www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

NAHAS-MAHAS
 

        Basakeria

        Gizon odol berodunak suharki sumintzen dira zernahiren ganik, eta herra gorria phizten zitzaiote bihotzian etsaiaren aitzi, edo bekhaitzkeriaz. Egun hautan irakurtu dugu Nafarroa behere hortako herri batian egin duten izigarrizko gaixtakeria.

        Herritar batek bazituen borda batian bilduak axuri edo bildotx parrasta bat, eta norbait han sarturik, mendekuz, hamar bat bildotx ganibet ukhaldika garbitu ditu.

        Bere bihotz gogorra etzaio urrikaldu basa-gizon horri gaixo hobengabeak ikhusten garrasika, lephoetarik odola burrustan, sarraskituak.

        Holako gizon higuingarriak behar luzkete yendeetarik baztertu, eta lephoan burdinezko gathina bathekin untsa estekatuak atxiki. Afrikako bas ihiziak kayoletan ezartzen dituzten bezala, kalterik ez egiteko heinean.

 

        Auteskundeetako kalapitak

        Ilhabete hunen hamaseiaren ephea hurrantzen eta laburtzen ari den arau, gero eta gehiago dabiltza deputadu gaiak eta heien ondokoak eta alderdikoak haro eta harramantza gaitzian bermatzen, zazpi ahalak eginik, eta ahurtaka dohainak hitzemaiten herriaren zoriona ardiesteko, heien hautuaren truk. Horra paper xerrenga ñimiño batekin zonbat gauza emaiten ahal dauzkuten urririk.

        Ez dut ukhatuko badirela gizon bakhar batzu, (zoin guti!) herriaren egiazko maitetasunarenganik sartzen direla saltsa izigarri hortan. Bainan gehien-gehienak bere haundikeriaren gosea asetzeko dabiltza. Eta gero, deputadu izendatzen dituztelarik hantzen dira aphotzarrak bezala, eta begi bazterretik soiten heien herrunkakoak ez direneri. Pitzunak!

 

        Karroin gaitzak

        Iphar-amerikan, Niágara ibaiako zurrunba aiphatuak karroindu omen dira hotz ikharagarri bat eskualde hartan hedaturik.

        Eta futxo, ze hotza izan behar den hein hortaraino heltzeko, zeren eta izigarriko naza hartan hurek egiten dute ehun metrako yauzi bat, ezin sinetsizko oldarrian eta inharrosian yautsirik.

        Eta halere indar horiek oro hotzak garhaitu eta hezi ditu, menperatu, bidian geldiarazi, ezeztatu, mendi gainetako hur xirripa bat izan balitz bezala.

        Diote hotz-beroen izartzeko tresnek hogoita hamar malla hotz alderat ikhertu dituztela.

Hotz madarikatua eta hastiala, ze indarrak ditukan!

        Othoi, etzakala hunaraino heda hire bothere izigarria. Ago hor, bestenaz xahu gaituk xaharrak, ahulduak eta hozperak.

 

        Ze yauzilariak

        Alderdi guzietan khexu dira denbora hitsak ditugula langilleak ezinbertzez alfer, irabazbidiak xuhur, bizigailuak khario. Eta bizkitartian sekhula gizona ezta hain lehiatua izan yostetari oraiko egunetan bezala.

        Alemanian ari dira prestatzen udaberrian han bildu behar diren munduko (sic) guziko gazteriak, yosteta mota guziak ikhusarazteko erresuma bakotxak trebeenak igorririk.

        Yosteta horien arthian badira ere mendi elhurtuetan egiten direnak, lerratzaileak gain-behera ximixtaren xixtian yausten direnetarik. Zapata zolari estekatzen dituzte ohol mehar eta luze batzu, erderaz «ski» deitzen dutena. Eta makhil bat eskuan patarrari behiti abiatzen dira izigarriko oldarrian, eta azkenian, bidian den phezoin edo bixkar batherat igan eta, handik beste alderat sinhets ez diteken yauzia egiteko.

        Ze gohoratasuneko yauzia uste duzie egin duela horietarik batek bere entsegutan?

        Lauetan ogoi metro gohora airez-aire altxatu da!

        Ba eta yautsi ondoan hezurrak bere lekian eta irria ezpainetan...

 

(La Voz de Navarra, 1936/2/12)

 

aurrekoa hurrengoa