www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE GIZONAK MARTIN AZPILIKUETA

 

        Hiru idazti eman ditut Nafarroa behialako denboretako gora-beheretaz mintzaturik.

        Gure gizon yakhintsu eta larrienetaz ere nahi dut zerbait erran laburzki, bereziki gehienez gutisko ezagutuak direnetarik.

        Hautarik bat da Martin Azpilikueta, Doctor Navarro izenarekin ezagutua.

        Nafarroa-ko etxe berexienetarik zen, aitorensemea, San Frantsisko-ren ahaide urbila, Barasoain-go yauregiaren yabea, eta han sortua 1491-an. Eskualduna zen, zeren eta denbora hartan ez baitzen, zorionez, oraino sartua erdara lekhu horietan.

        Espainitarrek bethidanik mihia latza, bathere leguna izan dute beren erresumatik kanpoko izenen ikasteko.

        Hamazazpi gisaz (dio Hermilio Oloriz-ek) deitzen zuten Espainiarrek gure yakintsua: Pizcueta, Pazcueta, Pilazcueta, eta holako izen bihurtu eta herrebesekin, ezin xuxenki erranez haren deithura!...

        Eta azkenian, buru hausterik ez ukhaiteko, deitzen zuten El Doctor Navarro, eta izen horrekin hedatu zen haren omen haundia bazter guzietan.

        Azpilikueta, denbora hetako gizon yakhintsu larrienen arthekoa zen, Europa guzian aiphatua.

        Lehenikan Orriagako abatia izana zen, ordian Elizako kargu haundia, Apezpikuaren ondokoa.

        Gero Nafarroatik lekhutu zen, eta bere yakitate haundiaz, Frantzian, Cahors eta Toulouseko eskol-etxe nagusietan erakasle egona, bai eta Salamankan eta Portugaleko Coimbran eskol-etxe buruzagia.

        Berantago Roma-rat yuan zen, eta han ere kargu haundienak ukhan zituen.

        Aita Sainduak kenka nekeetan erabaki zuhurrak hartu behar zituelarik, bethi nahi zuen Azpilikuetaren aholkua aditu, eta berarenganat deitzen zuen, eta hunen xedeak, oharrak eta gogoetak entzuten. Eta zonbait aldiz hunek emanikako argitasunak adituzkioz, aitzinetik asmatu zituen erabakiak aldatzen, Azpilikuetaren oharren araberan yarraitzeko.

        Hortakotz deithua zen Aita Sainduaren Aholkularia.

        Eta Aita Sainduak maite zuen hanbatetaraino, nun sekhula ikhusi etzena ordu artio, Azpilikueta eri gaizki egon zelarik, haren etxe lañorat yuan zen, bere begiez ikhusi nahiz. Gure yakhintsua, bere harriduran belhaunikatzera zohalarik, Aita Sanduak larderiaz, bainan eztiki, debekatu zakon ohetik higitzea.

        Nehok etzuen holako ohore haundia ukhan, eta Roma guzian hedatu zen ezin sinetsizko berria.

        Eta halere gure gizon haundia etzen dremendenik urguluntzitu, hanpurutu, harrotu.

        Yarraiki zuen bethi bezala bere baitako aphaltasuna. Zer ikhasbide edderra haundinahientzat, hain errexki hantzen direnentzat!

        Hortan berean ageri da haren adimenduaren egiazko haunditasuna.

        Roman hil zen 1586-an, eta hango Eliza batian du bere hobi ederra eta haren harrizko iduriarekin.

        Eta ikhustekoa zen ze begitarte eskualduna zuen...!

        Buria adinak ukhurtua. Sudurra luzea eta eroria, begiak urdinak eta biziak, ttipiak, bainan phindardunak. Ahoa mehia, ezpain xokoetan irriño doi batekin; kokotza meharra eta aitzinatua, sudurrari hurbildu nahia.

        Matel hezurrak hertsiak, buru-sahetsak zabalak, kopeta nasaia...

        Hea badenetz eskualdun itxura egiazkorik!

Nik egin nuen behin haren iduria (hori da nere lanpidea, irakurleak), goxoa baitzitzaitan eta ene neurri xumearen heinean ohoratzeko oroitzapen horrekin gure gizon haundia. Ze kharrarekin lothu nintzan lanari!

        Eta Diputazioneak erosirik, han dago yauregiko gela batian nahi duenaren agerian.

 

(La Voz de Navarra, 1934/4/11)

 

aurrekoa hurrengoa