundiak egin zituen, eta bere bihotz hunak bazakien behardunen arthean eskia zabaltzen. Sortzez Ezterenzubikoa zen, Baxenabartarra».

        —Gaizua...!! Horra zer giren, Manex, heriotzaren mehatxuak nun nahi barrandatzen gitik. Bana ez ginakikan bizi zenetz ere, eta hain aberatsa zela.

        —Ze naun, Gexina, hogoita hamar urte harat yuana eta sekhula haren berriak yakin gabe. Hola zunan Battitt; gizon bildua eta uzkurra.

        —Errak, Manex, zion emazteak, donadua izanki eta hi anai bakharra, legearen araberan hire eskutarat yinen zaizkik haren ontasun guziak. Ez dea hala? Behar diren urratsak in behar dituk berehala. Yinko maitia, nork erran behar zien ephe laburrik barne aberatsak izain ginela?

        Eta Gexinak, Kattin, bere alaba pollitar erraiten zakon:

        —Ene gaixo maitia, ze soineko ederrak izain dituxun! Andere panpina bat bilhakatuko xitut, eta xure esku pollitak ez dituxu andeatuko xurrutategian baxera ikhuzten.

        Herri guzian yakin zuten berria, eta ahoz aho hedatu zen hilak utzi zituen aberatstasunak, denak Manexen eskutarat erortzekoak.

        Bainan, ilhabethe bat pastu ondoan, horra nun egun batez berriz «Eskualdunan» zer irakhurtzen duen Manexek harritua eta balditua: «Juan den ilhabethean, Ameriketako berrien arthean ezarri ginien Nevadan hila izan zela ixtripu bathian Batixt Erramuzpe, bainan zorionez ez da egia. Osagarri hoberenian bizi da. Norbaitek helarazi zuen gure berriketariari berri faltsu hori».

        Gogoetan ari zen Manex, nork eman othe zuen holako berria eta zer xedetan. Burutik etzitzakon kentzen herriko norbaiten yukutria zela, Ameriketako adixkide soryes zonbaiti igorria, «Eskualduna»-ren berriketariari sinetsarazteko.

        Amak, bere alaba ainbeste balakatu ondoan aberastasunarekin, uste zuen Kattinek nahigabe haundi bat ukhain ziela, haren ametsak ezeztatzian.

        Baina Kattin, aitzitik, arras kontent zen yakitean bere oseba gaixoa bizi zela, eta haren aberatstasunak bathere gutiziatu gabe, orai arteko lanetan biziko zela.

        Behin, Manex, artho kukula mozten ari zelarik alhorrian, hurbiltzen zaio adixkide min bat eta erraiten dako:

        —Badakik, Manex, bethidanik hire adixkide leiala nizala, eta maite hutala egiazki. Hitz emaiten badak ene izena ixilduko dukala, errain deiat nok igorri zien hemendik Ameriketarat hire anaiaren hiltzearen berria, agertarazteko «Eskualduna»-n.

        Badakik ze tresna den Errekaluzeko Piarres. Badakik ere Kattinekin ezkondu nahi ziela, eta hunek, hire aholkuz, nola igorri zien «phorru landatzera...». Eta itsuskeria hon egin dik hitaz mendekatzeko eta trufatzeko.

        —Esker mila, adixkidia, eta ago trankil; eztiat salhatuko hire izena, erran zion Manexek.

        Hunek yakin zien Piarres iratze metatzen ari zela handik hurbil. Bere etxeko muthilarekin yuan zen harenganat, bakhotxa zaharo bat eskian.

        —Urde gaixtakin tzarra! orai ikhusiko duk nor nizan ni!

        Bien arthean kendu zazkoten arropak, eta athorra altxatu eta, bizkarretik beherago dugun haragi meta hartan, ze zigorrada, ze eho-aldia eman zakoten zaharo ukhaldika! Toki mamitsu hori zauritua eta odolztatua ezarri zakoten.

        Utzi zutelarik, Piarres, ximixta bezala hurrundu zen handik. Eta ze itxuran! Athorra soineko bakharra, eta eskalapoinekin...

        Bospasei zakhur erausika bazoazin haren ondotik, eta haur andana bat ere, trufaka eta irritan. Etxe batzutan atheak hesten zituzten, ustez eta erho errabiatu bat zela.

        Ba eta bazterretxetar batek, zakhur kalapita hura entzutean, uste izan zuen erbi baten ganik zabiltzala, eta harma edo xixpa hartuta, lasterka yuan zen ihiziaren ondotik...

        Azkenian lehertua sartu zen Piarres bere etxian.

        Eta gero, ohian ahuspez etzana, garrasika ari zen: atx, atx, ai, ei! ai, ei!, gune zauritua gatz eta ozpinez borthizki torratzen zakotelarik...

        Ze irriak egin zituzten herrian zortzi egunez!

 

Iruñen 1935'eko Ephailan.

(La Voz de Navarra, 1935/7/14).

 

aurrekoa hurrengoa