www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

OHIDURA ZAHARRAK:
IHAUTERI KARAKOTXAK

 

        Nahiz ihauteriak iragan diren, mintzatu nahi dut Baxenabarrako yostetaz egun horietan.

        Karakotxa da, erdaraz, mascarada deitzen duguna. Ihauteri horietan ohartzekoa de begitarteak ez dituztela kukutzen edo estaltzen, ez ta ere ikhatzarekin emokatzen eta zikintzen, bainan garbiki agerian.

        Benabarren, bereziki Garazin, biziki aiphatuak dira ene herrikoak, Luzaidekoak (Valcarlos), ederrenetarik baitira.

        Horra zer eta nolakoak diren Luzaideko karakotxak.

        Berrogoi bat dantzari, bi lerroetan, bolantak deituak, ederki yauntziak eta aphainduak. Galtza edo pantalón xuriak, sahetsak xingola eta kuxkulaz betheak gainetik beheraino. Espartin xuriak ere kuxkulekin. Athorra-has, aitzina urrezko edergailuz, botoinen ordez. Bizkar eta sorbaldetatik dilindan xingola luze batzu. Gerrian zetazko gerriko gorri bat, floka haundi betekin sahetsian. Eskuak eskularru xuriekin yauntziak, eta burian boneta edo xapel gorria.

        Heien aitzinean doa banderaria, gero zaphurrak, buruetan ardi larru iledun beltz haundi bat, haizkorak bizkarrian eta mantar xuriekin. Horien ondotik gorria palto gorriarekin eta ezpata xut-xuta eskian.

        Bolanten sahetsetan doatzi atxo eta tupinak, yauntzarrak, metro bat eskuan, deneer izari hartzen, eta holako bertze yende irringarri, bai ta ere zaldizkoak soineko ederrekin.

        Bainan karakotxetarik ederrena da Bolant yantza, hain aiphatua, hain eskualduna. Berrogei yantzari horiek trebeenetan hautatuak dira, eta ikhustekoa da badoatzilaik yantzan, xuri-xuriak, lerroak galdu gabe, Arnegirat, auzo herriari agur egiterat, ohidura zaharren araberan. Arnegin dantzatu onduan, eta arno xuri eta bixkotx ausarki yan-edanik, berriz Luzaiderat bazkaiterat.

        Arratsaldean besta haundia. Bolant-yantza, kontra-yantza, yantza-yauzi eta yantza-luzea. Eta gero, Ayui!, ayui! eta irrintzin ozenak. Pertsulariak anartean yendeari irri eginarazten beren atheraldi urragarriekin. Nola hunkitzen dautan bihotza gure haur denborako oroitzapen horiek... hain hurrunduak!

        Doniane-garazitik, Arnegitik, Uhartetik, Lasatik eta Izpuratik yendea trumilka doa Luzaiderat, karakotxetarat, erran bezala, hain aiphatuak direlakotz Garazi guzian.

        Laphurdin eta Xuberon ere badituzte karakotxak idurikoak.

 

(La Voz de Navarra, 1933/3/4)

 

aurrekoa hurrengoa