www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZER GINEN ETA ZER GIREN

 

        Nik erraiterat noana denez arras ezagutua da, bainan Nafarroako gauzak, aitzineko denboretako gora-beherak, bethi erdaraz erranak izan dira: eta uste dut eskuaraz ere behar direla yakinarazi, nahiz laburzki. Hau da nere xedea.

        Nafarroako erresumaz mintzatzen direlarik anitzek uste ohi dute gu Espaina-ri elgartu ginela gure nahikundez. Union hitz hori hola ulertzen dute gehienek. Eta hori ez da bathere egia.

        Espainiarrak hamasei garren lehenbiziko urthetan, xuxenki 1512-an, galdegin zuten Nafartarreri Frantziarekin gudukatu behar zutelako estakuruan utz ditzan Nafarroan gaindi iragaiterat bere gudulariak.

        Espainarrek bazuten bere lurretarik Frantzian sartzeko bertze bide bat, bainan hemendik nahi zuten, yakina.

        Nafartarrek ihardetsi zuten ezetz, debekatzen zituztela hemen sartzea.

        Zer egin zuen ordian Fernando el catolico heien erregeak?

        Aita Sainduaren mezu izun batekin mehatxatuz yakinarazi zuen Nafartarreri Elizatik ohilduak edo iraziak izain zirela, zeren eta gure erregeak adixkide adostuak baitziren Frantziako erregeekin, eta hok Aita Sainduaren etsaiak izanez geroz, herrunka edo lerro berean ezartzen zuztela. Eta beraz, harek guduz ardietsiko zuela Nafarroako erresuma. Yinkoaren izenian.

        Espainiarren erregeak baitzakien zoin minberak ziren Nafartarrak bere girixtasunean uste izan zuen zimardika horrekin bidia legun leguna izain zuela hemen sartzeko eta gutaz yabetzeko.

        Nafartarrek etzuten osoki sinetsi Aita Sainduaren alegiazko mezu hartan eta egin ahalak egin zituzten etsaiari ihardokitzeko eta garaitzeko gure lurretan sartu zelarik. Bainan gure indarrak heienak baino ahulagoak izanik izigarriko gudu latz eta borthitz baten ondotik, eta desmasia eta hiltze haundienak eginik azkenian yabetu ziren bethikotz gure erresuma dohakabeaz.

        Horra nola eratxiki ginuzten bere uztarrari Espainiarrek. Borrokaldi gaitz eta latz bat pairatu ondoan.

        Ohointza hori mendiez hunaindiko alderdian egin zuten, bainan ez harandiko edo Frantzia aldeko Nafarroan, Benabarran. Denek dakigun bezala Adur-eko uraundiraino hedatzen ziren gure eremuak, eta hango hiri nagusia zen Doniane Garazi. Oraino lauetan hogei urthez iraun zuen Nafarroako puska harek. Azkenian hura ere Frantziak ereman zuen, bainan ez nolanahi, azkarki ihardoki ondoan.

        Nafarroa behialako denboretan eskualdun guztienen erresuma zen. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba gurekin zeuden, guziak batetaratuak, odolkidekoekin elgartuak. Emeki emeki autarik berextu eta Espainiari eratxiki ziren beren nahikundez.

        Nafarroa Adin-erdia deitzen zen denboran erresuma azkar bat zen eta Europako gisan moldatua. Denbora heietan Europatarra edo girixtinoa gauza bera zen, izen beraz deithuak ziren.

        Eta nun ziren hameka garren menderaino Europako edo girixtasunaren mugak, Frantziatik behiti? Nafarroako hego aldeko zedarrietan. Handik harat deitzen zuten tierra de moros: moru Afrikatarren lurrak.

        Nafarroa bethidanik girixtino khartsua izanik, hamahirugarren mendean Frantziarekin elgartu eta yuan zen Yerusaleme eta bertze Lekhu sainduen beretzerat, zeren eta Turko-en eskuetan baitziren, heien aztaparretatik kendu nahiz.

        Izigarriko bide luzeak eta nekheak iragan ondoan itsasoz eta leihorrez hurbildu ziren eremu hetarat. Nafartarrek harat heltzeko beren errege Theobalt burian, borroka gudu gaitz bat izan zuten turkoekin Tauro mendiaren azpian, eta aitzina yuan ziren.

        Bainan azkenian Frantses eta Nafarrak etsituak, etsaia ezin garaituz, itzuli ziren, sinets ez ditaken oinhaze pairatu ondoan. Gosete, egarrite, sukharrak, eta ezin erranezko latzkeria guzietarik.

        Bigarren pidaia bat ere egin zuten berantago, bainan deus ardietsi gabe, eta itzultzian hil zen han Nafarroako erregea, Theobalt bigarrena.

        Pidaia huntan, Nafartarrak, etxeratekoan, Grecia-n sarthu ziren eta han egon berrogoita hamar urthe, Atenas hiri nagusitik yabetu ondoan.

        Hamairu garren mendearen hastapenean girixtinotasuna Espainian hedatu zelarik, eta moruak ohildu nahi zituztelarik, Nafartarren laguntza galdegin zuten; eta gu Andaluciako lurretaraino yuan ginen heien laguntzan bizpahiru aldiz.

        Las navas deithu borrokaldian Nafartarrek, Sancho el Fuerte gure erregea buru, garaitu eta xahutu zituzten moruak.

        Moruen erregea eta bere aitzindariak burdinezko gathina hesi baten barnean zauden gerizatuak, bainan gureek hautsi zituzten gathinak, eta han yauzi eginik harrigarrizko sarraski bat egin ondoan, erhautsi.

        Berantago, Frantziako París hiri nagusia Anglesek inguratua eta sethiatua zutelarik (hamalau garren mendean), Nafartarrek beren errege Carlos bigarrenaz kudeatuak, garaitu zituzten Anglesak eta hiri gosetuaren atheak idoki.

        Paristarrek, Nafartarren sartzeari ospe haundiak egin zituzten, eta gure ikhurrinak edo banderak alderdi guzietan landatu hango karriketan, gerthakariaren ohoratzeko.

        Nafartarrek Normandian ere baginituen lurrak, eta Cherbourg itsas bazterreko hiri aiphatua gure menekoa zen; eta hango kanoi eta bertze gudako tresnak hemen egiten ginituen.

        Horra bilduma labur huntan Nafarroako gerthakari larrienak hitz gutiz erranak, ene saila ez luzatzeko.

        Zein ahaltsua zen eta ze kalipu suharrak zituen Nafarroak, bere laguntzak hedatzeko herritik kanpo, Frantzian, Yerusaleme eta Lur Sainduetan. Grezian, eta Espainian gaindi!!!

        Horra zer ginen 1512 garrenaren artio.

        Espainiarrek bereganatu ginituztenian utzi zitzaikun gure fueroak edo lege zaharrak.         Bainan 1839 garren urthian khendu zitzauzkuten. Berantago, 1841-an autalamendu bat eginik zonbait lege zahar, puska ardietsi ginituen.

        Bainan zimiko bat hemendik, eta ausiki bat handik, emeki emeki arrunt edo ahantxu buluzi gituzte gure behialako lege zahar ederretarik.

        Eta ephe laburrik barne Espainiako edozein probintziaren lerroan ezarriko gituzte azkarki uztartuak. Horra zertaratu gituzten. Huna zer giren oraiko egunean.

 

(La Voz de Navarra, 1934/2/13)

 

aurrekoa hurrengoa