www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikulu bilduma
Enrike Zubiri, «Manezaundi»
1928-1936, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Artikulu bilduma, Enrike Zubiri «Manezaundi» (Rosa Miren Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

«GAMAZADA-KO» OROITZAPENAK

(Benabarreko eskuaraz)

 

        Izen horrekin ezagutzen den gerthakari haundi hartaz nahi ditut erran zonbait hitz bilduma labur bathian. Eta nik emain ditutan berriak lekhuko batenak dira, zeren eta zorionez, ene begiez ikhusi nuen Nafarroako abertzaletasunaren inharroste suhar hura, gogotik sekhula itzaltzen ahal den oritzapena.

        Gamazo, orduko Ministro de Hacienda, gizon haidorra eta burukoia zen. Erabaki bat hartuzkioz, sekhula hartaik etzen kantiezen.

        Nahi izan zuen Nafarroako fueroak erhautsi eta khendu errotik behin-bethikotz.

        Nafarroa guzia, lau alderdietarik, oso osoa xutitu zen Gamazo'ren aitzi edo kontra, eta gure diputatuak denak Nafartar suharrak eta lehialak ziren. Nik dakita ze eztabaiak ukhan zituzten Gobernuarekin, bizpahiru ilhabethez, bainan, sekhula, gureek hurrats bat ere amor emanik.

        Anartean, Nafarroako herri guziak inharrosi ziren, eta anitz tokitan yende gazteak ari ziren guduan hasteko hurratzen ikhasten. Un, dos...; un, dos...; un, dos. Su hura goiti eta goiti zoan. Eta egun batez, Gares-eko herrian altxatu ziren hamar bat gizon gazte, eta bere xixpa edo harmekin yuan ziren mendirat ta han oihukatu zuten Nafarroaren azkatasuna. Heien aitzindari zen Zabalegi sargentoa, Nafartarra oroz gainetik.

        Hiltzerat kondenatzekoa zen, bainan orduko karlista yaun zuzen eta aberats batek ardietsi zuen Frantzian sar araztea. Yaun horrek berarekin ereman zuen treinean Hendaya-raino, aphez soinekoekin yauntzia gure Zabalegi gizagaizoa...

        Espainia guzian uste izan zuten Nafarroa osoa asaldatu zela, denak mendietarat yuanak zirela gudukatzerat.

        Sagasta, ministro buruzagia, izitu zen, eta galdegin zuen gure Diputazionea yuan zain Madrid'erat harekin mintzatzeko. Eta, badakizea ze erran zuten gure diputatuek gobernuari? «Solamente por deferencia a su invitación hemos acudido. Pero Navarra, a la que representamos, nos ha negado poderes para alterar en lo más mínimo nuestro régimen foral y no podemos discutir sobre este punto».

        Nafarroan yakin zutelarik bere diputatuen ihardeste kalipuduna, bazter guziak inharrosi ziren bozkarioz.

        Azkenian lurrerat botarazi ginuen Sagasta'ren gobernua, eta harekin batean Gamazo, Nafarroaren etsai gorria.

        Gure diputatuak itzuli zirelarik gerthatu zena ez daiteke sinetsi ikhusi gabe...

        Igandea zen. Larunbat arratsean Iruñeko alkateak manatu zuen kafe guziak idekiak izan ziten gau hartan zeren eta igandean goiz goizetik atheratzen zirelakotz trein berexiak Kastejon'erat, (Nafarroa mugako lehenbiziko herria), harat heldu beharrak baitziren diputatuak Madrid'etik hamar ordutako.

        Arrats orhoitagarri hartan, Kanpion eta Oloriz, ordian gazteak, arizan ziren yendeen sustatzen beren mintzaldi beroekin, kafetako mahi gainetan xutituak.

        Biharamunian gure diputatuak ethorri zirelarik Kastejon'erat larre zabal batian prestatua zen aldarea, mezaren entzuteko.

        Berrogeita hamar mila entzule bildu ziren meza hartan. Bizkaitik ethorri zen abertzale oste haundi bat, eta heien buru, Arana eta Goiri'tar Sabin. Lehenbiziko aldiz han hedatu zuen Euzkadiko ikhurrina. Ni gelditu nintzan Iruñen diputatuen sartzea ikhusteko, arratsaldean. Eta Iruñeko geltoki edo estazionean ginelarik ethortzen dira bi treinetan, gipuzkoarrak eta arabatarrak, «Gernikako arbola» denak abesten dugu nigarretan, eta guziak besarkatzen gira bihotzak urtuak.

        Bat batian entzuten dugu diputatuak heldu diren treinaren xixtu bizia.

        —Ze ikhusi ginuen ordian?

        Bi kilometro aitzinago, Biurdana'ko zubiraino, burdin bideko sahetsak yendez leherra betheak ziren, ezker eta eskuin.

Eta ikhusten dugu lehenbiziko treina diputatuekin, dena yendeez «estalia». Igaiteko mailak, bagonen gainak, makina, dena arrunt yende molkoz brokatua, kukutua!!

        Ikhurrinak, oihuak, kantuak, beso inharosiak, izigarriko marruman eta harramantzan, denak erhotuak...

        Harrigarriko oste haundi hura ez lehertzeko eta bagonen gainian zirenak ez erortzeko, sartu zen treina hain emeki, nun makinaren aitzinian heldu ziren, huñez, hamar «guardia civil»...

        Ethorri zen yendeketarekin eta geldi tokian girenekin, asmatzen ahal duzie, irakhurleak, ze othe zen hura!!

        Gure deputatoak karriketan pasatzian, eriak eta xahar ezinduak atheratzen zituzten lehioetarat, beren galdez, bere begiez ikhusteko, bihotzak dardaran, Nafarroaren iratzartze izigarri hura.

        Bost ehun ikhurrin, Nafarroako bazter guzietarik ekharriak bazoazin Diputazionaren ondotik. Eta heien arthean zen Benabarrekoa, Doniane Garazikoekin, mezu suhar bat heiekin ekharririk.

        Gero, elemeniako yendeketa hura bildu zen Nafarroako Yauregiaren aitzinian. Bost ehun ikhurrinak hedatu ziren yauregiko sohailutan.

        Eta azkenian agertu zen Eseberri, Diputatoen buruzagia...Nafarroako zigiluaren gathina egiazkoak eskutan, herriari yakin arazteko Nafartarrek LasNavas-eko gathaskan moruak garhaitu zituzten bezala, ordian ere garhaituko zituztela gure etsaiak, burdin hek bezain azkarrak izanikan ere...

        Hitz horien ondotik entzun ginintuen esku zaflak, oihuak, haroak, eta gorak oraino, berrogoi urtheren buruan burrunbak ez dira arrunt itzali ene beharrietan... Ez itzaliko ere, bizi nizeno.

        Ze garrantzi inobrea eman zakoten Espaiñian gerthakari haundi hari, erraiterat noanarekin ukhain duzie, irakhurleak, haren izaria.

        Madrid-eko kaseta edo izparringi gehienek igorri (bidali) zituzten Iruñerat beren ordezko idazleak eta «Heraldo de Madrid»-ek ekharri zituen «milla eta bost ehun hitz», telegrafoz igorriak: lehenbiziko orrialdea arrunt bethea eta bigarrenaren erdia.

        Eta kontu izan behar dugu denbora hetan periodikuek telegrama gutxi ekhartzen zituztela.

        Nafarroaren etsai samina zen «El Imparcial», eta Iruñerat heltzen ziren guziak, meta bathian ezarri eta, denak erretzen zituzten. Hogoi urthez etzen saldu periodiku hori Nafarran...

        Horra nolakoak ginen lehengoak. Nafar suharrak. Oraikoak, nagitasunian eta axolagabean leiratzen dira hain goxoki...

 

Iruñen, 1935'eko Urrian.(El Día, 1935/10/10)

 

aurrekoa hurrengoa