www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIDEAK ETA ANAITASUNA

 

        Nafarroak baditu sei erregebide edo karretera mendiz bertzealderat doazinak, eta gure anaiekin lokharri azkarrak hedatzen dituztenak. Bera-tik Doniane Loitzunerat eta beste bat Behobirat. Etxalar-tik Sararat. Elizondo-tik Ainoarat. Errazu-tik Baigorrirat. Eta Auritze-tik Doniane Garazirat.

        Ba eta beste bi erregebide oraino egitekotan dira. Batian ari dira lanian, Eugi-ko mendiari goiti, Urepelerat helarazteko. Bestia Izabatik Santa Grazirat, (Xuberoko herri pollita), egin nahiz, biltzen dire ardura hango eta hemengo auzapezak eta deputatuak. Ari dira ere Aezkoako bidia luzatzen Otxagabiraino. Halaber Uztarrotz-tik Itzaltzuraino. Ez dute, (yakina da, eta ez erran beharra), España mugako probintziek hainbeste bide Frantziarat. Gehienak biga edo hiru ditu, doidoia.

        Horra ba, Eskualherriko eremu eta eskualde eder horiek elgartuak bide ederrez, eskuak emanik Xubero, Baxenabarre eta Laphurdiko anaier.

        Eta zer toki xoragarriak, zer aurkintza miresgarriak!

        Dena edertasun lilluragarriez galkatua. Mendiak, oihanak, errekak, ur xirripak, herri pollitak, etxe xuriak; pentziak eta mendi mazelak arthaldez betheak. Nola ez maite gure Eskual Herria? Nun othe da holako toki ederrik? Nafarroa maitatzeko behar dugu lehenik untsa ezagutu, eta ardura edo usuki yuan ikhusterat iphar aldeko eskualde horiek, damuz, hain guti ezagutuak gehienez. Ezagutzen ez dena ez da maitatzen ahal. «Ezagutzetik sortzen da amodioa» dio erran zaharrak. Iratzar zitezte, ohil zuen gogotik eta biotzetik uzkurtasuna; gure bethiko zorigaitzak hor du ithurburua. Nagi eta uzkur diren herriak bethi egonen dira besten zangopetan, heien manuen azpian, arrotzaren sehi. Horra zer ethorkizuna duten herri lokhartuek. Gure herriaren amodioa iraungiz, itzaliz, yin gira oraiko egunetarat, ezin gehiago hitsak.

        Gu, gu bakarrik gira hobendunak yasaiten ditugun oinhazez: Gure zorigaitzak hemen berean sortu dire, gure artean, bethi liphistan, herrakundez eta bekhaitzkundez lothuak egonik.

        Anartean etsaiak bere lana errexki egin du, eta gutaz yabetu.

 

        Eskual idazleer

        Zer ari zizte hor, ixil-ixilak, Irular, Iru lagunak, Alexander, Aguerre eta beste eskual idazleak? Ez duzea astean behin bederen asti izpiño bat lau lerro igortzeko izparringi huntarat, zuen eskuara pollitean? Egiazko eskualtzaleak, ene ustean, hori behar luke egin, ahal bezanbat idatzi eskuaraz, irakurtzaleak ikhus eta ikhas dezan bere mintzoa erderazko lerroen artean.

        Hitz hauk ez dira zuretzat, Artia adixkidea: badakit zer lan haundiak dituzun goizetik arratseraino egun guziez. Eta halere aski ardura ikhusten ditugu zure eskual idazti pollitak.

        Alo ba: berma hor, eskuaraz idazten dakiten guziek. Utz aLde baterat uzkurtasuna eta nagitasuna. Eskual herriaren alde.

 

(La Voz de Navarra, 1932/11/1)

 

aurrekoa hurrengoa