www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

UDABERRIARI AGUR

 

        Heldu hiz hire yauntzi ederrekin aphaindia, nexkato panpina bat iduri, dena edergailu, dena edertasun gure begien liluratzeko, eta gure bihotzian bozkarioa sarrarazteko.

        Haugi, ongi ethorri khartsu bat oihukatzen diaun hire agertzeari, besoak zabaldurik.

        Hi hiz udaren agintzaria eta mezularia. Hire edertasunak agintzen diaun ondoko uda: uda beroa, uzta nasaien sasoina, laborarien selhauruak bethetzen dituenak hik eman dohain eta izantza ausarkiez.

        Hire agertzeaz ihes, beharriak aphaldurik yuan dun negu itsusia, ilhuna eta latzgarria, izoite guzien pairamena, deneez okhaztatua eta higuindua.

        Hail: urrun hadi gutarik, sekula ez hadila ager, oinhazearen eta heriotzaren langile madarikatua!

        Udaberria! Egun luzeak, gau eztiak, argi disdiranta; zuhaitzen eta lilien aldaskatzea eta pinpirinatzea.

        Baratzeak liliez inaurri, kolore eta usain xoragarriek gure begi eta usmaren loriatzeko.

        Eta urrexiñolak sasietan bere kantu ezti eta ozenekin amodioaren galdez, geroxago ohantzearen eraikitzeko xoko gorde eta kukutuenian.

        Ainharak ere, bere hegal mehar eta arinekin, histu saminetan badabiltza airian inguruka mamutxa iresten, eta ixtiletan lohiz mokoa betherik kabiaren egiteko hegats petan.

        Bizitza errephizten da bazter guzietan, eta edertasuna orotara hedatzen.

Agur, udaberri liluragarria, agur.

 

(La Voz de Navarra, 1934/3/22)

 

aurrekoa hurrengoa