www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZER GINEN ETA ZER GIREN
(Hirugarrena)

 

        Aitzineko ene bi sailetan mintzatu nintzan Nafarroak zer bide hitsa ereman duen bere haizutasuna edo azkatasuna galduzkioz, oraiko denboretaraino, patarrari behiti erreka zolaraino yuanik.

        Eta ondikotz, hein berean yautsi da ere gure mintzairan.

        Zein izigarriki ihes egin duen eskuarak behereko zelaietatik ipharraldeko mendietaraino, hor kukutzeko, ahalgetua izan balitz bezala!

        Bana zorigaitzez, xoko gerizatu horietarat ere ethorri da uhin beltza: sekula etzitzakeen asmatu lekhuetarat ere yin zauku izurritea. Erdararen kotsua hedatu da bazter guzietarat, legena bezala.

        Nik ez dakit badenetz eskualdunentzat zorigaitz haundiagokorik, deithoragarriorik. Dena den, ixtripu garratzena zait, nere iduriz bederen.

        Erraiten dute odoleko mintzaira galtzen duenari arima bertzelakatzen zaiola, eta mintzo berriaren idurikoa eta heinekoa bilhakatzen dela, zeren eta mintzaira delakotz gure baitaren elhea. Beraz, hola izanezkioz ez da handi, erdaldunduak nola gutiesten duen eskuara. Ez da adosten bere yite eta izaitearekin: arrotz elhea iduri zaio, eta ukho egiten dako.

        Horra zer ondorio izigarriak ekhartzen dituen eskuararen galtzeak. Ahanzkor bakhotxan phizten da etsai bat.

        Berrogoi azken urthetan ikhusi dugun aldatzea, neholere etzitzaikegun sinetsaraziko gure gazterian hain ephe laburrian leize hortaraino yautsiko ginela. Orai berrogoi urthe Iruñen etzen botiga edo denda bat nun eskuara mintzatzen etzenik. Eskualdun baten beharra zuten, eroslearekin mintzatzeko. Zonbait etxetan hamar erosleetarik zortzi eskualdunak ziren, Ultzamarrak, Eugi-koak, Erroibar-koak eta bertze.

        Badakigu Aita Moret-ek bere Anales de Navarra liburuan zer erraiten daukun eskuaraz haren denboran hamaseigarren mendearen erdian. Nola hedatua zen, Erriberako herri hegoaldekoetaraino.

        Eta berriki Gazteizko seminarioko liburutegian agerthu da paper zapar bat zointan ekhartzen daukun Iruñeko aphezpikugoko herri eskualdunak, Nafarroan, 1590-garren urthean. Eskuararen mugak ordian horra noraraino heltzen ziren, Acedo, Ayegui, Estella, Oteiza, Mendigorria, Artajona, Tafalla, Olite, Beire, Pitillas, Murillo el Fruto, Carcastillo. Denak arrunt eskualdunak. Garés-en (Puente la Reina) 1860 garren urthean mintzatzen zen eskuaraz.

        Hortaik ikhusten dugu denbora hartan, Nafarroen hegoaldeko puska bat bakarrik zela erdalduna.

        Egin du bide geroztik elhe arrotzak!

        Eta zer erran Luis Luciano Bonapartek 1860-eko urthean eskuararen mugak finkatu zituelaik oraiko egunetaraino? Ez dea erdiragarri eta ahalgegarri?

        Zerbaitek edo norbaitek erderaren uhaste horri ez balinbadu zalhukara oraidanik zedarri azkar batekin ihardokitzen, ephe laburrik barne xahutuko eta suntsituko da gure eskuara maitia.

        Nola bihurri holako gaitzari, nola berma ixtripu izigarri horren ezeztatzeko, edo bederen ttipitzeko?

        Hori, gu bano adimenduko argiek asmatzekoa da: yakintsuena, Eskualtzale batasunena.

        Nafartasunaren eta eskualdungoaren amodia galduzkioz, ez du bakhotxak bere baitez deusere eginen. Barnian oraino dukeen phindar erdi itzalia, bertze batek behar dako bukhatu, hura phitz dadin, eta garra yalgiarazteko. Su erdi hilak behar du hauskua haren phitzarazteko.

        Horra eskualdun suharraren egin bidea erdaldunduen arthean. Hauskuaren lana egin behar du. Buhatu eta sustatu. Yatzarrarazi barrnan dukeen phindar gordea.

        Eta nola hori? Adimendu uzkurrari yakinaraziz zer ginen aitzineko denboretan, guhauren yabe, gure lege zuhurrekin, Europako erresumek hain goretsiak: nola etsaiak uztartu ginusten. Erakatsiz gure yendakia edo arraza bai eta gure mintzaira ere denetarik zaharrenak direla. Nola munduko bazter guzietan giren goretsiak eskualdunak gure zuhurtasunaz eta leialtasunaz, ba eta ere gure gogo argiaz.

        Hitz batez: lokhartua denari yatzartu behar da. Eskualdun suhar bakhotxak lan hori egin baleza, seurki uzta ederrak ardiets lezazke.

        Nik dituan heineko indarrekin egin lanak eman daute beren mozkinak. Gizon uzkur zonbait inharrosi ditut, eta begiak idokiarazi, geroago gutarra bilhakatzeko.

Erna hor, eskualtzaleak!

 

(La Voz de Navarra, 1934/3/21)

 

aurrekoa hurrengoa