www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ABERATSA BANINTZ...

 

        Eskualduna arras atxikia dela bere xokoari, nihun ez dela lakhetzen hain goxoki nola bere herrialdean. Ametsetan dagola bethi berekoen arterat yoaitea Eskual-herritik urrundua delarik.

        Ukha ez ditazken egiak dire horiek oro. Sortherritik lekhutzen denean sekhula itzaltzen ahal ez den amodio suhar bat alhatzen zaio bihotz zolan. Eta nun nahi egonikan, eta zer nahi gertha diteken bizitzearen gora-beheretan, barneko su phindar hori han dago tente eta berme.

        Eta ez da bathere harritzeko eskualdunaren khar bizi hori. Zertako da eskualduna hain lehiatsu bere sortherriaz? Lehenikan gizon bihotz duna delakotz, eta gero Eskual-herria bezalako toki ederrik nekhez mundian khausitzen ahal ditenetarik baita.

        Zonbait aldiz ez ditut entzun Angles eta bertze kanpoko yendeeri laudorio eta goresmen haundienak gure Eskualherriko edertasunez. Ez dutea deitzen parabisua Ustaritzeko eta Kanboko xoko miresgarri horri?

        Ba eta Angles horiek munduko eskualde guziak kurritzen dituztenetarik dire. Horien lekhukotasunak zerbait balio du.

        Yende horiek hor dabiltza. Benabarren eta Laphurdin sasoin guzietan, udaberrian ala udan, udazkenian edo neguan; hots, urthe guzian, goxotasunaz loriatuak.

        Behin, Luzaiden aditu nintuen bi andere adindu Angleseri, Vosgues eta Auvernia eskualdetatik berriki ethorriak, Orriagatik Luzaideraineko ikhusmen ederragorik etzituztela nihun ikhusi.

        Yakina da ez dutela guziek holako arima eta izaite eztia eta minbera edertasunari ohartzeko eta bihotzaren hunkiarazteko; yende arrunta ere baita mundu huntan, sabeletik kanpo griñarik gabekoak.

        Bainan eskualdunari, gutiz gehieneri, eskolatuak ez izanikan ere, edertasunek barnea hunkitzen dako. Hola da bere yitez eta izaitez.

        Eta hori egia dela frogatzen ahal da ikhustean nola zaintzen duen bere etxea, xuritzen eta thindatzen urthe guziz, zoin maite dituen liliak, nola aphaintzen dituen hilerriak, hobietan direneer orhoitzapena itzali gabe, eta ze begitarte okhaztatua ezartzen duen herrialde agortu eta itsusietarat yuaiten delarik.

        Hitz dautzuet , irakhurleak, ni sosduna banintz banakikela nun eraiki egoitza eder bat eskualdun etxe itxurazkoa, han iragaiteko ene biziaren azken urtheak.

        Bainan hori ez izanikan, urthian hiru ilhabethe bederen nehok ez dait khentzen, osagarria duguno, ene sortherrian egoiteaz urtheko sasoin ederrenian. Bada zerbait.

        Nafarroako ipharraldeak zer aurkintza xoragarriak dituen!

        Nahi balinbaduzie lekhu arkhaitz eta phendoitzdunak hor duzie Erronkariko harana bere harroka haundiekin eta pino oihanekin. Eztixagoko eremuak lakhetago bazauzie zoazte Saraitzuko eskualderat, haritztegi eta phagodiez betheak.

        Parabisuaren eztitasuna eta bihotzaren phausua eta bakhea nahaigo duenak yuan daila Baztango alderat, Auritzeko ordokietarat edo Luzaideko lekhu ederretarat, phentzez estaliak.

        Eta hor ditugu oraino Aezkua, Larraun, Araitz eta Ultzamako ibarrak. Bidasoko erreka eta bertze toki ederrak. Ze aurkhintza miresgarriak!

        Bihotz idorra eta adimendu gogorra izan behar da holako edertasunek barnea ez hunkitzeko. Hanbat gaixto itsuak direnentzat, bihotzaren ordainez iztupa puska bat dutenerentzat.

 

(La Voz de Navarra, 1934/4/3)

 

aurrekoa hurrengoa