www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

PARISEN

 

        Pellok bazien Parisen ahaide bat, lehen kusia, eta bethi ari zatzaikon yuan zaila harat, harekin zonbait egunen pasatzea.

        Erraiten zakon azken aldian:

        —Haugi hunat, ehiz enheatuko, baduk hemen nun yosta eta zer ikhus.

        Pello abiatzen da Frantziako hiri eder nauslari buruz eta harat heltzian, treinetik yaustian han zagon Beñat, bere kusia, haren igurikan. Azkarki biak besarkatu eta badoatzi ahaidearen etxerat, eta askari hun bat egin ondoan hiriko edertasunen ikhusterat atheratzen dira.

        Heldorra ahantxu ezpainetan, harritua eta zozotua zagon Pello, karrika nasai hetako haro, harramantza, eta yendeketa ikhusirik, denak urrats zalhutan.

        —Debrien arima!, bainan errak, Beñat, bethi kalapita huntan bizi dea hemen yendea?

        —Ba, gizona, eta berari yarrizkioz ez gituk ohartzen ere, eta loa ez diaukak kentzen.

        —To, zion Pellok, nahiago diat, ba, gure bazterretxetako ixiltasuna. Lo zurrunga ederragoak egiten ditiauk han, seurki.

        —Ago, ago, yarriko hiz hemengo biziari, ihardesten dako irriz Beñatek.

        Karrika guziak autoez milaka estaliak badoatzi aitzina, eta heltzen dira Eiffel dorre aiphatuaren azpiraino.

        Haren gohoratasunaz izitzen da Pello, eta erraiten dako bere ahaideari:

        —To, arranoen kokatzeko lekhu hauta.

        —Nauka igan giten kaskoraino?

        —Atx! ni ez, seurik. Eliza eta yauregi ederrenak ikhusi ondoan, herriko etxea, deputatuen ganbera, eta holako bertze, yuaiten dira Jardin d'Acclimatation aiphatuaren ikhusterat.

        —Hemen kausituko dituk Pello, gauza ederrak, mundian diren ihizi basa bitxi eta izigarrienak.

        Han sartzian lehoinak ikharagarrizko orro marruman daude, eta futxo, Pellori bihotza dardarikatzen zaio, bainan geroago ikhustean burdinezko kaioletan beiratuak zirela, hatsa hartzen du, ba eta ausartatzen ere heieri hurbiltzea.

        Eta nola ahoa zabaltzian erakhusten zituzten hortzak, eta aztaparretako azazkalak agertzen.

        Pello urruntxago yuanik oihu egiten dako Beñati.

        —Haugi, haugi, soik, soik zer den hemen.

        Eta hurbiltzian ikhusten dute koailako zokho ilhunenian egundaino ikhusi ez den ihizirik izigarriena. Zer othe da hau? Fourmilier deitzen du kaiola aitzineko izkirio batek.

        Han zagon ukhurtua mamu itsusia, buztan gaitz bilhodun bat zabaldua, aztaparrak arras haundiak, eta sudurretik atheratzen zaiko halako buztan luze mehar eta buluzi baten itxurazko zerbait, bustia edo urindua iduri. Gauzarik gohaindigarriena!

        —Ea dakika zertako dien sudur buztan zikhin hori? erraiten du Beñatek. Xinhurri harrepatzeko. Hori duk bere hazkurria.

        —Debriek sardakio! ez litekek ase gure phentzatakoekin, dio Pellok.

        —Ba, ez dituk hemengoak bezalakoak. Hangoak, Africakoak gure kakamarloen heinekoak dituk.

        —Hala izaiteazkioz, baditekek.

        Gero ikhusi zuten zaldiaren itxurako abere bat, bainan haren lephoko luzetasuna harrigarria zen, lau host berga izarikoa

        —Gerezi aldaskak yateko ez dik nekhe haundirik, dio Pellok.

        Debru ziminoak ere bazabiltzan bere kaioletan garrasika eta yauzika.

        Cinema ere behar zutela ikhusi, afal ondoan yuan ziren teatro haundi batetarat.

        Ba eta etzien sekula Pellok hainbeste irririk egin.

        Oihal xuri hartan agertu zen asto eder bat, eta Pelloz ohartu balitz bezala, hari so, beharriak zut zutak, hasi zen arrantzaka. Eta behakoa baztertu gabe ari zen orro eta orro barne guzia inharrosiz.

        Pello irri karkaila urragarrietan lehertua, sahetsak minduak zituen, eta yende guzia hari so irri zalapartan zagon.

        Handik atheratzian, oraino begiak bustiak irri nigarrez, erraiten zien Pellok, buruari inguruka:

        —Bainan, nundik demuntre ezagutzen ahal nu asto debru horrek?

 

(La Voz de Navarra, 1934/3/6)

 

aurrekoa hurrengoa