www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ABERRI SOLAS

(Baxenabarreko eskuaran)

 

        Ehun aldiz errana da egia haundi bat. Elhea dela arimaren mintzaira. Eta arraza batek bere hitzkuntza ahazten balinbadu edo sekhula yakhin ez badu, eta arrotza ibiltzen, arrunt bertzelakatzen da.

        Mintzairak arima eta gogo-bihotzak bereganatzen ditu.

        Hain du indar gaitza, nun erran daiteke eskuara ez dakien eskualdunak ez dela gutarra.         Odola gurea du, bainan bere yitea eta adimendua bihurtu dira eta arrotz bilhakatu.

        Horra egia huts-hutsa, borthitza eta hitsa.

        Bainan kenka txar hortan diranen arthean, eskuararik gabe, abertzaletasuna izan ditakea, phizten ahal dea?

        Anitzek erraiten dute ezetz. Nik ihardesten dut baietz.

        Eta erraiten dutanaren egiztatzeko baditugu progak ausarki.

        Eta oraino ausartatzen niz erraiterat Eskual herriaren abertzaletasuna phiztu dutenek, gehienak erdaldunak zirela, hitzik eskuararik etzakitenek.

        Arana-Goiri berak hogoi urthetan etzakien eskuara, eta gauza bera gerthatzen zitzakon Campion-i.

        Denek dakigu abertzaletasuna yende argitu eta yakhintsuen arthean phiztu dela, ez bakharrik Eskual herrian, bainan aberri edo erresuma menperatu eta uztartu guzietan. Gehiago eskolatua da gizon bat eta gehiago phizten zaio abertzaletasuna... bihotza ez balinbadu usteldua.

        Ikhasten du zer ginen behialako denboretan eta zer giren oraiko egunetan nola etsaiak emeki emeki khendu dauzkiun gure legeak eta beren zangopetan ezarri gituzten arthalde bat bezala artzainaren manuz ibiltzeko.

        Jende xeheek, damurik, ez dute izan axola edo griña haundirik gauza horietan, eskualdun hitsak izanikan ere ez baitakite zer ginen, nola galdu ditugun gure lege eder eta zuhurrak.

        Behar dituzte kudeatu, akhulatu, sustatu, barnian duten suhazia eta phindarra buhatu bihotzeko garra phitzarazteko eta hedatzeko.

        Horra ze ondorio ederrak dituen yakitateak, Eskual herriaren iratzartzeko, bihotzaren altxatzeko, adimenduaren argitzeko, ilhunbetan direneez begiak idekitzeko.

        Ezagut dezagun gure herria gure edestia edo historioa eta gure hitzkuntza paregabekoa. Ezagutzatik sorthuko da maitetasuna. Ezagutzen ez dena ez da maitatzen ahal.

        Ze kalte izigarriak ekharri dauzkigun gure itsutasunak, gure ez-axolak, gure lazokeriak!! Noraino yautsi giren mailez-mail erreka zolaraino, gutaz nausi izanikan, sehi bathen heineraino!!

        Bainan ez dugu etsitu behar, zeruko ilhundura hasi da argitzen, odei beltzak suntsitzen ari dira kutsia, eta Madrid'eko diputadu ganbaran oraiko xixtian yuaiten balin badira gure Estatutoaren gogoa beherak, udako argi ederrarekin bathian yinen zauku gure haizutasunaren zathi bat.

        Ez gure zuzenaren araberan behar ginukena eta zor dautena, bainan phuska eder bat gure bihotzen bozkariotzeko.

        Gauzak ez daitela makhur, eta ethor daidala lehen bailehen. Ze hatsperena ardiesten balin badugu!!

        Eta gu Napartar dohakabeak, gure anaietatik baztertuak!

        Naparroako nausiek, «bloque de derechas» delakoek, neholere ez dute nahi elgartu zuekin, higuintzen dute Estatuto Vasco'a. «La Constancia» bezain etsai gorriak dira.

        Bainan ikhusi dutelaik mantxegoek berek ere nahi dutela Estatutoa, alderdi guzietan ez dela bertze solasik, zerbait egiteko (alegiaz), bilkhura bat asmatu dute «Consejeros forales» delakoen arthean, «Estatuto navarro»tik mintzatzeko...

        Beldur dira egun bathez herriak erran dezan ez dutela bere eginbidea bethe, eta axola izpirik gabe Nafarroa utzi dutela errekarat erortzera.

        Eta gathulu salda fluxa hori emain dakote herriari, sinetsarazteko zerbait egin dutela «Estatuto navarro» hortaz mintzaturik.

        Eta gaizo herri sinetskorrak hurrupaka iretsiko gezurño hori...

 

Iruñen, 1936'ko ostaroan.

(El Día, 1936/5/31)

 

aurrekoa hurrengoa