www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

NAHAS-MAHAS

 

        Politikeroak erhotuak dabiltza heldu diren hauteskundeetako prestatzen.

        Mintzaldiak, bilkhurak eta hautsi-mautsiak egin nahiz, orai artio ziren etsaiak adosten dira, elkharturik multxo tarro bat biltzeko, eta beste alderdikoeri ihardokitzeko.

        Heien arthian izan dituzten kalapitak eta erasiak batzu bertzeeri gezi phozoindatuak bothaturik, adixkide minak bilhakatu dira etsai gorriak. Dena zimarkunkeriak!

        Hainbeste maltzurkeria ikhusirik, politikako zer horietaz kasetek ekhartzen dituzten idazki luzeak gutiesten eta okhaztatzen ditut, eta ene behakoa ez da han finkatzen, funtsezko berri ohargarri bat ez balinbada agertzen.

        Deithoragarri da ihustea nola gizonen berekoikeriek, gezurrak soineko pollitekin yauntzirik, nahi duten sinetsarazi yende xeheeri heien xedeak zuzenak eta garbiak direla. Eta zozoak bere saretan erortzen.

        Azkeneko astelehen ilhunabarrian, Trufania bezperan, sartu ziren Iruñen Erregeak, Betleemetik hunaraino pidaia luzexko bat eginik, eta herriak ohore handietan ongi ethorri bat egin zazkoten.

        Erregeak, zaldizko bere bizar luzeekin eta heien ondoko ehun bat lagun huñez, denak yauntzi ederrenetan, denbora hetako ber-bereko itxurazkoak, gauza ikhusgarria eta ederra zen heien iragaitea karriketan gaindi.

        Haurrak erhotuak, trumilka zoatzin, guziek Erregeen begitarte beltzak hurbildanik ikhusi nahiz, harrituak eta doi bat beldurtiak ere.

        Gero karrosa eder bathian gaineraino bethia, ekhartzen zituzten haur yostagailuak dohainik emaiteko eritegietan eta serora etxetan altxatzen dituztenen arthian.

        Arrakasta haundiena ukhan zutela, haurren zoriona eginik, hori erran gabe doa.

        Bainan haurrak bere yite aldakorrarekin, bizpahiru egunen burian enheatuko dira hain suharki gutiziatu dituzten gauzetarik. Gizonak ere, ez othe girea berdintsu?

        Ez da zorion iraunkorrik. Ardietsi bezain laster gutiesten dugu, eta berehala bagoatzi berriz beste amets baten ondotik, itsuka, hura ere eskuratu eta bethi bertze zerbaiten ondotik.

 

* * *

 

        Gipuzkoarrek, phertsulariak goretsi nahiz eta behar den heineraino altxatzeko Eskual-herrian dugun gauzarik «gurena», gizon miresgarri horietan, erabaki zuten zoin-gehiagokoak egitea heien arthian urthe guziz, hoberenen hautatzeko eta saristatzeko.

        Aurthengoak hiru lekhutan egiten dituzte lehenikan, Azpeitin, Tolosan eta Elizondon. Herri horietan berexten dituztenak yuain dira gero Donostirat, eta han eginen dute horien arthian beste zoin-gehiagoka nausi bat, denen artheko hoberena saristatzeko.

        Yadanik Azpeitian eta Tolosan egin dituzte hautatze horiek, eta heldu den igandian izain dugu Elizondokoa.

        Orai artio LA VOZ DE NAVARRAk ez du hitzik ere aiphatu hortaz.

        Donostiako «El Día» bi aste badu ori dela mintzatzen egun guziz, eta guk, hemen, ezpainak yosiak ditugu, den gutieneko axolarik gabe, iduriz. Donostiatik badoa autobusetan yende pharrasta bat Elizondora, eta gu, «etxekoek» , ez ginezakea beste hainbeste egin behar?

        Edo bethi pikaren azken umiak othe girea?...

 

(La Voz de Navarra, 1936/1/10)

 

aurrekoa hurrengoa