www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE GIZONAK:
BERNAT DETXEPARE

 

        Arras gogotik mintzatzen niz gizon huntaz zeren eta ahantxu ene herritarra delakotz.

        Ehiaralarren sortua zen. Luzaidetik hurbil, eskuaraz lehenbiziko liburua idatzi zuenak, Linguae Vasconum primitiae deithua.

        Ehiaralarre (frantsesez Saint Michel), Doniane Garazitik hiru kilometra urrundua da, hego alderat, ditakeneko toki pollitenian yarria, xoko liluragarri batian, oihan eta phentze ederren artian. Eskualherriko aurkhintza miresgarrienian.

        Holako lekhu goxoan sorthu beharra zen gure gizona! Handik athera beharra zen bihotz eskualdun suhar bat, erhoki gure elhea maite zuena, eta liburuaren egiteko xedea aitzina eremaiteko bere helbururaino ezindua izanikan, etsitu gabe, azkenian hatzemaiten du gizon dirudun bat bere laguntza emaiten dakona, moltsa idekirik!

        Detxeparek, bihotza arras hunkitua holako dohain yoriaz, goresmen haundiak egiten ditu bere phertsuetan gizon hortaz, esker amultsuenak emainik, Bernat Lehet laguntzaile Garaztarrari.

        Eta 1545-an Bordeleko hitz moldetegi batian agerrarazi zuen.

        Nafartar bat beraz izan da idazle lehena gure mintzaira ederrean eta handizki ohoratzen gitu gure arthean sorthu zen gizonak.

        Zonbat eta zonbat ez da idatzi eta mintzatu liburu hortaz, mintzaira zaharren argitzen eta ikhertzen ari diren yakintsuenez Europan!

        Hor ditugu Vinson, Ulhenbeck, L. Luciano Bonaparte, Schuchardt eta bertze, mintzaietaren zeretan gehiago dakitenak, denak eskualtzale suharrak, miatzaile burukoiak.

        Detxepareren liburu hori irakhurtu nuenian, badakizea zerk harritu ninduan oroz gainetik? Ikhustea, ohartzea, miresturik, Garazin orai mintzatzen den eskuara Detxeparen denborakoa dela salbu hitz bakhar batzu.

        Lau ehun urthe iraganik, eskuara ez da aldatu, baztertu edo bihurtu bere bidetik eskualdunen arthean Garazi aldean. Hea ez denetz gauza harrigarria!

        Oraiko Espainiako edo Frantziako yende xehek irakhurri nahi balukete lau ehun urthe aitzineko beren mintzaira, erdizka bezik ez lezakete ulhertu. Hain dira aldatuak gerozkioz.

        Eta guk Academiarik gabe, eta doidoia astian behin irakurtuz elizako liburuak, atxiki dugu mirakuluz behialako edertasunian, garbiki, gure arbasoek mintzatzen zuten bezala.         Eskuararen ithurburuak ez ditugu galdu. Gure elhea mendietako ur-xirripa kotsu gabeko ithurrietan edan dugu, bathere yautsi gabe ur-haundi edo ibaietarat, hok ardurenik garbitasuna galtzen ditutelakotz heien ganat doatzin zikhinkeriaz nahastekaturik.

        Mirakuluzko garbitasun hori, holako dohain yoria, nundik heldu zauku? Miresgarrizko emaitza hori norenganik dugu? Menditarreri esker.

        Horiek dira gure academico hoberenak; heien ganat yuan beharrak dira eskualtzale yakhintsuenak, zerbait argi nahi balin badute.

        Gure gizon miresgarri horiek atxiki eta beiratu dauzkute eskuararen ithurburuak, garbiki eta kotsurik gabe.

        Detxepare (edo berak eskualdunki erraiten duen bezala Etxeparekoak) ageri da Doniane Garaziko khasik auzokoa dela, zeren eta bere phertsuetan ibiltzen du, ez dizit, artu nizin, ez dut, artu nuen, ordez.

        Guk, Luzaiden, xu-ka ari girelaik bakharrik erraiten dugu ez dixit, artu nixin.

        Oraiko egunetako phertsulari eta koplakariek, Detxeparek bezala erraiten dute akhuluia, mirakuluia, akhulu eta mirakulu ordez. Bainan hori kopletan bakharrik sori da.         Sekulan, mintzatzian. Haizutasun hori zilhegi da phertsuaren neurthitza borobiltzeko, eta beraren soinuak beharriaren goxatzeko.

        Gure herriko kantu zaharretan orai ere ibiltzen da diraden, diren ordez, Detxepareren arau.

        «Linguae Vasconum primitiae» liburuan badira ere zonbait (arras guti) hitz Xuberotar.

        Eta berriz ere erran behar dugu zoin harrigarri den ikhustea nola lau ehun urthez ez den bathere aldatu gure mintzaira miresgarria.

        Ba eta gauza bera gerthatzen da Axular-ekin: hunen eskuara irakhurtzean iduri zauku egungoa, oraikoa dela.

        Gogorat yiten zait, oraiko idazleak, gutiz gehienak eskualdun berriak, nola ari diren hitz bihurtu eta herrebesez (beren adimendutik atheraiak), eskuara emokatzen, kotsatzen eta ilhuntzen, gure eskualdun hutsek ezin ulhertzeko heineraino...

 

(La Voz de Navarra, 1934/4/24)

 

aurrekoa hurrengoa