www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

«BORYEL» PHERTSULARIA

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Espainia aldeko eskualdunek eztute ezagutzen pertsulari haundi hau, ez eta bere izena sekula entzun ere, naski.

        Eta bizkitartean Espainiako zen... Bana argitasun bat behar dugu eman hortaz.

        Nere herrikoa zen, Luzaide-koa, bainan gu Espainiari eratxikiak edo lothuak izanikan ere, Benabartarrak, Garazikoak gira, muga egileen gainetik...

        Eta horra zergatik «Manezaundi» izengoitiarekin idazten dituen lerro hauk mintzatzen den hango eskuaraz, Napartarra izanikan ere... zeren eta gure eskuara, gure dantzak, gure ohidura eta aztura guziak, ba eta odoleko lokharriak ere, mendiz bertze aldekoak diralekotz. Iphar aldekoak girelakotz.

        Eta nun da herri hori?, galdeginen dute gehienek.

        Har zazue Nafarroako «mapa» bat, eta iphar aldeko mugan ikhusiko duzie eremu mehar bat, mendiz haraindi Benabarren barne sartzen dena. Eta puntta puntta hartan kausituko duzie izen arrotz bat arras bihurria eskualdunentzat: Valcarlos...

        Hangoa zen «Boryel», gure phertsulari haundia, Bordelenekoa, bazterretx eder eta aberats batetakoa. Bere izena zen, Manez Echamendi.

        Otxalde, Etxaun eta Boryel ziren mendiz bertze aldeko hiru phertsulari aiphatuenak.         Lehen bizikoa, Laphurtarra, bigarrena, Zuberotarra; eta azkena, Baxenabartarra: hiruak hilak; Boryel 1870'an, 80 urthetan.

        Diteken gizonik izaite eta yite ezti eta berexikoa zen, eta eskual kantak eta neurtitzak bihotzian errotik sarthuak zituen. Bainan erran behar dut Benabarren, eta uste dut Laphurdin ere, phertsularia eta koblakaria ez direla gauza bera. Lehenbizikoak dira etxian phertsuak egiten dutenak, eta kantua berari emaiten dakotenak.

        Bigarrenak, koblak egiten dituztenak oste baten aitzinian, edo beste batekin ari dena gai bati buruz ihardesteka.

        Lehenbizikoetarik zen «Boryel», nahiz koblakari ona izanikan ere.

        Omen haundia zuen Benabarren eta Laphurdin. Ehunka utzi dauzkigu bere phertsuak ezin gehiago ederrak.

        Nork ez du ezagutzen hango Eskual herrian bere kanta miresgarria «Lur pian sar nindaiteke»?

        Baztango «Oinazez» abestiaren parekoa da, eta bere histura eztia bihotz zolaraino sartzen dena, amodioaren pairamenak erakusten dauzkatenak, bere bihotz zauritua agerian ezarririk.

        Carlos V'ren gerlan, Zumalakarregi-ren denboran, Luzaide-tik ereman zituzten bortxaz, ahari arthalde bat bezala bahituak muthiko gazte andana bat Donostirat, eta heien artean zen «Boryel».

        Ez dakigu nola eta zergatik La Mota deithu gazteluan sarthu zituzten hobendunak bezala lurpeko gela beltz batian.

        Eta toki hits, ilhun eta heze hartako nekheak ezin yasanez, egun batez ausartatzen dira handik atheratzerat. Eta gaztelu lurpeko ixurginen bidia harturik, ukhurtuak eta kasik herrestan lekhu okaztagarri hartan ardiesten dute kanporat heltzea.

        Bainan, zorigaitzez, han berean eskuratzen dituzte, eta berehala aitzindariek erabaki zuten gaztigu borthitz bat emaitea.

        Bakotxari ehun makhil ukhaldi bizkarrian...

        Eta hemen agertu zen nolako bihotza zien gure «Boryel» phertsulariak. Bere anaia ere harekin zen, hobendunen arthean, bainan osagarri xarrean eta sukharrarekin izanik, Boryelek ezagutu zien izagarriko zigorrada haren ondotik etzela bizirik atherako gaixo anaia.

        Ordian galdetzen du aitzindarier othoi utz dezaten berak hartzea anaiaren ordainak, eta baimena ardietsirik, bere bizkar buluzian emaiten dazkote berrehun makhil ukhaldi...

        Erdi hila, odolztatua, sarraskitua, ereman zuten eritegirat, eta heriotzarekin borroka ibili ondoan, mirakuluz sendatu zen.

        Eta gerthakari latzgarri horiek guziak idatzi zituen phertsu luzeetan.

        Oixtian erran dugun bezala, mendiz haraindikoek denek ezagutzen dituzte «Boryelen» phertsuak eta kantak. Othuruntzetan, phestetan, ostatuan, nun nahi adituko dituzie oraiko egunetan ere.

        Nere herritar phertsulari hau ene luma xumeak nahi izan du argitaratu hemengo eskualdunen arthean.

 

Iruñen, 1935'ko Otsailan.

(El Día, 1935/2/24)

 

aurrekoa hurrengoa