www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ODOLAREN LOKHARRIAK

 

        Azken egun horietarik batez bidaia labur bat egin nuen bazkalondoan, autobus batian lekia harturik, eta kausitu nintuen ene ondoan bidaiant lagun, bi eskualdun: bat gipuzkoarra, aspaldian Nafarroako ipharraldean bizi dena, eta bestea baztandarra. Heien eskuara solasian sartu nintzan berehala, eta gizonak bozkariatu ziren ikhustean nola señoritoak ere badabiltzala eskuararen alde, bathere gutietsi gabe gure mintzo ederra, bainan goresteketan garraitiak berari.

        Nik bi eskualdun kausitzen ditutalarik bere mintzoan eleka, berehala lotzen niz heiekin solasian, hori baita ene atsegin goxoena. Eta aldi huntan ere hala nahasi nintzan beren solasaldian.

        Horra beraz, hiruak danba, danba, eskuaraz; ni bethi bezala ikhusarazten gure elearen edertasuna eta bere hitzketa nasaia. Europako hizkuntzen artean nasaiena bere baitako hitzetan.

        Eta ikhustekoa zen nola hiruak elgartaratu ginen, bihotzak haizu utzirik, anaitasun hunkigarrian. Bainan, zer du gure minzairak, gure yendaki edo arrazak, gutarrekin aurkitzen girelarik berehala gure baita erakusten dugula, gure barneko atheak zabal-zabalak idokitzen, yitea eta izaitea agerian ezarririk?

        Odolaren deia! Zer indartasun neurrigabekoa duen, zer lokharri azkarrak dituen eskualdungoak, hain tinki atxikarazteko gutarteko estekamenduak!

        Ene bidaia laburreko gaizo lagunak harrituak eta loriatuak zauden entzuteaz ene laudorio haundiak eskuarari eta gure arrazari; eta berek erraiten zauten: Ba, ba; eskuara bezalakorik ez da eta eskualdarrak munduko gizon adoredunenetarik, lehenbiziko herrunkakoak.

        Doi bat eskolatuak giren eskualdunek behar ginezake asmatu zer ikhusbide eta ondorio ederrak eman dezazkeen yaun edo señorito baten mintzatzeak kartsuki eta suharki yende xeheen artean, gure mintzai ederrean, zeren eta hek ikhustean yaunek gohoratzen eta onhesten dutela, asmatzen dute aldiz ez ditakela hain gutiestekoa nola sobera ardura aditzen duten bezala zonbait yendexkilen artean.

        Hitz batez. Eskuararen gohoratzea eta hedatzea hiri aundietarik abiatu behar dituke. Herriak eta herrixkak etzuketen gordeko eskuara, ustez eta artzainen elea bakarrik denetz, eta guri yarraikiko ziren. Ikhus dezatela ohore haundian dugula gure hitzkuntzaren mintzatzea, kopeta xut urgulluz, ez burua aphaldurik bihotz xumeen araberan.

        Hori eginez pitzaraziko dugu odolaren deia, den lokharririk azkarrena zernahiren ardiesteko.

 

(La Voz da Navarra, 1933/3/28)

 

aurrekoa hurrengoa